Beste hainbat arlotan gertatzen den legez, telebisten garapenak ere erritmo geraezina darama. Full HD telebistak merkatu eta etxeetan sartzen hasi direnean, oinordeko modernoagoak heltzear daude. Akituta geratu dira 1080p bereizmeneko Blu-Ray pelikulak eta berriaren ateetan dauden bideo jokoen belaunaldia. Full HD estandarra egonkortzeko zain egon gabe, garatzaileek berrikuntza gehiago dakartzate erosleak zorabiatzen dituzten eskaintzetan. Smart TV edo Interneterako sarbidea, hiru dimentsioko edukia erakusteko gaitasuna… azkenean, etxerako aukera egiteko orduan, prezioari bakarrik begiratzen diote gehienek.
Berehalako telebistak: pelikulak, ondo; zuzenekoak, mantsoago
Irudi digital bat handitzerakoan, edo zoom egiterakoan, ikusten diren karratu txikiei deitzen zaie pixel. Beraz, gero eta pixel gehiago, hainbat eta hobe; kalitate hobea lortzen da, eta unitate txiki horiek hor daudela ere bereiztea zailago da. Bereizmen dantza horretan ordena jartze aldera, orain puntakoak diren Full HD pantailek 1920×1080 pixel edo 1080p dituzte. 1280×720 pixelekoa edo 1080i da bereizmen handia deitzeko minimoa, edo HD Ready panelek ezarria. DVD kalitate xumeagoek adinako bi: horiek 720×420 pixelekoak dira. Orain datorren teknologiak lortu du 4.096×2.160 pixeleko bereizmena, eta hortik dator izena: 4K.
Begi bistakoa da aurrerakuntza, edo ez hainbeste: 4K-ko bereizmenari esker, pantailaren pixelak ikusteari utziko dio giza begiak, eta zinema aretoen bizipenetik gertuen dagoen esperientzia lortu, kalitatean eta tamainan. Izan ere, hainbeste pixel sartzeko, pantailek hazi beharra daukate ezinbestean. Dagoeneko erakutsi diren batzuk, 90 hatz-bete izateraino. Hori jakinda, ez dirudi oso zentzuzkoa Japoniatik datorren 8K estandarra, eta are gutxiago, hori ezartzeak dakartzan eragozpenak bere gain hartzeak.
Aurrekoa egonkortu barik, berriak eduki eskasia oztopo
Garestiak diren kamera bereziak behar dira 4K eran grabatzeko, eta dagoeneko ekoizpen handiak gisa honetara filmatzen diren arren —Tarantino-ren Django, Nolan-en Batman, eta Jackson-enHobbit, hainbaten artean—, oraindik telebistako zuzeneko emanaldiak formatu horretan ikusteko asko falta da, inbertsio latza behar dute eta. Alor horretan, erronka handia da, eta arazoak kateatuak daude: hasteko, LTD seinalearen banda zabalerak ezin dio eutsi eskaera berri horri, eta konpresio era berri bat asmatuta ere, egungo sarearen espektro erradioelektrikoari eusteko, etxeetako kodifikatzaile guztiak aldatu beharko lirateke seinale hori berriz iruditan bihurtzeko. Beste hainbeste gertatzen da zinema aretoekin, batzuk jada eguneratzen hasi badira ere. Hala ere, pelikula zaharrek ez dute eragozpenik izango: 35 milimetrotan grabatutako zintetan analogikotik bihurtzen denez, edozein pelikula bihur daiteke 4K formatu digitalera eskaneatuta.
Sony hasi da industria zirikatzen, eta, dagoeneko, Hollywood-eko filmetan 4K edukia ekoizten hasteaz gain, Blu-Ray batek ematen duen Full HD bereizmena 4K formatura bihurtzen duten gailuak eta puntako 4K telebistak erraldoiak merkaturatzeari ekin dio. Urrutirago gabe, uda honetan Berlinen ospatutako IFA 2013 azokan erakutsi zituzten haien eta beste konpainien apustuak; Samsung, LG, Panasonic, Philips eta Sonyk berak erakarri zuten arreta. Hara bildu zirenek hainbat proposamen ikusteko aukera izan zuten, alfonbra gorriaren gainean. Izarrak oraingoan, prezioak: 5.000 eta 15.000 euro artekoak.