Hardware, kontzeptuak, Mugikorrak

Teklen garrantzia

Blackberry smartphone edo telefono adimenduak, mundu guztiaren ahotan egon ziren orain dela aste batzuk. Telefono horiek erabiltzen dituzten zerbitzarietan jazotako arazo batek, hain zuzen, Internet eta posta zerbitzu gabe utzi zituen gailu hauen erabiltzaileak hiru egunez.

Blackberry, Research In Motion (RIM) enpresa kanadarrak ekoizten dituen telefonoak dira. 1999. urtean hasi ziren merkaturatzen teklatu fisiko osoak dituzten terminalak, eta hori da erabiltzaileari eskaintzen dion berezitasunik nabarmenena, qwerty teklatua. Letra guztiak eskaintzen dituen teklatua, ingelesez qwerty esaten diotena. Teklatu batean lehen ilaran dauden lehen sei letrek osatzen dute «qwerty» hitza, eta horregatik erabiltzen da termino hori teklatu osoko gailuaz ari garela adierazteko. Blackberry hitza, berriz, gailu horren teklatu estuak, masusta baten itxura gogoratzen duelako hautatu zuten haren egileek.

Posta eta mezularitza zerbituak

Blackberryk, smartphone moduko telefonoen munduan lehiatzeko duen armarik nagusiena, qwerty teklatuarekin batera, posta eta mezularitza kudeatzeko eskaintzen duen erraztasuna da. Beste ezaugarriei erreparatzen badiegu, nabigatzailea ez dabil oso fin, terminalaren itxura soila da, eta hardwarearen berezitasun bakarra, bateriaren iraupen luzea da. iPhone edo Android darabilten telefonoek bezala, aplikazio biltegi propioa du, BlackBerry App World.

Ezaugarri xume horiek izanik, smartphone merkatuan, %20 izatera iristen da, eta, hori azaltzeko arrazoi nagusia, hasieran aipatu dugun ezaugarria: telefono horiek teklatu osoa eskaintzen dutela, eta horrek, mezuak idazteko orduan, abantaila handia ematen duela oraindik ere. Badirudi azkarrago idazten dela teklatu fisiko batean, eta askoz ere akats tipografiko gutxiago egiten direla. Merkatuan duen presentzia ulertzeko, bada beste arrazoi bat ere: Blackberry, telefono bat baino gehiago, zerbitzu bat da, posta eta mezularitza zerbitzu bat. Beste enpresa batzuk ez bezala, Blackberryk zerbitzu bat saltzen du, eta berau erabiltzeko terminal bat. Bere terminaletatik ez ezik, posible da HTC, Nokia edo Motorola batekin Blackberryren zerbitzuak erabiltzea.

Blackberryk eskaintzen duen posta eta mezularitza zerbitzuak kudeatzeko, RIM enpresak berak kudeatzen duen azpiegitura erabiltzen da. Hori dela eta, azpiegitura horrek inongo arazorik badu, Blackberry zerbitzua eten egin daiteke, eta, horren ondorioz, munduan dauden telefono horiek guztiak posta, mezularitza edo Internet zerbitzu gabe geldi daitezke, berriki gertatu den bezala.

Mezuen pribatutasuna

RIMek eskaintzen duen posta eta mezularitzaren beste ezaugarri bat da: erabiltzaileek trukatzen dituzten mezuen pribatutasun maila. Mezu horiek guztiak estuki zifratzen dira, eta, teorian behintzat, beste inork ezin izango ditu irakurri. Ezaugarri horrek hainbat bitxikeria eta arazo sortu dizkio Blackberryri. Esaterako, AEBtako presidenteak, Barack Obamak, Blackberry erabiltzaile sutsua izanik, publizitate galanta egin zion gailuari: presidente izendatu zutenean, Etxe Zuriaren komunikazio legedia betetzeko gailu hori zokoratzeko eskatu bazioten ere, Obamak bereak eta bi egin zituen bere gailu kutuna gorde ahal izateko.

Hainbat herrialdetan ere, Blackberryren zenbait zerbitzuren erabilpena debekatu zaie langileei: Aljeria, Arabiar Emirerri Batuak, India, Indonesia eta Frantzia kasu. Frantziako Gobernuak argudiatu zuen RIMen zerbitzariak Ameriketako Estatu Batuetan eta Ingalaterran egonik, bertako gobernuen esku geratzen zela frantses funtzionarioen mezuen babesa eta hori ez zela onargarria. Beste gobernu batzuentzat, mezuen pribatutasuna da arazorik handiena, bere herritarren komunikazioak zelatatzeko aukerarik eza, hain zuzen ere —horrela zuzenean onartzen ez bada ere—. Aurtengo abuztuan, Erresuma Batuan gertatutako istiluen harira, hango poliziak Blackberry gailuekin bidalitako mezuak ikertzeko asmoa azaldu zuen. Poliziaren aburuz, horrelako gailuak erabili ziren mezuak bidali eta istiluak antolatzeko, eta diputatu batek blackberryen mezularitza zerbitzua etetea eskatu zuen.

