Google, Internet

GMail posta kudeaketa aplikazio bezala

emailAukera asko egoten dira dagoeneko posta elektronikoa irakurtzeko, ordenagailuan, mahaigaineko aplikazio batetik, sakelako telefonotik edo web postare-en bitartez, alegia, internet nabigatzaile batekin. Zerbitzu askok eskaintzen dute posta azken era honetan, Yahoo, Hotmail edo GMail dira ezagunenetarikoak. Mugikorrean posta mezuak irakurtzea, abantaila handia da, zeren eta telefonotik bertatik baitaude eskuragai bidalitako eta jasotako mezuak beti. Hala ere, telefono gailuak zein sistema eragileak eta interfazeak hobetzen joaten badira ere, oraindik, askoz erosoagoa da ordenagailu batetik irakurtzea eta idaztea. Mahaigaineko aplikazio batean posta kudeatuz gero, era eroso batean kudatzen da posta elektronikoa, kontu bat baino gehiago irakurri ahal izaten da eta gainera, askotan aparteko gehigarriak gehitzen dira funtzio berriak eta posta zerbitzua osatzeko, baina printzipioz, soilik konfiguratzen den ordenagailutik irakur daiteke. Web posta, ordea  Internet edukita, edonondik irakur daiteke, sakelako telefono batetik ere bai, baina web postarako interfazeak eta erabilera, astunagoa eta motelagoa izaten da, gainera era honetan ez da egoten mahaigaineko aplikazio batean beste funtzionalitate gehigarri. Hala ere, arlo hau joan da hobetzen eta AJAX ( Asynchronous JavaScript And XML) bezalako teknologiak erabilita lortu da web posta interfazeak arintzea eta apurka-apurka gehienetan funtzionalitate berriak joan dira gehitzen. Beraz, web posta edo web mail ingelesez, oso aukera ona da ordenagailu eta leku ezberdinetan posta kudeatu nahi izanez gero.

Arlo honen garapenaren ideia egiteko, GMail nahiko adibide ona da. Egia esanda, nahiko arina da interfazea, posta kontu bat baino gehiago konfiguratu daiteke eta oso funtzionalitate gehigarriak ditu. Gainera, Gmail kontuak edo GMailetik irakurtzen diren kanpoko kontuak jaso ahal dira mahaigaineko aplikazio batetik eta mezuak online jarraituko dira. Horrenbestez, oso aukera ona izan daiteke norberaren posta elektroniko guztia kudatzeko, zeren eta, honetaz gain,  7 GB eskaintzen dituen eta nahiko SPAM detektatzaile ona daukan. Gainera, euskaraz dago. Egutegia ere behar izanez gero, Google Calendarrekin batera erabili ahal da.

Bilatzailea

Nola ez, Googlerena izanda, nahiko bilatzaile arina du. Bilatzailea arina dago eskuragai une oro eta hau nahikoa ez bada, bilatzaile aurreratuaz balia daiteke erabiltzailea. Bilatzaile aurreratu honek ahalbidetzen du bilatzea igorlearen edota hartzailearen arabera, mezuak dituen edo ez dituen hitzen arabera, data tarte batean eta eranskinak dituen ala ez.  Gainera, mugatu daiteke bilaketa, etiketa zehatz bat edo mota zehatz bateko mezuetara.

Etiketak

Mezuak sailkatzeko etiketak eskaintzen ditu GMailek, mezu elektroniko bakoitza etiketa batekin baino gehiagorekin lotu ahal da eta ezkerreko menuan, etiketarik erabilienak edo guk aukeratutakoak agertzen dira era azkar batean hautatutako etiketaren bidez sailkatuta dauden mezuak soilik ikusi ahal izateko. Honez gain, mezuak irakurrita edo irakurri gabe bezala sailkatu ahal dira edo izar bat jarri ahal zaie nolabait bereizteko. Izardun mezuak ikusteko atala ikusi ezean, “Ezarpenak” estekari sakatu beharko saio eta hor “Etiketak” atala aukeratu eta bertan “Izardunak” aukeran “erakutsi” estekan klik egin behar da. Honela, beti egongo dira klik baten bitartez eskuragai izarraren bitartez berezitako mezuak.

