Aplikazioak, Software Librea

LibreOffice, bulegotika librea Oracletik at

LibreOffice3Oracle, oso enpresa ezaguna da Informatika munduan Oracle (http://www.oracle.com/) datu baseari esker. Baina, azken bolada honetan, Software Librearen munduan ere pil-pilean dago. Izan ere, Oraclek Sun Microsystems enpresa erosi zuen 2010eko urtarrilean. Sun Microsystems entitateak Java garapenerako sistema edo Solaris sistema eragilea bezalako proiektuen jabea zen. Gainera, MySQL datu base librea eta OpenOffice bulegotika aplikazio multzo librea kudeatzen zituen, eta erosketa honen ondorioz Oracleren esku gelditu dira software librea diren proiektu hauek. Software hauek libreak izaten jarraitzen dute, baina Oracle, orain arte, ez da bereziki ereduzko entitate bat software libreari dagokionez. Beraz, software librearen komunitatearen kide batzuek mesfidantza daukate entitate honek egin ahal duenarekin bi proiektu hauekin eta batez ere OpenOffice bulegotika proiektuarekin. Horrenbestez, LibreOffice adarra sortu dute. Hau da, LibreOffice, OpenOfficetik abiatuta, Sun eta beraz Oracletik at dagoen proiektuaren adar bat da, baina OpenOfficeren ezaugarriekin eta erabilerarekin, hori bai, hemendik aurrera bere bide propioa jarraituko duena. Oraindik beta bertsioa soilik badago ere, hemendik deskargatu daiteke GNU/Linux, Mac Os X eta MS Windows sistemetarako: http://www.documentfoundation.org/download/.

GNU/Linux, Software Librea, Ubuntu

Badago hemen Ubuntu 10.10 Maverick Meerkat

Ubuntu_Maverick_Meerkat3Ubunturen aurreko bertsiotik 6 hilabete pasatu dira dagoeneko eta, beti bezala, garaiz heldu da sistema eragile honen bertsio berria, Ubuntu 10.10, 2010eko 10. hilabetean argitaratu delako. Kasu honetan Maverick Meerkat izena ezarri diote. Hala, bada, betiko Ubuntu Desktop, Ubuntu Netbook, Ubuntu Server eta Ubuntu Netbook adarrak, PCetarako, zerbitzarietarako eta ordenagailu ultraeramangarrietarako, hurrenez hurren, jada eskuragarri daude Ubunturen webgunetik: http://www.ubuntu.com/. Era berean Kubuntu http://www.kubuntu.org/, Xubuntu http://www.xubuntu.org/, Edubuntu http://edubuntu.org/, Mythbuntu http://www.mythbuntu.org/ eta Ubuntu Studio http://ubuntustudio.org/ banaketak ere deskargatu daitezke 10.10 bertsioan bakoitzaren webgunean.

Ez dago aldaketa handirik aurreko bertsioarekiko, baina batzuk oso interesgarriak dira. Netbook bertsioan, esaterako, Interfazearen itxura asko aldatu da. Bestetik, lehenetsitako irudi ikustatzaile bezala Shotwell jartzea erabaki dute Canonicaleko arduradunek. Software biltegia nahiko hobetu da eta GNome 2.31 bertsioa ekartzen du Ubuntu Maverick Merrkatek.

Kubuntun, KPackageKit ere asko aldatu da eta Ubuntu Software Biltegiaren antzekoagoa da bertsio berri honetan. KUbuntuk KDEren 4.5 bertsioa ekartzen du.

Ubuntu One, Interneteko fitxategi biltegia, ere eguneratu da eta gainera Android edo iOS sistemetara hedatu da eta laster MS Windowspean egotea ere espero da.

Aplikazioak, Multimedia, Software Librea

Audioa editatzeko baliabideak

audacity1Irudi edizioa aipatzen bada ordenagailu erabiltzaile askori etortzen zaie burura aplikazioren bat beren irudiak aldatzeko era batean edo bestean. Audioaren kasuan, ordea, ez dira irudien kasuan bezain ezagunak norberaren audioak, abestiak edo soinuak aldatzea eta kudeatzea ahalbidetzen duten aplikazioak.