Apple, Hardware, kontzeptuak

Macintosh, Appleren ordenagailuak

Macintosh edo Mac moduan ezagutzen dira Applek diseinatu, fabrikatu eta saltzen dituen ordenagailuak. PCen erabiltzaileentzat mundu ezezaguna izan badaiteke ere, Mac motako ordenagailuak erabiltzen dituztenak asko dira, eta, oro har, egin duten hautuaren aldeko jarrera sutsua agertzen dute. Ordenagailu horiek probatu ez dituztenen artean ere oso zabaldua dago ordenagailu egonkorrak direla eta birusek ez dietela erasotzen. Ordenagailu hauen nondik norakoak erakusten saiatuko gara.

Historia

Lehen Macintosha 1984. urtean merkaturatu zuen Apple etxeak. Arrakasta komertzial itzela izan zuen kontsola interfazea alde batera utzi eta sagu eta interfaze grafikoa eskaintzen zuen ordenagailuak. Gaur egungo begiekin museoko pieza dirudien ordenagailu hark 2.500 dolarreko salneurria zuen, 9 hazbeteko pantaila eta 128 Kilobyte DRAM, hau da, Megabyte laurdenera ere ez zen iristen. 80ko hamarkadan izadako arrakasta apurka-apurka itzaltzen joan zen MS-DOS eta ondoren Windows sistema eragilea erabiltzen zituzten PCak agertu zirenean.

1998. urtean, berriki zendu den Steve Jobs Apple konpainiara itzuli eta urte batera, iMac moduan ezagutzen den ordenagailua merkaturatu zen, eta berarekin, egun diharduen arrakastaren bidea berreskuratu zuen Apple etxeak. Ordenagailu hauetan, pantaila eta prozesadorea, dena da bat, eta ondorengo urte guzietan ere, ikono bihurtu den diseinua mantendu egin da.

2006. urtetik aurrera, Applek ordenagailu hauek erabiltzen zituzten prozesadoreak aldatu zituen. PowerPC markako prozesadoreak utzi, eta Intel etxekoak erabiltzen hasi zen. Txip berri hauekin, Applek saltzen dituen ordenagailuek Windows sistema eragilea erabiltzeko aukera dute. Mac OS X sistema eragilea duten makina hauetan, Boot Camp izena duen softwarea erabili behar da Windows instalatu ahal izateko.

Ezaugarriak

Apple etxeak bere gain hartzen du ordenagailu hauen euskarria den hardware eta softwarearen diseinu, fabrikazio eta mantenua. Makina itxiak direla esan daiteke: Macintoshek Applek diseinatutako hardwarea dute, Applek sortutako Mac OS X sistema eragilearekin eta Applek berak garatzen dituen aplikazio sortarekin. Enpresa honek bere produktuaren atal guztiak kontrolatzen dituenez, sistema hauen egonkortasuna handia da PCekin alderatzen baditugu. PC munduan, enpresa batzuek hardwarea bakarrik egiten dute (Acer, Asus, Dell, HP…); Microsoft eta horrelako enpresek sistema eragilea eta milaka eta milaka enpresek softwarea sortzen dute.

Macintosh ordenagailuen beste ezaugarri bat estetika zaindua izan da. Bere iMac G3 ordenagailuaren plastiko garden koloreduna azken hamarkadako ikono bat izan da, eta zer esanik ez azal metalikoa duten Macintosh eramangarriak: macBook ezagunak, eramangarriaren tapan argiztatua agertzen den sagarra eta guzti.

Mac OS X sistema eragileak, Linuxek bezala, Unix du oinarri. 2002. urtetik aurrera, Macintosh ordenagailu guztietan presente dagoen sistema eragilea da. Sistema honen xedea erabiltzaileari gauzak erraztea izan da: adibidez, keinuak erabiliz, akzio ezberdinak burutzen dira.

PCekin alderatuz, oro har, sistema garestiagoak izanda ere, nabarmena da Macen erabiltzaileek markarekiko erakusten duten atxikimendua. Interneten, PC eta Mac erabiltzaileen artean dauden ezberdintasunak erakusten dituzten hainbat ikerketa aurki daitezke. Oro har, maila ekonomiko ezberdinen artean dauden diferentziak nabarmentzen dira: goi mailako ikasketetan, gehiago dira Mac erabiltzaileak, politikoki liberalagoak eta gazteagoak. Ikus daitekeenez, trufarako behintzat ematen du gaiak.

