AR, Google, Hardware

Googleren betaurrekoak

Errealitate areagotua da mundu errealean ikusten denari elementu birtualak gehitzen dizkion teknologia multzoa; software nahiz hardware erakoa. Elementu gainjarri horiek informazio gehigarria dira; errealitatea era osoago batean ulertzeko ezarriak. Hori antzemateko bitartekaritzat hainbat konpainiak garatutako betaurreko bereziak hasi dira agertzen; besteak beste, Googleren Project Glass izeneko prototipoa.

Gainbegiratu bat egite aldera, errealitate areagotuko aplikazioek, eskuarki, norbere begien aurrean agertuko diren datuz osatutako geruza bat eskaintzea daukate helburu. Horren lekuko litzateke, nabigazio aplikazio berrietan sartu nahi duten ezaugarria, GPS jarraibideak bakoitzak zapaltzen duen lurraren gainean irudikatuz; posta elektronikoaren sarrerako erretiluko mezuak begi aurrean flotatzen ikuskatzea; edo lagun bat dagoen lekura begiratze hutsarekin haren Facebook orriko azken eguneraketa jaso ahal izatea. Etorkizunera begira, gauza asko espero daitezke, eta, gaur egun teknologia horiek ikusmenean zentratzen badira ere, batzuk hasiak dira ukimenera eta usaimenera bideratzen ere.

Helburua litzateke, telefonoa patrikatik atera beharrean informazio gehigarri horretaz baliatzeko, informazio hori begien aurrean zuzenean jasotzea uneoro. Horregatik, askotan entzuten da errealitate areagotua zibernetikaren adar bat dela, eta duela azken jomuga duela gizakiengan txertatuko liratekeen inplanteak garatzea, gure zentzumenen muga naturalak gainditzeko balioko luketenak.

Joerari eusten bazaio, beraz, maila desberdinak gainditu beharko dira aurrena; eta alde horretatik, hasiak dira agertzen betaurreko itxurako euskarriak. I+D mintegiek HUD edo Head-Up Displays deitzen diete gailu horiei. Bideo joko baten pantaila izango balitz bezala, bakoitzaren ikusmenean informazio geruza bat erakusteko ahalmena daukaten gailuak baitira. Google da atentzio handiena ematen ari dena ikerketa esparru honetan, besteen aldean txiki eta meheagoa den gailua erakutsi baitu.

Google Glass

Itxaropen handia dago jarrita Googleren proiektuaren baitan. Gainera, beste askotan egin duten bezala, badirudi haien zerbitzu batzuekin integratu nahi dutela; eta hori erabiltzailearen mesedetan dago beti. Besteak beste, Google Now ahots bidezko aginterako zerbitzu berria betaurrekoetan txertatuko luketela aipatu dute. Googleren betaurrekoek, sakelakoetan adierazten den moduko informazioa irudikatuko dute aurki, begi aurrean, Internetez baliatuta; eta guztia, hizkuntza naturalaren bidez jasotako aginduen bidez. Horretaz arduratzeko sistema eragile betaduna —norbaitek zalantzarik balu ere— Googleren Android berbera izango da. Gailuaren garapena aurreratuta dago; hainbat kirolarik sarbidea izan dute betaurrekoetara, haien praktikak zuzenean grabatu eta hodeiaren bidez partekatzeko. Hobetzekoen artean, bateriaren iraupena dagoela diote, haien asmoa baita arazorik ez sortzea egun guztian jarrita erabiliko lukeen jendeari.

Erakutsitako prototipoa minimalista den arren —aluminiozko tira bat, sudurrerako euskarriarekin—, etorkizunean jendearen betaurreko arruntetan barneratzeko aukera iragarri dute hainbat iturrik. Kaleratze eguna ere ez dago argi, baina 2014. urtera arte ez dela eskuragarri izango esan daiteke. Prezioari dagokionez, aldiz, Googlekoek esan dute egungo smartphonen bueltan ibiliko direla betaurrekoak.

Kontzeptu gisa baino mugimenduan ikustea nahiago duenak, beheko bideoan gutako edozeinen bizitza nola alda daitekeen irudikatu dezake.

