Internet

Hopper, oso webgune erraza fitxategiak partekatzeko

Hopper fitxategiak partekatzeko on-line zerbitzua da. Zerbitzu honek oso era erraz batean fitxategiak, irudiak edo loturak partekatzea ahalbidetzen du. Zerbitzua erabiltzeko helbide honetara joan daiteke: http://gethopper.com. Izena eman behar gabe eta saioa hasi behar gabe, nahi diren irudiak edo fitxategiak arrastatu ahal dira webgunean horretarako prestatuta dagoen lekura edo nahi den fitxategia kopiatzeko Ctrl+C eta Ctrl+V egin daiteke webgunean bertan itsasteko.

Behin fitxategia igota url edo internet helbide publiko bat kopiatzeko aukera ematen du. Helbide horrekin, nahi duenak deskarga dezake fitxategia.

Izena ematea beharrezkoa ez bada ere, aplikazioan izena eman eta ondoren erabiltzaile bezala saioa has daiteke, horrela igotako fitxategiak edonondik ikusiko ditu erabiltzaileak.

Benetan webgune erraza da, itxura aldetik oso atsegina da eta kasu askotan erabilgarria ere bai. Beraz, pena merezi du tartetxo batean gainbegiratzeak.

elkarlana, Euskara, Internet

Ikus-entzunezkoak laguntzeko

Azpidatziak film, telebista programa edo bideo jokoetan agertzen diren elkarrizketen testu bertsioak dira, eta, gehienetan, irudiaren azpialdean agertzen dira. Atzerriko hizkuntza batean ematen den elkarrizketa baten testu itzulpena izan daiteke, baina baita elkarrizketaren hizkuntza berean eskaintzen den testu bertsioa ere. Hainbat erabilera dute azpidatziek: entzumen arazoak dituzten pertsonen ulermenerako laguntza gisa; atzerriko hizkuntza batean ematen diren elkarrizketak norberak bere hizkuntzan irakurri eta ulertzeko; edo jatorrizko hizkuntzari dagokion testuaren kasuan, hizkuntza horren ikasketa metodo gisa ere erabil daitezke.azpidatziak

Herrialde batzuetan, film eta bideoen bikoizketaren ordez, oso zabaldua dago azpidatzien erabilera; beste batzuetan —Alemania, Frantzia, Espainia eta Italia kasu— bikoizketa hobesten da. Itzulpen metodorik merkeenetakoa da, eta, ezaguna denez, azpidatziak ohikoak diren herrialdeetan bizi direnek atzerriko hizkuntzetan trebetasun handiagoa izaten dute.

Filmak euskaraz azpidatziak ikusteko programa bat jarri da berriki martxan: Filmazpit. Filmazpit Eusko Jaurlaritzak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak, finantzatutako zinema zabaltzeko programa da, eta instituzio, udaletxe, kultur eragile edo ikasketa zentroentzat proiekzio materialak eskaintzen ditu, batetik; eta, bestetik, Filmazpit webgunean, eskaintzen diren pelikulen azpidatzi fitxategiak lor daitezke.

Etxean ditugun DVD edo saretik lortu diren pelikulak euskarazko azpidatziekin ikusi nahi baditugu, ezinbesteko erreferentzia dugu Azpitituluak webgunea. Bertan, filmak euskarazko azpidatziekin sortu eta ikusteko prozesu guztia azaltzen da xehetasun handiarekin: fitxategiak lortzea, euskaratzea, sinkronizatzea eta bistaratzea. Bertatik hartutako azalpenak plazaratuko ditugu ondorengo lerroetan.

Azpidatziak sortzeko pausoak

Pelikula edo bideoari dagokion fitxategia lortu beharko dugu lehenik, ordenagailuan jogailu batek erreproduzitu dezakeen fitxategia, hain zuzen ere. Etxean dugun DVD batetik erauzi dezakegu bideo fitxategia edo Interneten bilatu beharko dugu eMule edo halako aplikazioren bat erabiliz, P2P sareetan. Bideo fitxategia eskuratuta, ondoren, azpidatziak dituen fitxategia lortu beharko dugu, berriz ere DVDtik erauziz edo saretik eskuratuz.

Azpidatzi fitxategien hainbat formatu dago, eta horien artean, ezagunenetakoa SRT (Subrip) formatua da. Fitxategi horietan, denbora tarte bakoitzean zein testu erakutsi behar den zehazten da fitxategi lau batean.

Lortutako azpidatzi fitxategia gazteleraz, frantsesez edo ingelesez egonda, berau itzultzeko, testu editore arrunt bat erabili beharko dugu. Testu editorearekin, jatorrizko testuak itzulitako testuarekin ordeztuko ditugu.

Baliteke gure bideo eta azpidatzi fitxategiak sinkronizaturik ez egotea, hau da, elkarrizketa bat entzuten denean, esaten den horren itzulpena ez agertzea behar den momentu justuan. Arazo horiek konpontzeko ere baditugu eskura hainbat aplikazio libre, Windows, Linux edo Mac sistema eragileetan erabil ditzakegunak.

Azkenik, aurreko lanak burutu ondoren, bi fitxategiak (bideoa eta azpidatziak) eskura ditugula, ordenagailuan VLC edo halako bideo jogailu bat erabiliz, edo etxeko telebistari lotutako multimedia erreproduzigailu bat erabiliz, euskarazko azpidatziak dituen filma ikusteko moduan izango gara.