Hardware, Sistema Eragileak

Ordenagailu zaharrak

Ordenagailuak erosi eta urte gutxira zaharkituta geratzen diren ustea oso zabaldua dago. Batzuetan, hasiera batean ziztu bizian zebilen ordenagailu modernoa erabat mantsotu eta erabiltzailearen pazientziarekin bukatzeko makina bihurtzen da. Besteetan, zerbait apurtzen da, eta ordenagailua aldatzeko behar zen aitzakia jartzen zaigu eskura. Denborak aurrera egin ahala, bada gure ordenagailua zaharkitu eta mantsotua uzten duen beste aldagai bat: ordenagailuak berak darabilen software edo programen eskakizunak gora eta gora egiten duela amaierarik gabe.

Sistema eragile eta itxura kudeatzaileak

Sistema eragileek, urteak aurrera egin ahala, hardware baliabide gehiago eskatzen dituzte. Hain ezaguna dugun Microsoft Windows familiako lehen sistema eragileak—1985 urtean agertu zen Windows 1.01 sistemak— disko gogorrean megabyte bat baino gutxiago behar zuen, eta instalatzeko euskarri gisa, bost hazbeteko bost diskete erabiltzen ziren. Windows 7 moduko sistema eragile moderno batek, ordea, gutxienez, gigabyte bateko RAMa eta hogei gigabyteko disko gogorra eskatzen ditu.

Leiho kudeatzaileak ere asko aldatu dira. Erlieberik ez zuten leihoetatik orain erabiltzen ditugun 3D efektuetara bide luzea dago, eta bide horretan gora egin dutenak nabarmen hardware eskakizunak dira. Windows sistema eragileak berea propio duen inguru grafikoa dakar, eta Windowsen azken sistema eragilean, Windows 7n, Aero izena dauka. Sistema eragile hori darabilen ordenagailuak ez badu potentzia nahikoa —prozesadore azkarra, txartel grafiko egokia, RAM kopurua—, ez dira Aero horrek eskaini ditzakeen efektu guztiak bistaratu ahal izango.

Linuxen gisako sistema eragileetan, hainbat inguru grafikoren artean hauta daiteke; Gnome eta KDE dira ezagunenetako batzuk. Hona hemen Linux sistema inguruetan gehien erabiltzen diren inguru grafiko batzuen RAM eskakizun batzuk: KDE 3-uk (512 megabyte), Gnome 2-k (384 megabyte) eta XFCE 4-k (128 megabyte RAM). Aukeratzeko orduan, inguru grafikoak eskaintzen dituen itxura eta efektuak ez dira irizpide bakarrak, beraz, leihoak apaindu eta aurkeztuko dizkigun sistema horietako batzuk potentzia txikiko ordenagailuekin lan egiteko prestatuak baitaude.

Ordenagailu moteletan instalatzeko zenbait sistema eragile

Linux munduan distribuzio asko eta asko daude, eta horietako batzuk ordenagailu zaharretan ibiltzeko propio pentsatuak daude. Microsoften, ordea, ez dago sistema eragilearekin inguru grafiko ezberdinik erabiltzeko aukerarik, eta, gehienetan, ordenagailuak sistema eragilearen bertsio jakin batean mantentzen dira. Oraindik ere, asko eta asko dira 2001. urtean agertu zen XP bertsioa darabilten ordenagailuak. Horrek bi arrazoi ditu: batetik, erabiltzaile asko eta asko Windows Vistarekin nazkatu eta nahiago izan zuten XPn jarraitzea; eta, bestetik, Windows Vistaren eskakizunek ezinezkoa egiten zuten XP zuten hainbat ordenagailu eguneratzea. Sistema zaharretan instalatu ahal izateko, Microsoftek Microsoft Windows Fundamentals for Legacy PCs izeneko Windows XP bertsio bat kaleratu zuen 2006. urtean. Sistema eragile horrek eskakizun hauek ditu: 611 mega disko gogor, 233 MHztako prozesadore bat eta 64 megabyte RAM.

Linux sistema eragilean oinarritutako distribuzio ugari eskaintzen da ordenagailu zaharkituetan instalatu ahal izateko. Ezagunenetako batzuk hauek lirateke: Lubuntu, Xubuntu edo Vector. Adibide gisa, Vector hori Slackware izeneko distribuziotik eratorritako sistema eragilea da, XFCE edo KDE darabil inguru grafiko gisa eta 32 megabyte RAM / gigabyte bateko disko gogorra besterik ez du behar lan egiteko.

Ordenagailu zaharrekin egin daitekeen beste zenbait gauza

Gure ordenagailu zaharra garbigunera eraman baino lehen, bada oraindik beste modu batean erabiltzeko aukerarik. Gobernuz kanpoko erakunde batzuek ordenagailu zaharrak jaso, konpondu eta beharra dagoen lekuetara bidaltzen dituzte. Informatikan trebezia apur bat izanez gero, gure ordenagailu zaharra etxeko edo enpresako sarean jarri, eta fitxategiak zerbitzatzeko makina gisa baliatu dezakegu, modu eraginkorrez.