Ataza kudeaketa, crowdsourcing, elkarlana, formakuntza, Google, Hezkuntza, Internet, Irisgarritasuna, Mahaigaina, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, Sareak, tabletak

Google Calendarren erabilerak

google_calendarBehar bati erantzuteko pentsatu, diseinatu eta eraikitzen dira aplikazioak printzipioz. Ondoren, ustekabeko aldagaiek produktuaren azken erabilera eralda dezakete. Adibidez, egoera batzuetan, tresna baten funtzioak sortu zenekoa izateari uzten dio, eta erabiltzaileek emandako erabilpenak ordezkatzen du. Bereganatu, nahi denerako erabili eta gauza berri interesgarriagoak lortzeko joera erakusten du kontsumo digitaleko komunitateak. Era honetan, ordainduta eros daitezkeen proiektu kudeatzaileak bezainbesteko zerbitzua eman dezake Google Calendarrek.

Google Calendar ere, berez, eguneroko egitekoak gogorarazteko balio duen doako egutegia da, baina, era berean, edozein proiektu kudeatzaile ordezkatzeko balio dezakeen alternatiba sinple eta ahaltsua da. Googleren gainontzeko hodeiko bulegotika aplikazioen gisara, sarbidea lortzeko nahikoa da Gmail kontua edukitzea, eta bilatzailean jarrita aurkitu.

Partaide askoren lankidetza posible egiten duen heinean, Google Calendar baliagarria suertatuko zaio taldeak eta proiektuak txukun kudeatu nahi dituen orori. Horrela, denbora lerroak, entregatze-datak, nahiz bestelako datu esanguratsuak kontrolatzeko eta bezeroekin partekatzeko balio dezake. Era berean, hezkuntzan, lan munduko bizipenak simulatzeko ere oso erabilgarria da. Hala, bada, zeregin baten epeak eta faseak zehazteak garrantzia duenerako, oso tresna baliagarria izan daiteke lana antolatzeko eta planifikatzeko orduan.

Etekina ateratzeko jarraibideak

 Sortu egutegi bat proiektu bakoitzeko. Egutegiak izendatzeko orduan, komenigarria da proiektu bakoitzaren urtea haren izenarekin batera adieraztea. Izendegi egokia erabiltzeak horietako bakoitzaren sailkapena eta bilaketa erraztuko dituelako.

 Egutegi hori partekatu. Proiektuko partaideekin partekatu egutegia. Bezero edo irakaslearekin ere parteka daiteke, epeen berri izan edo jardueren jarioaren jarraipena egitea beharrezko balitzaie.

 Denbora lerroa atazekin osatu. Jarri egitekoak egutegian, itxarotako hasiera eta amaiera datekin. Horrekin, informazio xehez osatutako proiektu denbora lerroa bihurtuko da egutegia.

 Bezeroen sarbidea kudeatu. Litekeena da informazio guztia denen bistara jarri nahi ez izatea. Google Calendar ez dago prestatuta horri erantzuteko. Hala ere, lasterbide gisa egutegiaren kopia bat egin daiteke, informazio tekniko gutxiago eta orokorragoa sartuz.

 Arazoak eta ustekabeak kudeatu. Planifikazioek atzerapenak eta ustekabeak izaten dituzte halabeharrez. Arazoren bat ageri denean, beste ataza bat sortu egun guztirako iraupenez. Kideek ikusi ahalko dute, eta hori konponduko dute edo aintzat hartuko dute, behinik behin. Egun horretan konpontzen ez bada edo eraginak jarraitzen baldin badu, klik egin, eta hurrengo egunera arrastatu daiteke ataza.

 Erabili hashtag ‘#’ edo traolak. Google Calendarrek bilatzailea dauka, eta datu base bat bezala erabili daiteke. Egitekoei etiketak gehitzeak, aurretik egindako antzeko jarduerak berreskuratzea errazten du kontsulta egiteko orduan.

 Informazioa esportatu. Hainbat formatutara esporta daitezke proiektuen egutegiak (PDF adibidez), eta momentuan txosten gisa jaso. Horretarako, egutegi baten gainean jarri, eskuineko gezia klikatu eta Egutegiaren Ezarpenak hautatu; Egutegiaren Helbidea ataleko HTML botoia sakatu, eta klik egin azaltzen den estekan; azkenik, inprimatzeko aurrebistan ageri den inprimagailuaren ikonoa aukeratu, eta Gorde Honela botoian emanda, prest egongo da PDF formatuan gordetzeko aukera.

