android, Aplikazioak, Apple, Mac, Mahaigaina, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, Software Librea, tabletak, Windows

Telegram mezularitza, Androiden euskaraz dagoeneko

mzl.mrljtkosBolo-bolo dabilen berehalako mezularitza aplikazioa da Telegram. Gainontzekoekin alderatuz, indargune garbiak ditu: mezu sekretuen trukea ahalbidetzen du; talde handiagoak osa daitezke; bakarrik suntsitzen diren aldi baterako txat sistema du; doakoa eta publizitaterik gabekoa da. Gainera, nahi den lekutik konektatzekoa da: Android, iOS, Windows eta MacOS sistema eragiletarako topatuko dugu.

Software librean eginda dagoela baliatuta, Bitarlan eta Gauekok itzuli egin dute aplikazioa. Aurrena gaztelerara eta ondoren euskarara itzuli dute. Software librearen abantaila ulertzeko amonaren pastelaren konparaketa erabili ohi da: pastelarekin batera (aplikazioa) errezeta banatzen da (iturburu kodea). Behin osagaiak eta pausoak jakinda, dakienak hobetu dezake. Telegram, era honetara hobetu dute GPL lizentziaren babesean.

Egitekoak eginda ere, egun batetik bestera ez dira aplikazio biltegiak eguneratzen. Telegramen sortzaileek sisteman txertatu zain egon beharko da, oraindik, euskaraz ikusteko.

Androiden euskarazko bertsioa

Bertsio ofiziala argitaratu artean, zain egon nahi ez duten ipurterreek Telegram euskaraz instala dezakete. Android sistemak honelako lasterbideak onartzen ditu; hots, Google Play dendatik kanpoko aplikazioak instalatzea baimentzen du norbere ardurapean. Behin-behinekoa instalatzeko:

Dagoeneko Telegram aplikazio ofiziala instalatuta izanez gero, desinstalatu; aplikazio hau Google Playtik ez denez instalatzen, Android ezarpenetara joan, eta Segurtasuna atalean: Baimendu iturburu ezezagunetako aplikazioak instalatzea gaitu; deskargatu aplikazioa hemen dagoen loturatik: http://bitarlan.net/telegram/Telegram-Euskaraz1.3.7.apk; Android telefonoaren pakete instalatzailearekin irekiko da; behar diren baimenak onartu, eta Instalatu botoia sakatu.

Telegram euskaraz agertuko da horrekin. Gainera, Telegram bertsio hori euskaraz besterik ez dagoenez, Android sistema beste hizkuntza batean duenak ere euskaraz ikusiko du Telegram.

Bertsio hau 1.3.7 bertsioan oinarrituta dago, hau da, publikoa den bertsio zaharrenean. Bertsio berriena Google Play-en 1.3.17 da. Hori publiko egiten dutenean eguneratuko dute Bitarlanen webgunean.

Itzulpenari buruzko iradokizunak bidaltzeko Bitarlan epostara mezua bidal daiteke.

android, Aplikazioak, Apple, Jokoak, Mahaigaina, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, tabletak

Arkatzezko marrazkia bideo joko bihurtzeko alimaleko burutazioa

ipad-floors-progressionDonkey Kongen upelak maldan behera saihesten, edo Mario eta Luigi anaiekin batera perretxikoak batzen; bi dimentsioko bideo jokoetan jolasten ziren 1980 eta 1990eko hamarkada arteko belaunaldiak. Erronka handiagoen bila, haien maila propioak paperean marraztu eta bideo jokoak sortzearekin amesten zuenik ere bazen, tarteka.

Belaunaldi horietako haurrak zein oraingoak, amesteari utzita, bi dimentsioko bideo jokoen mailak diseina ditzakete eta haietan jolas daitezke orain. Merkatuan parekorik ez duen ideia da Pixel Press Floors, telefonoetarako, tabletetarako eta webetarako aplikazioa.

Nahikoa izango dituzte gailu gutxi batzuk eta irudimena: arkatza, papera, inprimagailua eta telefono edo tableta bat. Haien atarian deskargatu behar da txantiloia, eta inprimatu; ondoren, orriaren laukitutako eremua bete argibideak jarraituz; amaitzean, kamerarekin argazkia atera, eta bideo jokoa egingo da. Pantailak igo eta lagunekin parteka daitezke, baita besteek egindakoetan jolastu ere.

Finantzaketa kolektiboari esker, egia bihurtu dute, hasierako eskabidea aspaldi beteta. Baina oraindik ez dago eskuragarri. iOS plataformarentzat martxorako iragarri dute, eta Androidentzat, berriz, ekainerako. Bideoak ikusteko, txantiloia jaisteko, edo informazio gehiagorako:http://projectpixelpress.com/.

