Aplikazioak, Segurtasuna

Malware aurkako babesa eta doako antibirusak

birus1Oso garrantzitsua da ahalik eta babestuen izatea norberaren ordenagailua edo ordenagailuak, zer esanik ez nolabait, lanerako erabiltzen badira. Izan ere, betidanik birusak eta software gaiztoak egon badira ere, beren hedatze lana asko erraztu da Interneti esker eta are gehiago banda zabalarekin. Birus hitza malware hitza baino ezagunagoa da ordenagailuari kalte egin ahal dion softwarea adierazteko. Hala ere, birusak beste malware mota baino ez dira, izan ere, beste mehatxu asko ere badaude informatika mundu honetan, phising, Troyako  zaldiak, spama, spyware edo har informatikoak, esaterako.

Berez, birus informatikoen xede nagusia, birus biologikoen kasuan bezala, hedatzea da eta ez kaltea sortzea. Alabaina, aipatutako malware mota hauek guztiak kaltegarriak izan daitezke eta kalte egiten diete ordenagailuei gehienetan. Ordenagailuaren baliabideak edo banda zabaleraren erabilera gutxienez suertatu daiteke kaltetuta, nahi gabeko publizitatea ere jaso daiteke, beste kasu batzuetan eta hortik aurrera kalteak askoz larriagoak izan daitezke. Datuak edo sistema hondatzea, edota informazioa eta datuak lapurtzea, esaterako, informazioaren arabera larriagoa izan daitekeena, adibidez on-line bankurako sarbidea, edo beste webgune edo beste aplikazio batzuetarako erabiltzaile eta pasahitzak zein informazio estrategikoa, enpresen kasuan.

Eraso informatikoen kontrako babesa

Sistema babesteko har daitezke neurri batzuk.  Nagusiak dira, ez egikaritzea seguru zer den jakiten ez den aplikaziorik, eta ez ematea daturik ziurtatu aurretik nahi den entitateari ematen zaizkiola eta jakina, ez eman behar baino datu gehiago.

Kontutan hartu behar da, finantza entitateak inoiz ez dituela bere webgunean sartzeko datuak posta elektronikoz eskatuko, beraz, ez zaie kasurik egin behar datu mota hauek eskatzen dituzten posta elektronikoei. Honetaz aparte, beste segurtasun neurri erraz batzuk har daitezke, adibide gisa, ordenagailuan lan egitea soilik egiten ari garen atazek behar dituzten baimenekin, eta baimen gehiago dituzten erabiltzaileekin saioa hastea soilik aplikazio bat instalatu edo sistemaren konfigurazioren bat aldatu behar denean. Bestetik, Internetetik edo beste bide batetik fitxategiren bat jasotzen denean birusik ez daukala ziurtatu behar da eta era berean fidagarria izan behar da webgunea edo bidali digun entitatea edo pertsona.  Halaber, nahiko garrantzitsua izaten da sistema eragilea eguneratuta mantentzea eta badaezpada ere, datu garrantzitsuen ziurtasun kopiak egitea.

Aipatutako neurriek saihesten dute askotan software gaiztoaren biktimak izatea, baina ez dira nahikoak ordenagailua erasoen informatikoen aurka babestuta edukitzeko, beti ere, gomendagarria da antibirusen bat instalatuta edukitzea.

Doako antibirusak

Badaude zenbait antibirus doakoak direnak eta MS Windows sistemetan instalagarriak, ClaimWin antibirusa gainera, software librea da, web gune honetatik deskargatu daiteke http://www.clamwin.com/ eta euskaraz ez dago, bai ordea beste hizkuntza batzuetan, gazteleraz, frantsesez edo ingelesez, esaterako. ClaimWin bateragarria da  MS Windows 7, Vista, Me, 2000, 98, Server 2003 eta Server 2008 sistemetan. GNU/(Linux sistemetarako ClamAV eskuragarri dago helbide honetan: http://www.clamav.net/. Mac Os X sistemetarako ClamXAV deskargatu daiteke hemendik: http://www.clamxav.com/.

Microsoftek ere bere doako antibirusa dauka Microsoft Security Essentials, hemendik deskargatu daiteke: http://www.microsoft.com/Security_Essentials/. Eta antza denez, ondo burutu du lana Microsoftek oraingo honetan. Izan ere, Anti-Virus Comparative erakundearen ikerketa baten arabera nahiko ondo ateratzen da Microsoften antibirusa, hain zuzen ere, malwarea kentzeko orduan ez ezik errendimenduaren aldetik ere emaitza onak eskuratu ditu. Microsoft Security Essentialsek birus, spyware, Troyako zaldi, har informatiko eta beste malware motaren kontra babesten du sistema.