Sakelakoan ohartarazpenak konfiguratzeko

Honetaz guztiaz gain, Google Drive aplikazioa erabili eta karpeta bat taldekideen artean partekatzea ere komenigarria da. Hor dauden dokumentu guztiak gonbidatzen diren partaide guztientzat eskuragarri egoteko balioko baitu.

Are gehiago, lankidetzarako prestatuta dagoenenez, dokumentu baten gainean elkarlanean eta aldi berean egindako eguneraketak ere denek jasoko dituzte berehala. Era horretan, dokumentuen bertsio ezberdinen arazoarekin amaitu daiteke.

Esandakoaz gain, proiektuaren egutegiaz etengabe eguneratuak egon nahi duten erabiltzaileek, telefonoan edota tabletan konfigura dezakete zerbitzua; hitzorduen, faseen edo epe mugen alertak jasoko dituzte. Google-ren laguntza orrialdean edo https://support.google.com/calendar/ helbidean zehazten dira pausoak, Egutegi bat nola inportatu, esportatu edo sinkronizatu atalaren barnean.

 

android, Aplikazioak, Apple, formakuntza, Hezkuntza, Internet, Irisgarritasuna, Mahaigaina, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, tabletak

Elhuyar ZTH Hiztegia, iOS eta Android-etan pronto

elhuyar2Irailetik eskuragarri dago, dohainik, Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa aplikazio gisa. iOS eta Android euskarrientzako prestatuta dago. Zientzia eta teknologia arlo guztietako informazioa biltzen duen euskarazko lehen hiztegi entziklopedikoaren aplikazioa da. Webgunean eskuragarri dagoen guztia, aurrerantzean sakelako eta tabletetan ere era erraz batean kontsultatu ahal izango da. Proiektu hau, zientzia alorretan sailkatutako 1.500 irudiz apaindutako 23.000 kontzeptu inguru dituen hiztegia da.

Oso aplikazio interesgarria da zientzia edo teknologiari buruzko informazio orokor eta eguneratua behar duen edozeinentzat: DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasle eta irakasleak, kazetariak, itzultzaileak, gurasoak… Kontsultak egiteko aukerak ere zabalak dira, eta sartu nahi den hitza euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez edo latinez egon, emaitza berdin jasoko da. Itzulitako emaitza horrek, sartutako hitzaren euskarazko definizioa bueltatzen du, eta hitz horren ordainak, berriz ere, aipatu hizkuntzetan.

android, Aplikazioak, Apple, Mugikorrak, NFC, qr kodea, Sakelako Telefonoak, tabletak

Elgeta Memoria edo Intxortako Bataila bertatik bertara bizitzeko aplikazioa

web-banner_contentElgetako Udalean, Intxortako borrokaldien berreskurapena eta herriko bestelako baliabide turistikoak modu berri eta ezberdin batean plazaratu dituzte. iOS eta Android gailuentzako aplikazio baten bidez, alegia. Motzean, Elgeta Memoria aplikazioa instalatu eta lekura bertara hurbiltzen direnek, Intxorta mendiaren magalean 1936-37ko gudan gertatutakoen kontaketa jasoko dute.

Interesgune ezberdinetako informazio-fitxa, bideo eta audio-gidak eskuratzen dira sakelakoan, QR kodigoak eta hurbileko irrati uhin bidezko komunikazioa edo NFC puntako baliabideak erabiliz. Hala, bisitariek ibilbidea egin eta kokaleku zehatz batzuetatik pasa ahala, besteak beste, tiro hotsez girotutako pasarteak interaktiboki jasoko dituzte, gertaeran murgilduz bisitaria. Bakoitzak bere airera, eta bidean ezarritako kodeei argazkia ateraz, nahiz telefonoa panelera hurbilduta funtzionatzen du.

Intxortako ibilbide tematikoa arindu, erabat multimedia bihurtu eta Euskal merkatuan parekorik ez duen baliabidea da. Elgeta Memoria doakoa da App Store eta Google Play-n. Bestelako gailuetatik sartzeko, http://elgetamemoria.com/ helbidetik egitea dago.