Internet, Microsoft, Ubuntu

Badago eskuragarri Ubuntu One Windows sistemetarako

Ubuntu One fitxategiak Interneten ostatatzeko zerbitzu bat da. Ubuntu sistema eragilearen sortzailea den Canonical enpresak abiarazi zuen doako zerbitzu hau Ubuntu sistema eragilearen erabiltzaileentzat orain dela bi urte. Zerbitzu hau nabigatzailetik ere erabil daiteke edozein ordenagailutatik baina Ubunturekin, Ubuntu One sistemaren beste karpeta bat izango balitz bezala erabil daiteke, sistemarekin guztiz bateragarria da, alegia.

Ubuntu One zerbitzua abiarazi eta hilabete batzuk geroago, iOS eta Android sistemetarako ere aplikazioak garatu ziren, eta beraz on-line zerbitzua sistema eragile hauetariko bat erabiltzen duten sakelako telefonoekin ere bateragarria da.

Eta orain jada MS Windows sistemetarako aplikazioaren bertsio egonkorra ere argitaratuta dago, izan ere, badirela hilabete batzuk bertsio ez egonkorra zegoen jada. Aplikazioa doakoa da eta MS Windows 7, MS Windows Vista eta MS WIindows XP.rekin bateragarria da. Hala ere, oraindik hutsune batzuk ditu. Adibidez kontaktuak oraindik ezin dira sinkronizatu. Sinkronizatzeko karpeta berriak ere ezin dira sortu bertsio honetatik. Hona hemen aplikazioa deskargatzeko lotura: https://one.ubuntu.com/downloads/windows/

Internet

Zuhaitz genealogikoak Interneten

zuhaitzgenealogiko1Gaur egun Interneten denetarik aurkitu daiteke eta aplikazio anitzak daude amaraunean. Teknologia berrietan ere atzera begiratu ahal da eta lehenean murgildu daiteke edozein erabiltzaile. Horren adibide garbia, gaurko gaia liteke, zuhaitz genealogikoak egiteko on-line aplikazioak, hain zuzen ere.

Gnoom

Gnoom oso aplikazio ezaguna da zuhaitz genealogikoak on-line egiteko eta partekatzeko. Nahiko webgune jatorra eta erabilerraza da. Gnoom proiektuaren helbidea http://www.gnoom.com da eta bertan hasiera pantailan erabiltzailearen izena, abizenak, generoa eta posta elektronikoa jarrita, berehala has daiteke zuhaitz genealogikoa garatzen. Zuhaitz genealogikoan senideak eta beren datuak osatzen joan ahal da, gainera sartzen diren senideei Gnoomen sartzeko gonbidapena bidali ahal zaie eta haiek ere zuhaitz genealogikoa osa dezakete. Senide bakoitzeko datu ezberdin eta argazkiak txertatu daitezke.

Senideekin komunikatzeko bide ezberdinak eskaintzen ditu, Facebookekin bateragarria izateaz gain txata, foroa eta mezuak bidaltzeko aukera dauka. Horretaz aparte, argazkiak, bideoak eta dokumentuak partekatu daitezke. Honez gain, senideak mapan geolokalizatu daitezke, Google Mapsen azpiegitura erabilita. Egutegi batean sendiari dagozkion gertakizunak ere kudeatu daitezke.

Azkenean, bai funtzionalitateen aldetik zein itxuraren aldetik sare sozial bat da baina senideei bideratuta. Izan ere, ohiko sare sozialetan bezala Gnoom-ek horma bat eskaintzen du eta mikroblogging edo mezu motzak idaztea ere badago.

Honetaz gain, Gnoomek webguneetan eta sare sozialetan hain ohikoa ez den aukera bat eskaintzen du, ziurtasun kopiak egiteko aukera, hain zuzen ere. Baina aukera hau soilik eskuragarri dago ordainpeko kontu batekin. Ordainpeko kontuak 24 EUR urteko balio du eta ziurtasun kopiak egiteko aukeraz gain, aparteko aukera gehigarriak ditu.