AVG Antivirus aplikazioa ere nahiko ezaguna da doako aplikazio babesleen artean, hala ere, ordainpeko bertsioek askoz babesa handiagoa eskaintzen dute doakoak baino. Hemen daude eskuragarri bertsio ezberdinak: http://free.avg.com

On-line malware azterketa

Antibirus batzuek ere on-line malware azterketa egitea ahalbidetzen dute nabigatzaile baten bitartez eta antibirusa instalatu gabe. Panda Active Scan da horietariko bat eta oso erabilia, hemendik probatu daiteke: http://www.pandasecurity.com/activescan/index/. Hori bai, Panda SecurityEuskal Herriko enpresa izan arren, Active Scan ez dago euskaraz, frantsesez, gazteleraz edo ingelesez bai, ordea. Kaspersky-k ere badauka bere on-line malware azterketa, hemendik erabili daiteke: http://www.kaspersky.com/kos/english/kavwebscan.html eta  Bitdefenderrena erabiltzeko helbide honetara jo daiteke: http://www.bitdefender.com/scanner/online/free.html. Hauek, aukera batzuk dira beste batzuen artean.

Sare sozialak eta Microblogging, Segurtasuna

Buckupify norberaren online datuen ziurtasun kopia

Era batean edo bestean, jende askok bere disko gogorrean dituen dokumentuen kopia egiteko ohitura dauka sarritan edo ez hain sarritan. Zer esanik ez, enpresetan, beren zerbitzarien eta ordenagailuen informazio garrantzitsuaren kopia egiteko ohitura egoten da. Baina, oraingoz oso hedatuta ez dagoena da online datuen ziurtasun kopia egitea, eta garrantzia hartzen ari da kontu hau pixkanaka-pixkanaka. Izan ere, askotan esan den bezala, aplikazioak online erabiltzeko joera dagoela esan daiteke eta gune askotan gordetzen dira bakoitzaren dokumentuak, irudiak, bideoak, agenda, posta elektronikoak, kontaktuak, atazak.

Hain zuzen ere, hau da Buckupifi zerbitzuak eskaintzen duena, Twitter, WordPress, Gmail, Google Docs, Flicker, Facebook, Basecamp, Photobucket, Delicious eta Zoho webguneetan ematen du ziurtasun kopia egiteko zerbitzua, baina, Twitterren besterik ez da doakoa, webgune guztietan egin ahal izateko ordaindu behar da. Zerbitzuaren web gunean daude tarifa ezberdinak eta zerbitzuaren zehaztapenak. Zerbitzua 15 egunetan probatu daiteke dohainik.

Ideia ez da txarra, baina garesti xamarra da, eta doako aukera nahiko eskasa da, soilik Twitterren erabili ahal bada.

http://www.backupify.com

Segurtasuna

Pasahitz indartsuak asmatu

teklatuaNorberaren bizitza birtualean, gero eta pasahitz gehiago erabili behar dira, sare sozialak, argazkiak eta bideoak partekatzeko lekuak, blogak, foroak, webgune pribatuak, hainbat webgune ezberdinetan izena eman behar dute Internet erabiltzaileek. Eta ez hori soilik, posta elektroniko kontuetarako, kudeaketa aplikazioetarako eta ordenagailu eramangarrira edo laneko edota etxeko ordenagailura berara sartzeko ere beharrezkoak izaten dira pasahitzak. Dena dela, estatistiken arabera, pasahitz erabilienak “1234” edo “123456” izaten dira, “qwerty” (teklatuen lehenengo sei letrak ezkerretik eta goitik hasita) edo “password”, pasahitza ingelesez, ere asko erabiltzen omen dira http://www.whatsmypass.com/the-top-500-worst-passwords-of-all-time. Halaber, erabiltzailearen izena bera pasahitz bezala erabiltzen da kasu askotan.

Zaila izaten bada ere, gomendagarria da pasahitz ezberdinak erabiltzea, hori egiten ez bada, behintzat, bai kritikotasun edo pribatutasun bizpahiru maila zehaztu daitezkeela eta maila bakoitzeko pasahitz bat erabili. Alegia, ez da gauza bera foro batean edukitzea pasahitza edo kudeaketarako extranet batean non fakturak, kontabilitate eta bezeroen datuak dauden. Foro guztietan izan ahal da pasahitz bera eta kudeaketa aplikazioetan edo garrantzitsuak diren webguneetan konplexuagoa den beste pasahitz bat.

