android, Aplikazioak

Sony Socialife News, eskuragarri Android guztietan

e0a707aaef2444b0db169ba148dea910Sony Xperia motako sakelakoek lehentasunez instalatutako albiste eta sare sozialen irakurgailu propioa izan dute gaur arte: Socialife News. Esklusiboa izateari utzi, eta eskuragarri dago jada Android plataformako erabiltzaile guztientzat. Play Store dendan eskura daiteke. Flipboard, Feedly, Google Currents eta tankerakoek egiten duten moduan, jarraitu nahi diren albiste gune eta sare sozialetan publikatzen diren azken berriak txukun erakusten ditu denbora lerro bakarrean. Bakoitzak nahi dituenak ezar ditzake, automatikoki karga ditzan: Facebook, Twitter, Youtube, lehentasunezko komunikabideak edo nahi diren RSS jarioak sartuta.

Nahi diren berriak geroago irakurtzeko aukera doitu dute. Gainontzeko aplikazioek, normalki, beste zerbitzu batzuk izaten dituzte horretarako. Esaterako, hor daude Evernote eta Instapaper zerbitzuak. Gainera, Socialnews instalatuta dagoen gailu guztiekin sinkronizatzen da; hau da, leku guztietan egoera berean egoten da. Baita mahaigaineko ordenagailuan ere, Windows 8 sistema eragilerako doako bertsioa baliatzen bada.

Android 4.1 Jelly Bean bertsiotik aurrerako telefono guztietarako dago erabilgarri orain Socialife. Sonyrenak ez diren gainontzeko tabletentzat aurrerago doituko dutela espero da.

android, Aplikazioak, Apple, Hardware, Internet, Irisgarritasuna, Jaialdiak, kontzeptuak, Mugikorrak, Multimedia, NFC, Sakelako Telefonoak, Sareak, Segurtasuna, tabletak

Zelatari elektronikoa: iBeacon

iBeacon-akAppleren burutazioa da iBeacon. Telefonoak seinalerik ez duen guneetan eransteko diren geokokapenerako gailu multzoa da. Zeharka aipatu zuten iOS 7 eguneraketaren aurkezpenean; bestelako garrantzirik eman gabe. Eraikinen barrurako posizio sistema gisa merkaturatu, baina, asmakizunekin sarri gertatzen denez, erabilpenak askoz harago joan dira azkenean. Potentzial ikaragarria du iBeaconek, eta azken bolada honetan estandar bihurtzeko bultzada hartu duela dirudi.

Zelatatzeko eginda daude. Jendea leku batetik igaro dela nabaritzen duten lekuko isilak dira. Applek teknologia asmatu du, baina laster batu zaizkio beste enpresa batzuk ingurura. Applek ez, baizik eta Estimote enpresak honezkero merkaturatu ditu aurreneko aleak. Koloretako silikonaz eginda dagoen harri koxkor estalkia jantzi diete gainean lekuko elektroniko txikiei; non-nahi eskegitzeko eranskina eta guzti. Laster gabe, museo, saltoki eta interes turistikoko guneetan ezartzeko asmoa dute. 

Erabilera desberdinak eman dakizkioke Appleren balizei. Oinezkoak antzeman, eta testuinguruko iragarki edota uneko deskontuak eskainiko dizkiete dendetan. Baina, era berean, bezeroen uneko kokapena ezagutzeko, edo baliza duen produktura erosleak gidatzeko balia daitezke. New Yorken eta San Frantziskon saltokiak erabiltzen hasiak dira jada, shopBeacon leloa hartuta. Sekulako erosketa esperientzia agintzen dute. Txikiteoan edo pub crowl eginez tabernaz taberna ibili nahi dutenentzat ibilbidea asmatu dute Manhattan bazter ezagunean. Mauka bereziak eskaini eta bisitariak gidatzeko iBeacon teknologia erabiliko dute datorren maiatzaren 20an. BeaconCrowl aplikazioa eskuragarri dago animatzen denarentzat.

Baina benetako oihartzuna Major League Baseball txapelketari zor dio. Liga horretako iPhonerako aplikazio ofizialean sartuko dute teknologia denboraldi berrirako; eta, besteak beste, zelai bakoitzaren interes guneetako bisitaldiak egiteko, jokoan dagoen partidako jokaldien errepikapenak kargatzeko, edo zelaian ikusleak haien jarlekura bideratzeko gai izango da iBeacon. Paypal etxeak ere Beacon aurkeztu du, erosleek txartelak edo zorroa atera beharrik gabe ordainketak egin ahal izateko, telefonoa soinean eramateko behar hutsarekin; iBeacon lekuko artetik pasatuta, hain zuzen ere. Ilarak aurreratzeko izango ote da, behinik behin.