Hala ere, askotan erabilgarria izan daiteke audioa editatzea. Adibide erraz bat izan daiteke moztea abesti baten zati bat sakelako telefonoan jotzeko deiak jasotzen direnean. Beste kasu batzuetan, audio formatu aldaketa bat egin behar da audioa formatu berezi batean dagoelako eta audio erreproduzigailua ez duelako irakurtzen. Edo besterik gabe audioari efektu bereziak aplikatu nahi zaizkio, ahotsa deformatu, isiluneak txertatu, eta abar.

Audio digitala

Ordenagailuek soinu txartel bat edo gehiago izaten dute. Ordenagailuko oinarri-plakan bertan sartuta egon daiteke edo aparteko soinu txartela izan daiteke. Hala, bada, soinu txartel honen xede nagusietako bat bihurgailu analogiko-digitalaren papera betetzea da. Alegia, ordenagailura heltzen diren soinuak, mikrofonotik edo bestelako sarrera batetik, seinale analogikoak dira eta ordenagailuak prozesatu ahal izateko seinale digital bihurtu behar dira. Alderantziz, ordenagailutik ateratzen diren audioak seinale digitalak dira, eta seinale analogiko bihurtu behar dira bozgorailuetan edo entzungailuetan entzun ahal izateko. Sistema eragilea da gero soinu txarteletik audioa hartzen duena eta dagokion aplikazioari bidaltzen diona eta alderantziz.

Audio fitxategi motak

Bi audio fitxategi mota nagusi aurkitu ahal dira. Alde batetik Pulse Code Modulation (PCM) modukoak, fitxategi mota hauetan soinu uhinean egiten diren irakurketa guztiak gordetzen dira, WAV eta AIFF dira mota honetako fitxategi formatu ezagunetakoak. Beste alde batetik, fitxategi konprimituak egongo lirateke, hau da, algoritmo ezberdinen bitartez, fitxategi hauen tamaina txikitzea lortzen da, mp3 edo ogg, esaterako.


Audacity

Audacity audioa editatzeko aplikaziorik ezagunenetarikoa da, gainera, software librea, doakoa eta MS Windows, GNU/Linux zein Mac Os X sistema eragileetan erabil daiteke. Web gune honetan jaitsi daiteke erabiltzaile bakoitzaren sistema eragileari dagokion bertsioa: http://audacity.sourceforge.net/download/. Webgune honetan http://wiki.audacityteam.org/wiki/Audacity_Wiki_Home_Page, ordea, aplikazioa erabiltzeko jarraipenak eta tutorialak aurkitu ahal dira, gainera wiki eran eta komunitateak elikatuta.

Audacityk mikrofonotik edo soinu txartelaren audio sarrerara konektatuta dagoen bestelako gailu batetik (minikatea edo musika tresna elektroniko bat, esaterako) audio bat grabatzea ahalbidetzen du . Bestela, ordenagailuan jada dagoen audio bat ireki daiteke aplikazioarekin, ondoren, kasu batean edo bestean, audioa edita daiteke edo formatu ezberdinetan gorde daiteke.

Eskaintzen dituen eragiketen artean audio hori moztea, beste audioren batekin nahastea, isiluneak txertatzea, formatuz aldatzea edo efektu ezberdinak aplikatzea daude. Efektuen artean, oihartzuna, kendu zarata, atzetik aurrera, errepikatzea, ekualizatzea, anplifikatzea eta beste hainbat daude.

Aplikazioa euskaratuta dago eta hemen aurkitu ahal da euskarazko tutorial bat: http://www.scribd.com/doc/15788404/Audacity-Oinarrizko-Tutoriala-Euskaraz.

Ardour

Ardour audioa editatzeko zein audioa eta MIDI grabatzeko beste aplikazio bat da, baina kasu honetan, Mac Os X eta GNU/Linux sistemetan baino ezin da erabili. Software librea ere bada eta debalde deskargatu daiteke orrialde honetatik: http://ardour.org/download. Hala ere, hortik, aplikazioa eskuratzeagatik ordaintzeko aukera ematen zaio erabiltzaileari proiektua garatzen jarraitu ahal izateko. Hau da aplikazioaren webgune orokorra: http://ardour.org/.

Beste audio editoreak

Audioak editatzeko beste aplikazio batzuk ere badaude, nola ez, Adoberen Adobe Audition http://www.adobe.com/special/products/audition/syntrillium.html edo Free Audio Editor MS Windows sistemetarako http://www.free-audio-editor.com.