Pasahitzak asmatzeko erak

Pasahitz sendoa ezartzeko, hiztegietan ez dagoen hitzik erabiltzea gomendatzen da, euskara hiztun gutxiko hizkuntza izan arren ere arriskua dauka eta pasahitz bilatzaile batzuek ere euskara hiztegietan begiratu ahal dute. Bestetik, letra larriak eta xeheak, zenbakiak eta ikur bereziak nahasten dituena eta zortzi karaktere baino gehiago edukitzea gomendatzen da, zenbat eta karaktere gehiago orduan eta ziurrago. Pasahitz hauek gogoratzeko trukuak erabili hala dira. Esaterako, “Ibjzeedei-1963″, horrelako pasahitza berez gogoratzea zaila izango litzateke, baina ez erabiltzaileak gustuko duen bertso edo abesti baten letraren zati baten lehenengo hizkiak badira, eta gero erantsita jaiotze urtea gidoi batekin banatuta. “Itsasoaz Bestaldera Joan Ziren Eta Ez Dira Egundo Itzuliko” bertsoaren hitz bakoitzaren lehenengo letra hartu eta “Ibjzeedei” hitz ulertezina ateratzen da, hor, lehenengo letra edo lehenengoa eta azkena letra larriz jar daiteke, gidoia gehitzen da eta erabiltzailearen jaiotze urtea.

Pasahitzaren luzera handitzeko trukuak ere badaude, esaterako, errepikatu daiteke azken letra, “Berria” izenarekin, “berriaaaaaaa” sortu ahal da sei aldiz “a” letra errepikatuta, kasu honetan kontuz zenbatu behar da, gero!

Bi irtenbide horiek nahastuta, pasahitz konplexuak eta luzeak sortu ahal dira, “Ibjzeedei-1963333333″.

Beste era bat izan daiteke ondo gogoratuko den hitz bat asmatu eta letra batzuk zenbakiekin ordezkatu, esaterako, a letra lau zenbakiarekin, “e” hiru zenbakiarekin, “i” bat zenbakiarekin eta “o” zero zenbakiarekin. Horrela gustuko leku bat pentsatuta, Zuraide izenarekin adibidez, “Zur41d3″ sor daiteke, edo Arakaldo izenarekin “Ar4k4ld0″. Bide batez, ikurren bat gehitu ahal bada, primeran, esaterako “(Zur41d3)” edo “Ar4k4ld0=”. Horrela, nahiko pasahitz seguruak sortu ahal dira baina ez aurrekoak bezain zailak teklatuarekin idazteko.

Ausazko pasahitz sortzaile automatikoak

Irudimena izan ezean, baina oroimena soberan, edo oso pasahitz sendo bat behar izanez gero, ausazko pasahitz sortzaile automatiko bat ere erabil daiteke, hona hemen bi adibide hori egiteko:

http://www.goodpassword.com
http://www.pctools.com/guides/password

Bietan posiblea da zehaztea karaktere kopurua, eta ea ikurrekin, zenbakiekin eta hizkiekin sortuko den edo soilik hizkiekin. Halaber, letra larriak eta xeheak ere nahastuta agertu behar diren aukeratu daiteke.

Pasahitza berreskuratzeko galdera

Webgune baten pasahitza ahaztu denean, era ezberdinetan berreskura daiteke pasahitz hori edo automatikoki berrezartzen den beste bat. Normalean, erabiltzaileak, izena ematerakoan zehaztu duen posta elektronikoan jasoko du berrezarritako pasahitz berria. Baina beste kasuetan, izena ematen denean, segurtasun galdera eta bere erantzuna eskatzen zaie erabiltzaileei. Galdera hori, pasahitza ahaztu denean berri bat ezartzeko eta emateko erabiltzen da. Hau ematen da batez ere posta elektroniko kontuak eskaintzen dituzten webgune batzuetan. Kontuz aukeratu behar dira galdera eta erantzuna. Izan ere, erabiltzailearen bizitzaren oso datu ezagunak izan daitezke, txakur, katu, sendi edo lagunen izenak, beraz, datu hori ezagutzen duen edonork erabiltzailearen pasahitza berreskuratzeko gai izango litzateke.