Laser bidez proiektatutako teklatua, azken patentea

Berriki, albiste izan da Google Glass, gailuari lotutako patente ziragarri bat erregistratu baitute. Laser bidez proiektatutako teklatuak merkaturatzeko gutxi falta den seinaletzat ikusi dute askok. Eman duten deskribapenetik jaso daitekeenez, Googleren errealitate areagotuko betaurrekoen besoetatik irtengo diren izpiek gure beso edo esku ahurraren gainean teklatu edo interfaze bat irudikatuko lukete; eta ukipenezko aginte gisa erabili ahal izango lirateke. Eskuen mugimenduak interpretatzea edo epe baterako tatuaje bidez funtzionatzea posible dela uste duenik ere bada.

Aukerak askotarikoak dira, eta, agian, horiek izan beharrean, beste ezaugarri batzuk integratuko ditu gailuak kaleratzean. Hilabete batzuk isilik igaro ostean, garrantzitsuena dena da Googleren Project Glass ekimena aurrera doala.

AR, kontzeptuak

Errealitate Areagotua: Munduaren beste ikuspegi bat

Errealitate birtualean edo guztiz birtuala den mundu batean, erabiltzailea erabat murgilduta dago mundu horretan, eta ez dauka inguratzen duen ingurune errealaren noziorik. Tankerako murgiltzea lortzen da buruan jartzen den ikusgailu berezi batetik ordenagailu bidez sortutako irudi multzo bat erakutsita. Teknologia horren ekipamendua aginterako gailu zein zentzuak suspertzeko sentsoreek osatu ohi dute.

Errealitate areagotuaren teknologiarekin, ordea, erabiltzaileak mundu erreala ikusten duen bitartean, alegiazko irudiak mundu horretan gainjarrita agertzen zaizkio; hau da, errealitatea eta elementu birtualak espazio berean bizikide bihurtzen dira. Alderantzizko murgiltzea lortzean datza, beraz: errealitatean txertatzen diren elementu birtualak nabarituko dira inguruan soilik, betaurreko berezi edo smartphone-ren pantailen bidez.

Aisialdirako eta ikuskizunetarako sortzen diren pareko teknologia gehienak bezala, egunerokotasunean barneratu den beste aurrerakuntza bat bihurtu da errealitate areagotua; eta egun publizitatea, geokokapena edo beste askotariko xedeetarako erabiltzen bada ere, txikienentzako bideo jokoetan eman zitzaizkion lehendabiziko erabilpenak: Sony Play Station Portable eta PSP euskarriaren Invizimals jokoa, kasu.

Teknologiaren potentziala nabarmena da; baina ezingo da inor harritu orain artean irudimenari edo zinemari esker bizi ziren momentuak berregiten badira azken belaunaldiko edozein gailutatik. Dagoeneko, begiak irekita amesten duen hori ez da bakarrik egongo, inguruan hiria bere horretan dagoen artean, pantaila batera begiratu eta martetarren erasopean dagoen hiri bera ikustea posible baita. Bideo jokoez gain, era askotarikoak dira etekina ateratzen dioten aplikazioak: GPS nabigazioa, meteorologia, bidaia gidak, hezkuntza, kirola, turismoa, zuzeneko itzulpenak, laguntzak, topografia edo aplikazio militarrak dira, besteak beste, erabilpena ematen diotenak.

Atari adituak zerrenda egin zaleak dira, eta errealitate areagotua darabilten aplikazioak ez dira salbuespena haientzat. Jakin-mina daukanarentzat, esteka parea: iPhone-an, http://www.iphoneness.com/iphone-apps/best-augmented-reality-iphone-applications/ eta Android-en, http://www.androidauthority.com/best-augmented-reality-android-apps-93950/.

Teknologiak, gailuek baldintzatuta

Oro har, multzo bitan bereiz daitezke errealitate areagotuko aplikazioak, sakelakoetan eta tabletetan exekutatzen direnak, alde batetik, eta betaurrekoetan egiten direnak, bestetik. Azken horietan, aplikazioa ordenagailu batean exekutatzen da; aurrekoetan, ordea, gailuaren prozesadorean egiten dira kalkuluak, hau da, hardware mugatuago batean.

