elkarlana, Internet

Galdera-erantzun webguneak

Azken boladan, internauten artean bolo bolo dabil Quora bezala ezagutzen den webgunea. Bertako erabiltzaileek sortu, editatu eta sailkatzen dituzten galdera eta erantzunen biltegia da Quora. Galdera-erantzunen wikipedia dela diote. Egun arrakasta handia duten webguneak dira ingelesez Q&A (Questions and Answers) bezala ezagutzen direnak. Gune batzuek gai jakin batzuk jorratzen dituzte eta beste batzuk denetariko galderak egiteko erabiltzen dira.

Galdera-erantzunen webguneez ari bagara, Yahoo! Erantzunak da derrigor aipatu behar den gunea, edozein gairi buruz galdera-erantzunak egiteko webgunea. 2006an plazaratu zuten eta izugarrizko erabiltzaile komunitatea biltzen du, 200 miloi inguru. Martxan jarri zenetik ezer gutxi aldatu da. Galdera eta erantzunen webguneen arazoen erreferentzia ere bada Yahoo! : zabor piloa aurki daiteke bertan, eta askotan, erantzunen kalitatea negargarria da. Askoren aburuz, Yahoo! Erantzunak webguneko erabiltzaileak anonimoak izatearen ondorio zuzena da kalitate eza.

Stack Overflow ere galdera-erantzun webgune ezaguna da. Teknologiaren inguruan sortzen diren galderak jorratzen dira bertan eta erantzunen kalitatea handia da. Ematen diren erantzunen inguruan bozka sistema bat du guneak, eta horrela, erabiltzaile bozkatuenak nabarmendu egiten dira.

Galdera nahitaezkoa da: zerk bultzatzen du norbait horrelako webgune batean sartu eta besteek egindako galderak erantzuten jardutera? Hainbat arrazoi egon daitezke, baina hemen, hiru bat nabarmenduko ditugu. Lehen arrazoia, prestigio edo sona bilatzea litzateke, eta ondorioz, lan munduan sarbide hobea, gai jakin baten inguruan norbaitek dituen ezagutzak plazaratzeko erakusleiho onak baitira gune horiek. Adibidez, Linkedin sare sozial profesionalak badu galderak egiteko esparru bat, eta bertan egindako galdera eta emandako erantzunen laburpen bat eskaintzen du linkedin-ek erabiltzailearen profilean.

Emandako erantzunetako zenbait, erantzun hoberenak bezala markatuak izan badira, datu hau ere profilean agertu eta erabiltzailearen bikaintasuna nabarmentzen da. Lan merkatuan sartzeko orduan, hautagai selekzio prozesu batean, horrelako zerbait erabakigarria suerta daiteke. Gune horiek lan merkatuarekin duten harremanaz ohartuta, arestian aipatutako stackoverflow aplikazioak, careers 2.0 gunea martxan jarri du, lan eskaintza eta eskariekin.

Gune hauen erabilera azaltzeko beste arrazoi bat, aplikazio hauek duten ezaugarri soziala da: lagunei galderak egiteko dugun joera baliatzen dute. Formspring da honen adibiderik nabarmenetako bat, sare sozial ezberdinetan ditugun lagunei edozein gairen inguruan galderak egiteko gunea da.

Hirugarren arrazoi bezala, negozioa aipatu daiteke. Gune batzuetan, egindako galderen erantzunak ordaindu egiten dira. Wpquestions webgunean, WrodPress software ezagunaren inguruko galderak egiten dira. LawPivot gunean, aldiz, lege esparruko galderak plazaratzen dira.

Quora litzateke orain arte aipatu ditugun hainbat webguneren ezaugarri arrakastatsuenak uztartzen dituen modako webgunea. Yahoo! Erantzunak webgunean bezala, edozein gairen inguruko galderak egin daitezke, nahiz eta oraingoz, gai teknologikoak diren nagusi. Wikipedian bezala, edonork egindako galderak «zuzendu» eta besteen erantzunetan iradokizunak utzi daitezke.

Galdera baten harpidetza ere egin dezakegu, ematen diren erantzun guztien berri jakiteko, eta modu berean, erabiltzaile nahiz gai ezberdinen harpidetza egin daiteke.

Orain arte aipatu ditugun webgune gehienetan ingelesa da erabiltzen den hizkuntza bakarra. Euskarazko galdera-erantzun webgune bat sortu bitartean, beste hizkuntzen dauden webguneak erabili beharko ditugu.

Google, Internet, Segurtasuna

GMailen arazoa 150.000 erabilztailerekin

gfailOtsailaren 2an, astelehenean, GMail erabiltzen duten 150.000 kontuen datuak desagertu ziren eta hutsik gelditu ziren ordu batzuetan. Bitartean, Googleko ingeniariak erabiltzaileen galdutako datuak berreskuratzen saiatzen ari izan ziren.

Antzeko arazo bat izan zuen Microsoften Hotmail zerbitzuak urtearen hasieran, baina kasu horretan 17.000 erabiltzaileen kontuetan izan zuen eragina.

Googlek barkamena eskatu zuen publikoki eta azaldu zuen arazoaren zioa. Antza, GMailen biltegiratze sistemaren eguneraketan suertaturiko akats batzuk izan dira datuen galeraren zergatia. Gauzak horrela, akats horiek konpondu arte, aurreko softwarea jarri dute berriz martxan. Googlek, datuetarako, hainbat datu-gune izan arren, datu-gune guztietan batera ezabatu ziren datuak, beraz, ez zegoen datuak berreskuratzerik. Eskerrak, zinta magnetikoetan ere gordeta zeudela datuak ziurtasun kopia ezberdinetan eta horrela erabiltzaileen datuak berreskuratuak izan dira.

Hala ere, horrelako gauzak gertatzen direla ikusita, GMailen dauden on-line datuen ziurtasun kopiak egitea komenigarria da GMail erabiltzaile ororentzat. Horretarako GMail Backup bezalako baliabideak daude, hemen deskargatu daiteke GNU/Linuxerako edo MS Windowserako bertsioa:  http://www.gmail-backup.com/gmail-backup-0-104.

Internet, posta, Segurtasun kopiak

Metaposta

LogoMETAPOSTAJaurlaritza eta hainbat enpresa pribaturen eskutik, Metaposta sistema aurkeztu da berriki. Alde batetik, dokumentu digitalen gordailu funtzioak eskaintzen ditu eta bestetik, Metapostak posta elektroniko zerbitzari baten funtzio batzuk eskaintzen ditu. Erabiltzaile banakoentzat doakoa da eta bere kostua, sisteman integratzen diren enpresek jasaten dute.

Gordailu digitala den aldetik, guretzat garrantzitsuak diren dokumentuak bertara igo ditzakegu eta edozein nabigatzailetik bertara jo eta berreskuratu behar ditugunean.

Sisteman integratzen diren enpresak, mezu igorle bezala jokatzen dute, eta bezeroei bidalitako dokumentuak (fakturak, jakinarazpenak), bezero hauek metaposta sisteman sortu dituzten gordailuetan utzi ditzakete. Martxan jarri den honetan, hainbat enpresa eta erakundek egin du bat sistema honekin: banketxeak (Banco Guipuzcoano, BBK, Euskadiko Kutxa), Eroski, Euskaltel, Osakidetza eta beste batzuk.

Metapostan izena emateko, banketxe ezberdinen webguneetatik egin daiteke, edo herritan dauden Kzgunetara urbilduta. KZguneek ere, sistema hau erabiltzeko formakuntza saioak eskaintzen dituzte.

Metaposta sistemaren gainean gehiago jakiteko, jo hona: http://www.metaposta.com