Applek itzulketei buruzko politika garbia dauka aspalditik, eta garbi asko ageri da hori iTunes Store zerbitzuaren zehaztapenen eta baldintzen atalean: erositako eta alokatutako produktu guztiak behin betikoak dira haientzat. Ez dela itzulpenik onartzen, alegia. Baina Apple gailuen erabiltzaile gehienei —guztiei ez esatearren —gertatu izan zaie noizbait App Storetik jaitsitako aplikazioak ez zituela haien usteak betetzen, edo akatsak zituela; ez zuela nondik heldu ere, laburki esanda.
Hori gertatzeko arrazoien artean bi nabarmendu daitezke: alde batetik, hango aplikazioen prezioak ez dira oso garestiak izaten; eta bestetik, probatzeko bertsiorik ere ez dago inoiz eskuragarri. Applek jartzen dituen kontrolak zorrotzak izan ohi dira haien aplikazio biltegian agertzeko, baina, hala ere, noizean behin gertatzen da horrelako okerrak salgai jartzea. Orduan, euro pare bat besterik ez bada ere aplikazioarengatik ordaintutakoa eta bueltan eskatzekoa, badago egoerari buelta eman eta dirua jasotzeko eskubideaz baliatzeko bidea.
Itzulera politikaren arabera, Applek ez du inoiz onartuko erositako aplikazioa ez gustatzearen arrazoi bakarra; zaila izango da horrela dirua itzultzea. Hori horrela ez izateko, aurreikusiak dituzten arrazoietako bat izan beharko da abiapuntua, beraz: aplikazioa ez jaso izana, nahi gabe erosi izana, espero bezala ez dabilela, norbere gailuarekin bateragarria ez den bertsioa deskargatu dela, edo erosketa deskargari lotutako zalantzaren bat dagoela.
Izan ere, iragan urtean hainbat erabiltzaileri ziria sartu zieten ofiziala ez zen Pokemon marrazkien aplikazio bat App Store-n jartzean, ibili ere ez zebilelako besteak beste. Orduan, Appleri azaldu beharreko arrazoiak gehiago hurbiltzen dira aurrekotik, erositakoa gorroto dugula esatetik baino. Horregatik da gomendagarria aplikazio bat erosi ondoren norberaren iritzia uztea: idatziz edo batetik bosterainoko izarrak jarriz. Eta are gehiago, besteek utzitako oharrak erosketa egin aurretik kontuan hartzea ere garrantzitsua da.
Dena dela, ez ahaztu aplikazio garatzaileek ere jan beharra dutela, eta benetan oker dabiltzan aplikazioak itzultzeko metodoa edo bidezidorra besterik ez dela hau.
Mac OS aplikazioak
Erositako aplikazioa Mac OS sistemaren azken bertsiotan lehenetsitako App Store-tik jaitsi bada, desadostasuna adierazi beharko den esteka ondorengoa da: https://expresslane.apple.com/GetproductgroupList.action.
Hortik, All Products & Services/ Apps & Software/ Mac Apps/ Mac App Store atalera joan behar da. Ondoren, Other Mac App Store Topics/ Troubleshooting Mac Apps zanpatu eta leiho berri bat agertuko da, mota horretako arazoentzat lehentasunezko konponbidearekin. Interesgarriena, baina, ezkerraldean, behean ikusten den e-posta bidaltzeko esteka da: sistema aukeratu, aplikazioaren izena eta herrialdea. Aurrerago aipatu arrazoietako bat emanez argudiatzen bada, ez da egongo arazorik diru itzulketa erdiesteko.
iOS aplikazioak
Deskargatutakoa iTunes edo norberaren iPhone edo iPad gailutik egin bada, prozesua oso antzekoa da. Esteka beretik abiatuta, kasu honetan joan beharreko atala da ondorengoa da: All Products & Services/ iTunes/ iTunes Store/ Purchases, Billing & Redemption/ Quality of purchased content. Hemen jada zuzenean inprimaki bat bete beharko da, berriz ere desadostasuna azalduta. Bestela, nahiago bada, iTunes programatik egin daiteke eskaera: Account/ See All/ Report a Problem menura joanda, gure erosketen artetik atzera bota nahi dena aukeratu, eta azkenik, lehenago aipatu arrazoietako bat eman beharko da.