Telefono euskarrietan eta tabletetan, haiek dakartzaten sentsoreak erabiltzen dira —azelerometroa, giroskopioa, GPS, kamera, eta abar— eta erabiltzailearen aurrean modelo birtuala non gehitu zehazten da horrela, ingurura egokituta. Azken horri, tracking deritzo. Halaber, sentsore horiekin egindako tracking-a ez da idealena, eta horregatik, orokorrean modelo birtual horiek 2Dkoak dira. 3Dko modelo bat gehitzeko, errealitatearen tracking oso zehatza behar da.

Hasiera batean, markatzaileak erabiltzen ziren erreferentzia gisa. Markatzaileak izan daitezke, lurrean kokatzeko fitxa batzuk, edo orri zuriak. Oraindik erabiltzen dira, baina esan daiteke atzean geratzen ari direla, logikoena inguruan markatzailerik jarri behar ez izatea baita.

Harira itzuliz, tracking zehatza egiteko, onena dudarik gabe ikusmen artifiziala erabiltzea da, hau da: gailuek dakartzaten sentsoreak eta ikusmen algoritmoak gailua munduan kokatzeko une oro. Baina teknika horrek prozesamendu ahalmena eskatzen du, eta esan bezala, sakelakoek prozesamendu makalagoa daukate ordenagailu konbentzionalekin alderatuta. Orduan, lan-karga gutxiagotzeko baina tracking zehatza erdiesteko, bi tekniken arteko nahasketa egiten da; sentsoreak eta ikusmena, biak batera erabiliz.

android, Aplikazioak, Apple, AR, tabletak

Errealitate areagotuko zertzeladak Euskal Herrian: kultura, kirola eta aisialdia

Hemen ere badago lekurik teknologia honen adierazpideentzat. Wikitude eta Layar, telefonoentzako Errealitate Areagotuko aplikazio hedatuenetarikoak dira egun mundu mailan; eta Euskadiko Turismo atarian, amua heldu eta hainbat eduki jarri dituzte smartphonen bidez berreskuratzeko bi aplikazio horiek erabilita. Errealitatearekin integratutako informazio turistikoa eta gida interaktiboak jarri dituzte eskuragarri, horrela. Aipatu aplikazioetan nahi den geruza horietako bat bilatu eta instalatu daiteke; eta ondoren, Euskadiko leku desberdinei buruz esateko daukatenaz abantaila atera.

Aplikazioak edukiez hornitzeaz haratago, garatu ere egiten da hemen. Adibidez, entzutetsua izan zen KulturMapp Android aplikazioaren kaleratzea iragan ekainean. EuskoMedia Fundaziokoek, kultura eta ondarea zabaltzeko nahiean, 400 irudi inguru dauzkate Android telefonoetan ikusteko, 175 interesgunetan banatuak.

Kirolari dagokionez, EuskalSurf doako iPhone aplikazioak, Euskal kostatik Landetarainoko surf zaleentzat informazioa emateaz gain, EA erabiltzen du adibidez. Datuak Windugurú ataritik jasotzen ditu eta honek ere badauka bere geruza eskuragarri Layer aplikaziotik, nahiago bada.

Eta aisialdirako, Vicomtech-IK4 zentro teknologikoak eskaintza landuagoa dauka, hainbat aplikazio garatu dituztelarik sakelakoetarako: horien artean, Parc De La Séquia aplikazioa; Manresako (Katalunia) izen bereko parke naturalarentzat garatutakoa. Gida honek EA teknologia erabiltzen du XIV. mendeko bisita arkeologikoan zehar 3Dko avatar animatua erakutsi, eta uneoro monumentuen inguruko azalpen guztiak emateko. Google Play atarian dago eskuragarri, Android dispositiboentzat.

Bestalde, Donostiarrek badaukate beste proiektu bat bidean, ExCoRA. Proiektuaren helburua EA esperientziak sakelako bidez sortzeko euskarri baten garapena da. Esperientziak lagun-taldeentzat izatea da helburu, eta ingurune irekietan gertatuko dira. ExCoRAko esperientziek gynkana baten gidoia jarraituko dute: erabiltzaileek esperientziaren interes puntuak eta frogak gainditu behar dituzte istorio barruan murgiltzeko.