Major League Baseball iparamerikarreko aplikazioak iBeacon teknologia baliatuko du

Major League Baseball txapelketako aplikazioak iBeacon teknologia baliatuko du aurki.


Wifi seinalearen funtzionamenduarekin alderatu daiteke eredu berria. Eremu batera gerturatzen den iOS gailua automatikoki konektatzen zaio iBeacon. Beti daude sarera konektatuta iBeacon balizak, eta erabiltzailearen eskaera amaraunera bideratzen dute zuzenean. Ez dira Interneterako sarbide puntuak; hala ere, sarea beharrezkoa den lehentasunez programatutako egitekoak bideratzen dituzte. Orokorrean informatzekoa, edo bezeroa gidatzekoa.

Hots, ez dute lehentasunezko informazio berdina etengabe errepikatzen, eta beti daude eguneratuta. Beste abantaila bat da, telefono estaldura edo GPS seinalerik gabeko guneetan ere, konexio horien erabilpena egin dezaketela telefonoek, iBeaconak programatutako betebeharrak egiteko.

Teknologia merkea eta kontsumo apalekoa da. Bluetooth seinalez komunikatzen dira, txiparen laugarren belaunaldiko aldaera baten bidez: Bluetooth Low Energy edo BLE izenekoarekin, hain zuzen. Bateriak bi urte iraun dezake, eta seinalearen eragina 50 metrotaraino iristen da. NFC erako komunikazioa moztu egiten da lau zentimetrotik aurrera, eta bistakoa da alde horrek aukera zabalagoak ematen dizkiola Appleren ereduari. Bien artekoa izango da hurrengo urteetan telefonoetan nagusitzeko lehia.

Honezkero, erabiltzen hasi dira iBeacon erloju adimentsu eta jarduera fisikoa erakusten duten eskumuturrekoak telefonoetara konektatzeko, besteak beste. Bluetooth 4.0 leloa edo eranskina daramaten gailuak dira bateragarriak harekin. 

Bide batez, GPS koordenatuak ere gordetzen ditu iBeacon lekuko bakoitzak. Bat baino gehiago ezar daitezke, eta eginbehar bat bideratzeko puntuak osatu. Honela, telefonoan gertakariak edo jakinarazpenak jaso daitezke eraikin baten sarrera eta irteeran, edota zirkuitu turistikoetan bisitaldi gidatuak osatu.

Aplikazioak, Apple, Kirola, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, tabletak

Born 2 Bike, edozein hiritan alokairuko bizikletan ibiltzeko aukera galanta

born2bikeBizikleta hiriburuetako etorkizuneko garraioa omen da. Eta, horregatik, errepidea gainontzeko autoekin partekatu beharrean, Euskal Herriko hainbat txokotan bidegorriak ezartzearen aldeko hautua egin dute. Dagoeneko leku gutxi dira txirrindulariek ez dutenik haien ibilbide propioa, arriskurik gabe lasai ibiltzeko pedal gainean. Hainbesterainoko erraztasunak emanda, gorakada ederra izan du bizikletak azkenaldian eguneroko zereginetarako. Ez da harritzekoa; garraio osasungarria, desberdina baina, batez ere, ekologikoa baita bizikleta, besteekin alderatuz.

Ingurumari horretan, hiri gehienek dituzte bizikletak alokatzeko zerbitzuak. Leku estrategikoetan jartzen dituzte hartzeko lekuak eta aparkalekuak. Adibidez, tren geltoki inguruan hartu, eta merkataritza zentroan uzteko aukera dago.

Orain, zerbitzu horien erabilpena errazteko Born 2 Bike aplikazioa garatu du gazte kataluniar batek. Batetik, iPhone edo iPada, hirietako bizikleta alokairu zerbitzuak eskuragarri jartzeko, hain zuzen ere. Uneko kokapena baliatu daiteke gertukoena non dagoen jakiteko, baita beste hiri bateko estazioen egoeraren berri jasotzeko: erabiltzailearekiko distantzia eta iristeko argibideak, zenbat leku geratzen diren alokaturiko bizikleta lagatzeko, zenbat geratzen diren alokatzeko, eta zein motatakoak…

Lekua ezagutzen ez dutenek, gainera, Google Street View bidez estazioaren 360 graduko ikuspegia jasotzeko aukera balia dezakete. Erabiltzaileak gogoko dituen zentroen zerrenda osatu dezake gainera,

Munduko hiri askotako alokairu zerbitzuekin da bateragarria, baina, gaur-gaurkoz, Espainian eta Herrialde Katalanetan moldatzen da hobekien. Born 2 Bike deskargatzeko iOS 7 eguneraketa izatea ezinbestekoa da telefono edo tabletan. Doan eskuratu daiteke App Store dendan, eta gazteleraz, frantsesez edo katalanez ipini.