Txata: GTalk

Txata atalean, GMailek erakusten ditu konektatuta dauden kontaktuak eta konektatuta dagoenarekin berehalako mezularitzaren bitartez hitz egin daiteke bere izenaren gainean klikatuta, honez gain, elkarrizketa horretara gehitu ahal dira kontaktu gehiago, taldeka hitz egiteko. Txataren leihoak gainera, GMail leihoan bertan utz daitezke edo aparteko leiho batean zabaldu. Bideoaren bidezko elkarrizketa ere ahalbidetzen du sistema eta hardwarea bateragarria izanez gero. Aukera hauek guztiak txat leihoa zabaltzen denean kontaktu batean klikatuta, “Aukerak” atalean aurki daitezke. Gainera elkarrizketak gordetzen dira eta kontsultatu daitezke “Txatak” atalean, erakusteko gaituta egonez gero, izardun mezuen kasuan bezala.

Zereginak

Zereginak kudeatzeko aukera ere eskaintzen du GMailek, horren bitartez era arin batean kudeatu ahal dira zereginak eta horretarako aukera asko eskaintzen ditu, eginda edo egiteke bezala markatzeko, koska jartzeko, zerrenda inprimatzeko edo postaz bidaltzeko esaterako. Gainera, nire iritziz oso erabilgarria dena, aukeratzen diren mezu elektronikoak zeregin zerrendara gehitzea ahalbidetzen du Ekintzak menuaren bitartez eta beraz, zereginak mezuekin lotzea dago.

Kanpoko posta elektronikoak irakurri

GMailek beste kontu batzuk ere konfiguratzea baimentzen du eta guztiak leku beretik irakurri ahal dira, beraz, kontu hauetatik mezuak idaztea ere posiblea da. Horretarako, “Ezarpenak” aukeraren barruan, “Kontuak eta inportazioa” aukeratu behar da. Eta hor, “Bidali mezuak beste helbide batetik” eta “Gehitu posta elektronikoko POP3 kontuak”  aukera daude, hor nahi den kontuaren zehaztapenak konfiguratu besterik ez dago eta erabilgarri dago une horretatik.

http://www.gmail.com

Bilatzaileak, Internet, Sareak

Google Public DNS

Webgune batera jotzeko gizakiek, helbideak izenekin edo domeinuak idazten eta ulertzen dituzte, baina berez, helbide hauek zenbakiak dira, telefono zenbakiak izango balira bezala. Web zerbitzari bakoitzari dagokion zenbakia bakarra da Interneten eta IP helbidea du izena. Errazagoa denez gogoratzea helbide bat izen baten bitartez zenbakien bitartez baino, domeinuak erabiltzen dira zerbitzarien helbideak zehazteko IPak erabili beharrean. Hau ez da soilik gertatzen webguneen kasuan, beste zerbitzari mota batzuetan ere gertatzen da, posta zerbitzarietan, ftp zerbitzarietan, edo intranetetan eta sare lokaletan. Hala, bada, DNS zerbitzariek ordezkatzen dituzte nabigatzailean idazten diren internet domeinuak, webguneen izenak, alegia, webguneari dagokion IP helbidearekin. DNS zerbitzari hauen IP helbideak ISP-k (Internet Zerbitzu Hornitzailea), internet konexioa eskaintzen duen enpresak, alegia, eskaintzen dizkie bezeroei. Baina Googlek beste urrats bat ematea erabaki du, Amaraunaren bere konkista prozesuan. Eta DNS zerbitzari publiko batzuk eskaintzea erabaki du edozein internet erabiltzailek erabil ditzan. DNS zerbitzarien IPak 8.8.8.8 eta 8.8.4.4 dira eta ordenagailuaren sarearen konfigurazioan zehaztu behar dira erabili ahal izateko, ISParen DNSeen ordez.

http://code.google.com/intl/es/speed/public-dns/

Internet, Sareak

Web komunikazioa eta protokoak

httpInternet erabiltzen denean, kontuan hartu behar da komunikazioak gauzatzen direla gailu ezberdinetatik, ezaugarri ezberdinekin eta sistema ezberdinekin. Gainera, aplikazio ezberdinak erabili ahal dira Internet zerbitzu bakoitzaz baliatzeko. Edozein garatzailek ere, sortu ahal izango lituzke aplikazioak Internet zerbitzu ezberdinak erabiltzeko edo zerbitzu horiek beraiek emateko, badela web nabigatzaile bat, badela posta elektronikoa irakurtzeko aplikazio bat edo posta elektronikoak zerbitzatzen dituen aplikazio bat, esaterako. Hala, bada, makina, sistema eta aplikazio ezberdinen artean komunikazioa gauzatzea posiblea izan dadin, gizartean bezala, protokolo ezberdinak zehaztu eta hitzartu behar dira elkar ulertzeko. Internet eta bere zerbitzu ezberdinak erabili ahal izateko, protokolo sistema bereziki konplexua erabiltzen da, protokolo anitzekin hierarkikoki antolatuta eredu ezberdinen arabera. Artikulu honetan, soilik goreneko mailan, hau da, aplikazio maila deritzonean web komunikaziorako erabiltzen direnak besterik ez dira ikusiko.

