Aplikazioak, ebook, Internet, Multimedia

24symbols: liburu digitalak sarean

Komunikabideetan bolo-bolo dabilen ekimena da 24symbols. Horrela definitzen dute euren burua: liburu digitalak Interneten irakurtzeko plataforma, lagunekin eta harpidetza eredu bat eskaintzen duena. Sarean, liburuen spotify gisa da ezaguna. Spotifyk musikarekin egiten duen bezala, bi eredu proposatzen ditu 24symbolsek: bata doakoa, eta bigarrena ordainpekoa. Batak zein besteak oinarrizko zerbitzuak eskaintzen dituzte: gure gailutan irakurri ahal izatea, laster-markak egiteko aukera, eta gure lagunek testu bati egindako iruzkinak ikusteko ahalmena. Diferentzia, Spotifyn bezala, iragarkiak txertatzean dago; doako bertsioan iragarkiak erakutsiko dira, eta ordainpekoan, ez.

Gailuei dagokienez, ordenagailu, tableta naiz sakelako telefonoetatik irakurtzea posible izango da, Internet konexioa eta nabigatzaile bat dira beharrezko baldintza bakarrak. Testu eta liburuak hodeian daude osatuak, eta beraien deskarga ez da posible izango.

Badirudi horrelako ekimen baten arrakasta eskaintzen dituen liburuen kalitate eta kopuruaren araberakoa dela. Argitaletxeekin lanean dabiltza 24sybolsekoak, ahal den eskaintza oparoena osatzeko.

Ekainaren 30ean alboratuko dute orain arte darabilten gonbidapen sarrera sistema, eta edonork izango du bertan izena eman eta liburuak irakurtzeko aukera, ordainpeko harpidetzaz edo musu truk.

Aplikazioak, Multimedia, Software Librea

Audioa editatzeko baliabideak

audacity1Irudi edizioa aipatzen bada ordenagailu erabiltzaile askori etortzen zaie burura aplikazioren bat beren irudiak aldatzeko era batean edo bestean. Audioaren kasuan, ordea, ez dira irudien kasuan bezain ezagunak norberaren audioak, abestiak edo soinuak aldatzea eta kudeatzea ahalbidetzen duten aplikazioak.

Hala ere, askotan erabilgarria izan daiteke audioa editatzea. Adibide erraz bat izan daiteke moztea abesti baten zati bat sakelako telefonoan jotzeko deiak jasotzen direnean. Beste kasu batzuetan, audio formatu aldaketa bat egin behar da audioa formatu berezi batean dagoelako eta audio erreproduzigailua ez duelako irakurtzen. Edo besterik gabe audioari efektu bereziak aplikatu nahi zaizkio, ahotsa deformatu, isiluneak txertatu, eta abar.

Audio digitala

Ordenagailuek soinu txartel bat edo gehiago izaten dute. Ordenagailuko oinarri-plakan bertan sartuta egon daiteke edo aparteko soinu txartela izan daiteke. Hala, bada, soinu txartel honen xede nagusietako bat bihurgailu analogiko-digitalaren papera betetzea da. Alegia, ordenagailura heltzen diren soinuak, mikrofonotik edo bestelako sarrera batetik, seinale analogikoak dira eta ordenagailuak prozesatu ahal izateko seinale digital bihurtu behar dira. Alderantziz, ordenagailutik ateratzen diren audioak seinale digitalak dira, eta seinale analogiko bihurtu behar dira bozgorailuetan edo entzungailuetan entzun ahal izateko. Sistema eragilea da gero soinu txarteletik audioa hartzen duena eta dagokion aplikazioari bidaltzen diona eta alderantziz.

Audio fitxategi motak

Bi audio fitxategi mota nagusi aurkitu ahal dira. Alde batetik Pulse Code Modulation (PCM) modukoak, fitxategi mota hauetan soinu uhinean egiten diren irakurketa guztiak gordetzen dira, WAV eta AIFF dira mota honetako fitxategi formatu ezagunetakoak. Beste alde batetik, fitxategi konprimituak egongo lirateke, hau da, algoritmo ezberdinen bitartez, fitxategi hauen tamaina txikitzea lortzen da, mp3 edo ogg, esaterako.