Gnoomen sartzen den informazio guztia pribatua da eta erabiltzaile baten zuhaitza eta informazioa bere kontaktuek edo senideek baino beste inork ezin du ikusi.

Kanpoko bilatzaile bat ere eskaintzen du norberaren senideak edo arbasoak aurkitzeko beste erabiltzaileen zuhaitz genealogikoetan, baina datuak pribatuak direnez, daturen bat baino ez da agertzen eta orduan senide hori gehitu duen erabiltzailearekin harremanetan jartzeko aukera eskaintzen du.

Gnoom euskaraz ez dagoen arren, webgune eleanitza da eta frantsesa, gaztelera, ingelesa eta beste hainbat hizkuntzatan erabil daiteke.

MyHeritage.com

Myheritage.com ere oso ezaguna eta oso erabilia da, 60 milioi erabiltzaile, 832 milioi profil eta 20 milioi zuhaitz genealogiko ditu . Hau da sare sozial honen webgunea: http://www.myheritage.com/. Funtzionalitateen aldetik My Heritage eta Gnoom oso antzekoak dira, ohiko sare sozialek eskaintzen dituzten aukerak dauzka. Proiektu honek ere dohainik erabil daiteke ordainpeko profila ere eskaintzen duen arren. MyHeritage.com erabiltzailearen izena, posta elektronikoa eta gurasoak zehazten dira eta ondoren has daiteke zuhaitza sortzen edo familiaren argazkiak igotzen zein familiaren datuak edo gertaerak kudeatzen. Argazkiak etiketatzea ere ahalbidetzen du aplikazio honek. Bitxikeriaren bat ere badauka, memoria joko bat eskaintzen du senideen argazkiekin eta senideekin antza daukaten pertsonai ospetsuak aurkitzeko gauza ere bada.

Family Tree Builder

MyHeritage.com-en ere zuhaitz genealogikoa kudeatzeko mahaigaineko aplikazio bat deskargatzeko aukera dago Family Tree Builder izenekoa, dohainik deskargatu daiteke eta oso egokia da mahaigaineko ingurunea web ingurunea baino gehiago gustuko duenarentzat. Hori bai MS Window sistemetarako baino ez dago.

Zuhaitz genealogikoak egiteko beste web batzuk

Aukera hauek oso ezagunak badira ere, beste webgune batzuk daude zuhaitz genealogikoak landatzeko http://www.kincafe.com/ edo http://www.geni.com/ bezala.

Euskara, Internet

Aurkezpenak.net abian jarri da

aurkezpenakAurkezpenak.net webgunea abian jarri da. Mioketa Euskara Elkarteak eta Bitarlan Informatika eta Web zerbitzuak enpresak jarri dute martxan. Proiektuaren asmoa da aurkezpenak on-line kudeatzeko eta ikusteko webgune bat eskaintzea erabiltzaile euskaldunaren eskura. Beraz, interneteko edozein erabiltzailek izena eman ahal du webgunean bere kanal propioa sortzeko eta une horretatik aurkezpenak igo ahal izango ditu formatu ezberdinetan, PDF, Power Point edo Open Office Presentation, esate baterako.

Behin aurkezpenak igota, on-line ikusi eta erakutsi ahal dira edo deskargatu ahal dira.

Erabiltzaile bakoitzak bere kanala izango du, era horretan, erabiltzaile bakoitzaren kanalaren helbidea http://www.aurkezpenak.net/erabiltzailea izango da, “erabiltzailea” izanda erabiltzaile horrek aukeratu duen izena.

Aurkezpenak zerbitzatzeko Slideshare webguneaz baliatzen da proiektu hau. Horri esker, Slideshare.com izen handiko webgunea denez, aurkezpen bat Aurkezpenak.net-era igotzen den bakoitzean Slidesharen ere igotzen da eta orduan eskuragarri egongo da bi guneetatik.

Hau da webgunearen helbidea: http://aurkezpenak.net