Bezero-zerbitzari arkitektura

Aplikazio maila honetan erabiltzen diren protokolo eta zerbitzuek bezero-zerbitzari gisa ezagututako arkitektura erabiltzen dute. Horrek esan nahi du, Interneteko makina batek aplikazio edo zerbitzu bat sisteman kargatuta daukala eta zerbitzu hau ataka logiko batetik etengabe entzuten ari da eskakizunen zain. Ataka logiko horiek, zenbakiekin bereizten dira, lehenengo 1024 ataka finkatuta eta estandarizatuta daude eta soilik mota zehatz bateko zerbitzu bat izan ahal da ataka horretan entzuten. Zerbitzu hauei, zein zerbitzu hauek ostatzen dituzten ordenagailuei, zerbitzariak deitzen zaie. Komunikazioan parte hartzen duen beste aldeari, zerbitzariari eskakizunak egiten dion aplikaziori, bezeroa deitzen zaio. Horregatik Thunderbird edo Microsoft Outlook bezalako aplikazioak, adibidez, posta elektroniko bezeroak bezala ezagutzen dira. Bezero aplikazioek egiten dutena da, zerbitzarira konektatu eta komunikazio tutu birtual bat zabaltzen dute zerbitzaria entzuten ari den atakatik, behin konexioa gauzatuta, komunikazioa hasten da hari birtual horretatik eta bezeroek eskakizunak egin ahal dizkiete zerbitzariei eta erantzunak jaso.

HTTP

HTTP, HiperTestu Trasnferentzia Protokoloa hitzetatik dator eta protokolo honen xedea Interneten nabigazioa baimentzea da, html lengoaiaz idatzitako edukiak, hipertestua, alegia, prozesatzen dakien nabigatzaile baten bitartez. Beraz, http edo web zerbitzariak prestatuta daude web nabigatzaileen eskakizun anitz jasotzeko eta eskakizun horiei erantzuna emateko, eskatutako orrialdeak zerbitzatuz. Zerbitzu honi 80 ataka egokitu zaio eta beraz, zerbitzu hau ematen duten zerbitzariak, 80 atakan entzuten ari dira normalean, hau oso kasu berezietan aldatu ahal bada ere. Horrenbestez, nabigatzaileek konexio bat sortzen dute, eskatutako web helbideari dagokion zerbitzariarekin 80 atakan, beste bat ez bada zehazten. Hortik aurrera, has daiteke elkarrizketa eta komunikazioa nabigatzaile eta web zerbitzariaren artean. Web nabigatzaile asko daude, MS Internet Explorer, Safari, Opera edo Google Chrome esaterako, eta nola ez, software librea den Mozilla Firefox. Web zerbitzarien artean erabilienetarikoa Apache da, MS Windowserako eta Unix eta GNU/Linux sistemetarako eskuragarri dago eta software librea ere bada. Hemendik jaitsi daiteke: http://httpd.apache.org/download.cgi. Cherokee web zerbitzaria ere hainbat sistema eragiletan exekuta daiteke eta software librea da, hemen dago eskuragarri: http://www.cherokee-project.com/downloads.html. Microsoft sistemetan IIS ere nahiko ezaguna da.

Web komunikazio ziurra: HTTPS

HTTPS, HiperTestu Trasferentzia Protokolo Segurua da, horrenbestez, HTTP protokoloaren bertsio ziurra da, berdin ibiltzen da baina besteak beste, garraiatzen den informazioa zifratuta joaten da eta protokolo hau erabiltzen duten webguneek nortasun ziurtagiri bat eskuratu ahal dute nabigatzaileek baieztatuko dutena. Protokolo honetarako erabiltzen den ataka 443a da. Protokolo hau erabiltzen denean, nabigatzailearen helbide barran https:// ikusiko da http:// ikusi beharrean. Gainera, askotan, beste kolore batekin ikusten da helbide barra eta giltzarrapo bat erakusten dute nabigatzaileek helbide edo estatu barran. Protokolo hau erabilita motel daiteke nabigazioa, baina askoz ziurragoa da, horregatik erabiltzen da datu pribatuak dituzten webguneetan eta banku webguneetan, horrela izan beharko litzateke, gainera.