Audacity

Audacity audioa editatzeko aplikaziorik ezagunenetarikoa da, gainera, software librea, doakoa eta MS Windows, GNU/Linux zein Mac Os X sistema eragileetan erabil daiteke. Web gune honetan jaitsi daiteke erabiltzaile bakoitzaren sistema eragileari dagokion bertsioa: http://audacity.sourceforge.net/download/. Webgune honetan http://wiki.audacityteam.org/wiki/Audacity_Wiki_Home_Page, ordea, aplikazioa erabiltzeko jarraipenak eta tutorialak aurkitu ahal dira, gainera wiki eran eta komunitateak elikatuta.

Audacityk mikrofonotik edo soinu txartelaren audio sarrerara konektatuta dagoen bestelako gailu batetik (minikatea edo musika tresna elektroniko bat, esaterako) audio bat grabatzea ahalbidetzen du . Bestela, ordenagailuan jada dagoen audio bat ireki daiteke aplikazioarekin, ondoren, kasu batean edo bestean, audioa edita daiteke edo formatu ezberdinetan gorde daiteke.

Eskaintzen dituen eragiketen artean audio hori moztea, beste audioren batekin nahastea, isiluneak txertatzea, formatuz aldatzea edo efektu ezberdinak aplikatzea daude. Efektuen artean, oihartzuna, kendu zarata, atzetik aurrera, errepikatzea, ekualizatzea, anplifikatzea eta beste hainbat daude.

Aplikazioa euskaratuta dago eta hemen aurkitu ahal da euskarazko tutorial bat: http://www.scribd.com/doc/15788404/Audacity-Oinarrizko-Tutoriala-Euskaraz.

Ardour

Ardour audioa editatzeko zein audioa eta MIDI grabatzeko beste aplikazio bat da, baina kasu honetan, Mac Os X eta GNU/Linux sistemetan baino ezin da erabili. Software librea ere bada eta debalde deskargatu daiteke orrialde honetatik: http://ardour.org/download. Hala ere, hortik, aplikazioa eskuratzeagatik ordaintzeko aukera ematen zaio erabiltzaileari proiektua garatzen jarraitu ahal izateko. Hau da aplikazioaren webgune orokorra: http://ardour.org/.

Beste audio editoreak

Audioak editatzeko beste aplikazio batzuk ere badaude, nola ez, Adoberen Adobe Audition http://www.adobe.com/special/products/audition/syntrillium.html edo Free Audio Editor MS Windows sistemetarako http://www.free-audio-editor.com.

Aplikazioak, Multimedia

Irudiak optimizatu era erraz batean RIOT aplikazioaren bitartez

riotRIOT (Radical Image Optimization Tool) irudiak optimizatzeko aplikazio txiki bat da. Aplikazio honen bitartez pisua jaitsi ahal da irudietan kalitate gehiegi galdu gabe. Irudi bat irekitzerakoan, aplikazioak erakusten du alde batean jatorrizko irudia eta bestean aldaketak egin ostean nola geratzen joaten den.

Horretaz gain beste aldaketa batzuk egitea ere ahalbidetzen du, irudia biratzea, iraultzea edo filtro ezberdinak aplikatzea.

Formatu asko onartzen ditu, batzuk formatu itxiak, Adobe Photoshopen psd formatua bezala, baina gorde, soilik JPG, GIF edo PNG formatuetan gorde daiteke.

Beste ezaugarri interesgarri bat da hainbat irudietan batera eragiketak egitea ahalbidetzen duela da.

Aplikazio hau doakoa da eta MS Windows sistemetarako eskuragarri dago, bertsio eramangarria ere badago USB memorietan eramateko.

Hau da aplikazioa deskargatzeko webgunea: http://luci.criosweb.ro/riot/download/