Azpidatziak sortzearen inguruan bitxikeria tekniko guztiak azaltzeaz gain, partzialki edo erabat euskaratuta dauden hainbat filmaren azpidatzi fitxategi biltegia ere bada, eta, fitxategiarekin batera, filmaren fitxa bat ere eskaintzen da.

Aplikazioak, Internet, Mugikorrak

WhatsApp

Smartphone edo sakelako telefono adimendunak ugaritzen ari dira hilabetetik hilabetera. 2011. urteko datuen arabera, Frantziako Estatuan, biztanleen %30ek dute horrelako gailu bat, eta Espainiako Estatuan, biztanleen %46k; munduan, bosgarren postuan kokatu da Espainiako Estatua.

Smartphone horiek guztiak eskuratzean, ahots tarifaz gain, bezeroak datu zerbitzua ere kontratatzen du, eta, horrela, Internet konexioa baliatuz, posta mezuak bidali, sare sozialetan ibili eta web nabigatzaileak erabil ditzake.

Datu konexioa izateak, ordea, beste hainbat zerbitzu jartzen ditu erabiltzailearen eskura; esate baterako, datu zerbitzua erabiliz ahots zein bideo deiak egitea eta mezuak bidali eta jasotzea, besteak beste.

Voip

Internet protokoloaren gaineko ahotsa delakoak (Voice Over Internet Protocol) IP erabiltzen duten sareetan ahots elkarrizketak izateko aukera ematen du. Smartphone moduko gailuek Internet konexioa dutenez, teknika aldetik ez dago arazorik sakelako telefonoen arteko deiak voip erabiliz egiteko. Telefono dei hauek printzipioz doakoak dira, ez dute deia egiteagatik kosturik, ez eta deiak irauten duen minutuko kosturik ere. Norberaren herrialdera edo atzerrira deitzeak ere, printzipioz, berdin dio; nabigatzaileekin egiten dugun bezala, guk orri bat eskatzen dugu, eta bost axola orri hori aldameneko herrian dagoen zerbitzari batek eskaintzen digun edo Australiatik datorren.

Teknologia horrek erabiltzailearentzat hainbeste abantaila baditu, zergatik ez da, ba, jendartean apenas erabiltzen deiak egiteko modu hau? Ba, ezbairik gabe, telefonia operadoreen mozkinen kontra doalako. Telefonia operadore askok eta askok, bezeroekin sinatzen dituzten kontratuetan espresuki ezartzen dute horrelako teknologiak erabiltzeko debekua.

Telefono adimenduna eta Internet konexio bat baliatuz egin daitekeen beste zerbait mezuak trukatzea da. Mezu trukerako aplikazio arrakastatsuena, ezbairik gabe, WhatsApp Messenger da.

WhatsApp Messenger

WhatsApp Inc. enpresak sortutako aplikazio bat da WhatsApp Messenger, eta oinarrizko mezularitzaz gain, erabiltzaileek argazki, bideo eta audio mezuak truka ditzakete. Hainbat telefono adimendunetan erabil daiteke: iOS sistema eragilea duten iPhonetan eta Blackberry, Android, Simbian eta Windows Phone duten gailuetan. Instalatu eta lehendabiziko urtean doakoa da (iPhonen jabeek 0.79 euro ordaindu behar dituzte aplikazioaren truke). Gero, urteko bi dolarreko kostua du.

Sakelako gure telefonoetan instalatzen den aplikazio horrek telefonoan dagoen kontaktu zerrenda erabiltzen du, eta bertan dagoen inork WhatsApp instalatua izanez gero, zuzenean hari mezuak bidali eta elkarrizketa izateko moduan izango gara. SMS ezagunaren ondoan, bistakoa da erabiltzailearentzat duen abantaila: mezu trukatze honek ez du inongo gainkosturik. Bi pertsonaren arteko mezu trukatzea arrakastatsua izan bada, solasaldiak taldean egiteko aukerak are eta ezagunago egin du aplikazio hau; lagunarteko zein familiako bazkari edo hainbat gertakizun antolatzeko, erruz erabiltzen da baliabide hau.

Aplikazio honen arrakastaz jabetzeko, ikusi besterik ez dago zenbat pertsonak eskuratu duen smartphone bat aplikazio hau instalatu ahal izateko eta, horrela, lagunartean izaten den komunikaziotik kanpo ez gelditzeko.

Internet bidezko telefo- no deietan bezala, SMS mezu- en zerbitzuan telefonia operadoreen mozkinak behera egin- go du, adibide gisa: Euskaltelentzat, SMS mezuen zerbitzu- ak mozkinen %10 eman zituen iaz. Kontuan izan behar da, halaber, SMS mezuak ez ordaintzeko aitzakiarekin hainbat bezerok datu konexioak kontratatzen baditu operadoreentzat ere mauka ederra izan daitekeela.

Inork galdetuko du zergatik eskaintzen den horrelako zerbitzu bat hain kostu baxuan. Bada horrelako enpresa baten atzetik inbertsio funtsen eskua ikusten duenik. Horrelako enpresa arrakastatsu bat sortzea laster salmenta izugarri bat lortzeko litzateke, eta hainbat erosle prest omen daude horrelako erabiltzaile komunitate handia eskuratzeko, bertan iragarkiak txertatzeko, adibidez.