Sistema eragile gehienek, instalatzen direnean, ingurune grafiko bakarra eskaintzen dute. Ingurune grafiko horretan, instalatu eta gero, lehenetsitako ezaugarriak aldatzen joan daitezke eta bakoitzaren gustuaren arabera, ezaugarri batzuk konfiguratzen. GNU/Linux sistemetan ordea, sistema eragilearen nukleoa eta ingurune grafikoa banatuta daude, eta hainbat ingurune grafiko ezberdinen artean aukeratu daiteke. Bai gustuen arabera edo bai ordenagailuen behar eta ezaugarrien arabera. Ingurune grafiko bakoitzak bere ezaugarri bereziak eta bere aplikazio gehigarriak dituzte. Era berean, batzuk baliabide gehiago eskatzen dituzte eta beste batzuk oso baliabide gutxi, ordenagailu zaharretan eta ez oso indartsuetan instalatzeko modukoak. Bat baino gehiago egon daiteke instalatuta ordenagailuan eta horrela, ordenagailuan saioa hasten duen erabiltzaile bakoitzak bere gustuen arabera, bata ala bestea aukera dezake. Erabiltzaile bera ere, sar daiteke batzuetan batekin eta beste batzuetan beste batekin, saioa hasteko pantailan hautatzeko aukera ematen duelako.
KDE
Ingurune grafiko astuna da eskakizun grafikoen aldetik, berezitasun grafiko asko dituelako eta beraz, ez da egokiena ordenagailu zaharrekin erabiltzeko. Euskaraz dago eta ingurunerako garatutako aplikazio gehienak ere euskaraz daude. Ingurune grafiko honetarako bereziki garatuta dauden aplikazio anitz daude eta oso erraz ezagutzen dira, ‘K’ hizkiaz hasi ohi direlako, esaterako Kedit edo Koffice. Hala ere, beste kasuetan bezala, posiblea da erabiltzea aplikazio hauek beste ingurune grafikoetan, aurrerago aipatuko direnetan, esaterako. Era berean, ingurune honetan, beste ingurunetarako prestatutako aplikazioak erabiltzea ere posiblea da.
Gehigarri batzuk ditu, mahaigainean edo panelean gehitu daitezkeenak, erlojua, eguraldia ezagutzeko aplikazioa, kolore bat hautatzeko baliabidea, ilargi faseak, bilatu fitxategia, azken dokumentuak ikusteko baliabidea, multimedia kontrolak, komandoa exekutatzeko baliabidea eta beste hainbat.
Oso konfiguragarria da orokorrean,eta elementu gehienak bakoitzaren gustuen arabera pertsonalizatu daitezke neurri handi batean, bai ingurune grafikoa erabiliz edo bai konfigurazio fitxategiak eskuz editatuz. Bestetik, nahiko erabilerraza dela esan daiteke.
Instalatzeko edozein GNU/Linux banaketatan, pakete kudeatzailea erabiliz, kde izeneko paketea bilatu eta instalatu besterik ez dago. Hau da proiektuaren webgunea: http://www.kde.org/.
GNOME
GNOME oso ingurune grafiko elegantea da, ez da KDE bezain barrokoa, ez dauka hainbeste karga grafikorik, baina oso diseinu txukuna da aldi berean. Horrenbestez, gutxienezko eskakizunak ez dira KDEn bezain zorrotzak. Nahiz eta efektu asko konfigura daitezkeen, hiru dimentsiotako efektuak barne. Oso erabilerraza da eta aplikazio asko ditu. GNOME ingurunerako garatutako aplikazioak ‘G’ hizkiaz hasi ohi dira eta ingurune grafikoa zein aplikazio gehienak euskaraz daude. Kasu honetan ere, paneletara gehitu ahal diren gehigarri edo aplikazio txiki batzuk ditu, erlojua, eguraldia ezagutzeko gehigarria, aplikazio abiarazle arinak, leiho zerrendak, oharrak jartzeko aukera.
Proiektuaren webgune ofiziala: http://www.gnome.org/ da eta ingurune grafikoa sisteman instalatzeko gnome izeneko paketea bilatu eta instalatu behar da.
XFCE
XFCE oso ingurune grafiko arina da eta beraz, eskakizun tekniko handirik ez du behar, oso egokia da ordenagailu zaharretan erabiltzeko, esaterako. Berez, ingurune grafiko soila da, atzealdeko itxura, menu bat, eta panela bera. Erabilerraza da, baina MS Windows eta MacOSX sistemetatik datozen erabiltzaileentzat ez da egokiena, erabilera ezberdin samarra duelako. Aplikazioak abiarazteko, pantailan saguaren eskumako botoiarekin klikatuta, zerrenda agertuko da. Gainera, panelean, gehien erabiltzen diren aplikazio abiarazle arinak ezar daitezke. Ingurune grafiko hau ere euskaraz dago eta aplikazio txiki gehigarri batzuk ere baditu panelean gehitzeko. Beste edozein ingurunetarako prestatutako aplikazioak erabili ahal dira.
Proiektuaren webgunea http://www.xfce.org da eta sisteman instalatzeko xfce paketea bilatu behar da. Euskaraz ere badago.
Beste ingurune grafikoak
Beste ingurune grafiko batzuk ere badaude, Windows Maker, Fluxbox edo Blackbox bezala. Oso oso arinak dira hauek, beraz oso egokiak instalatzeko ordenagailu zaharretan. Alabaina, nahiko ezberdinak dira beste ingurune grafikoekin alderatuta, eta beraz, nahiko zailak izan daitezke erabiltzeko orduan, beste sistema eragile batzuen erabiltzaileentzat.