 

Apple, Mac, Mac OS X, Mahaigaina, Microsoft, Ofimatika, Sistema Eragileak, tabletak

Appleren udazkeneko loreak

Appleren udazkeneko loreaLondresko Keynote bilkuran aho bete hortz utzi zuen mundua Applek. Bosgarren belaunaldiko iPad berrien aurkezpena eta Mac ordenagailuentzako sistema eragilea doako egitea izan ziren berrikuntza nagusiak. Beste hau ere ederra: Apple gailu berri bat erosten dutenei doan emango dizkiete iWork bulegotika paketea eta iLife multimedia programa bilduma.

Bestelakorik ere ekarri zuen urriak Cupertinoko enpresan. IOS 7 telefonoentzako eta tabletentzako eguneraketa eskuragarri dago iPhone eta iPadetan. Itxuraz, eguneraketen eta baliabideen kudeaketa naturalagoa ekarri ditu horrek. Ondo dagoena imitatzea zilegi da, eta Android sistemari kopiatu dizkiote jakinarazpenen goiko txokoa, atzeko planoko aplikazioen kudeaketa eta konektatzeko teknologien beheko panela.

Doan eman, geroago jasotzeko

Mac ordenagailuen sistema eragilearen azken bertsioa doan emateko Appleren erabakiak interpretazio asko izan ditzake. Hasteko, bistakoa da hura deskargatu eta erabiltzera ausartuko direnak gehiago izango direla. Eta horrek, beste sistemetako bezeroak erakartzeaz gain, software denda itxira edo App Storera bideratu ditzake audientzia berriak. Ez da salbuespena gainera, estrategia aldaketa baizik. MacOS X Mavericks honetaz gain, ondorengoak ere horrela izango dira. Applek egoera berria baliatu zuen Microsoft lehiakidea zigortzeko. Windowsen eta Officen ordainpeko lizentziak kritikatu, eta haien baliokideak Mavericks eta iWorks goraipatu zituen, alegia.

Tableta hoberenak izaten segitzeko iPadak

IPad Air eta iPad Mini Retina berriak aurkeztuta, tabletetan parekorik ez duela erakutsi du berriz ere Applek. Nexus lerroko tableten erronkari eutsi, eta gainerako lehiakideekin aldea handitzea lortu dute oraingoan. Kalitatea areagotu, eta besteek eskaintzen ez dutena dakarte iPad berriek. Beste behin ere, tableten merkatuan erreferente izatera itzuli da iPad marka, Air eta Mini aldaerekin. Salgai daude azaroaren 1etik Euskal Herri osoan. Zurian edo beltzean eros dezakete erabiltzaileek.

IPad Air da Appleren harribitxia, eta aurreko bertsioak baino arinagoa izateagatik datorkio izena. Tabletaren hamar hazbeteko tamainari eutsiz, markoa %43 txikitu diote, pantailaren mesedetan. Lodiera eta pisua ere murriztu dizkiote, 7,5 milimetrora eta 453 gramora, hurrenez hurren.

Beti esan ohi da tabletak nahiko erraz hausten direla. Halakorik gerta ez dadin, inoizko iPadik gogorrena omen da honakoa, gainera. Hardware aldetik, berriz, etxeko A7 prozesagailua jarri diote. Eta, horri esker, aurreneko iPada baino zortzi aldiz bizkorragoa eta grafikoki 72 aldiz ahaltsuagoa da.

Gailuaren beste zehaztapenak aipatze aldera, 5 megapixeleko iSight kamera dauka. 1080p bereizmeneko bideoak grabatzeko balio du kamera horrek, besteak beste. Aurreko aldeko FaceTime HD kamera aldatuta, bideokonferentzien kalitatean jauzia nabaria da. Alde bitarako mikrofonoa dauka; horrela, aldi berean hitz egitea dago, solaskideek elkar zapaldu gabe. 479 euro balio duen wifidun sinpleenetik hasita eta 699 euroko LTE konexioa duen iPadera, bertsio desberdinak dira merkatuan jarri dituztenak.

Gainera, iPad Mini edo Appleren 7 hazbeteko tabletaren urteurrenean, haren eguneraketa merkaturatu dute. Mini Retina jarri diote izena. Pantailaren bereizmena 2.048×1.532 pixeletara igo, eta iPad Air handiagoenarekin parekatu dute. Honi ere A7 txipa txertatu diote, handiaren antzeko errendimendua lortu ahal izateko.

Hala ere, gutxiagorekin nahikoa dutenek, aurreko iPad Mini txikia eskuragarri izango dute dendetan, Mini Retina berriak ez baitu ordezkatuko. Zaharra 299 eurotik hasita dago salgai, eta berria 399 eurotik aurrerako bertsioetan merkaturatzea erabaki du Applek.

Berrikuntza horiek gutxi ez balira bezala, itxura guztien arabera, 13 hazbeteko iPada ere laster iragarriko dutela zabaldu da hainbat lekutan.