Aplikazioak, Internet, Mugikorrak

WhatsApp

Smartphone edo sakelako telefono adimendunak ugaritzen ari dira hilabetetik hilabetera. 2011. urteko datuen arabera, Frantziako Estatuan, biztanleen %30ek dute horrelako gailu bat, eta Espainiako Estatuan, biztanleen %46k; munduan, bosgarren postuan kokatu da Espainiako Estatua.

Smartphone horiek guztiak eskuratzean, ahots tarifaz gain, bezeroak datu zerbitzua ere kontratatzen du, eta, horrela, Internet konexioa baliatuz, posta mezuak bidali, sare sozialetan ibili eta web nabigatzaileak erabil ditzake.

Datu konexioa izateak, ordea, beste hainbat zerbitzu jartzen ditu erabiltzailearen eskura; esate baterako, datu zerbitzua erabiliz ahots zein bideo deiak egitea eta mezuak bidali eta jasotzea, besteak beste.

Voip

Internet protokoloaren gaineko ahotsa delakoak (Voice Over Internet Protocol) IP erabiltzen duten sareetan ahots elkarrizketak izateko aukera ematen du. Smartphone moduko gailuek Internet konexioa dutenez, teknika aldetik ez dago arazorik sakelako telefonoen arteko deiak voip erabiliz egiteko. Telefono dei hauek printzipioz doakoak dira, ez dute deia egiteagatik kosturik, ez eta deiak irauten duen minutuko kosturik ere. Norberaren herrialdera edo atzerrira deitzeak ere, printzipioz, berdin dio; nabigatzaileekin egiten dugun bezala, guk orri bat eskatzen dugu, eta bost axola orri hori aldameneko herrian dagoen zerbitzari batek eskaintzen digun edo Australiatik datorren.

Teknologia horrek erabiltzailearentzat hainbeste abantaila baditu, zergatik ez da, ba, jendartean apenas erabiltzen deiak egiteko modu hau? Ba, ezbairik gabe, telefonia operadoreen mozkinen kontra doalako. Telefonia operadore askok eta askok, bezeroekin sinatzen dituzten kontratuetan espresuki ezartzen dute horrelako teknologiak erabiltzeko debekua.

Telefono adimenduna eta Internet konexio bat baliatuz egin daitekeen beste zerbait mezuak trukatzea da. Mezu trukerako aplikazio arrakastatsuena, ezbairik gabe, WhatsApp Messenger da.

WhatsApp Messenger

WhatsApp Inc. enpresak sortutako aplikazio bat da WhatsApp Messenger, eta oinarrizko mezularitzaz gain, erabiltzaileek argazki, bideo eta audio mezuak truka ditzakete. Hainbat telefono adimendunetan erabil daiteke: iOS sistema eragilea duten iPhonetan eta Blackberry, Android, Simbian eta Windows Phone duten gailuetan. Instalatu eta lehendabiziko urtean doakoa da (iPhonen jabeek 0.79 euro ordaindu behar dituzte aplikazioaren truke). Gero, urteko bi dolarreko kostua du.

Sakelako gure telefonoetan instalatzen den aplikazio horrek telefonoan dagoen kontaktu zerrenda erabiltzen du, eta bertan dagoen inork WhatsApp instalatua izanez gero, zuzenean hari mezuak bidali eta elkarrizketa izateko moduan izango gara. SMS ezagunaren ondoan, bistakoa da erabiltzailearentzat duen abantaila: mezu trukatze honek ez du inongo gainkosturik. Bi pertsonaren arteko mezu trukatzea arrakastatsua izan bada, solasaldiak taldean egiteko aukerak are eta ezagunago egin du aplikazio hau; lagunarteko zein familiako bazkari edo hainbat gertakizun antolatzeko, erruz erabiltzen da baliabide hau.

Aplikazio honen arrakastaz jabetzeko, ikusi besterik ez dago zenbat pertsonak eskuratu duen smartphone bat aplikazio hau instalatu ahal izateko eta, horrela, lagunartean izaten den komunikaziotik kanpo ez gelditzeko.

Internet bidezko telefo- no deietan bezala, SMS mezu- en zerbitzuan telefonia operadoreen mozkinak behera egin- go du, adibide gisa: Euskaltelentzat, SMS mezuen zerbitzu- ak mozkinen %10 eman zituen iaz. Kontuan izan behar da, halaber, SMS mezuak ez ordaintzeko aitzakiarekin hainbat bezerok datu konexioak kontratatzen baditu operadoreentzat ere mauka ederra izan daitekeela.

Inork galdetuko du zergatik eskaintzen den horrelako zerbitzu bat hain kostu baxuan. Bada horrelako enpresa baten atzetik inbertsio funtsen eskua ikusten duenik. Horrelako enpresa arrakastatsu bat sortzea laster salmenta izugarri bat lortzeko litzateke, eta hainbat erosle prest omen daude horrelako erabiltzaile komunitate handia eskuratzeko, bertan iragarkiak txertatzeko, adibidez.

Internet, Pribatutasuna

Europako Batzordea, datuak ezabatzeko eskubidearen alde

Webgune batean uzten ditugun datuak ezabatzeko eskubidea bermatuko duen lege bat egin nahi du Europako batzordeak. Lege horren aplikazioaren ondorioz, Europako Batasuneko edozein erabiltzailek sare sozialetan gordeta dauden datu pertsonalak ezabatzeko exijitu dezake.

Lege proposamenak aurrera egiten badu, Europako Batasuneko herrialdeek eskubide hori urratzen duten enpresen kontrako neurriak txertatu beharko dituzte bere legeetan.

Datuak ezabatzeko eskubidearekin batera, Europako legeak lehenetsitako pribatutasunaren bermea ezarri nahi du. Horrela, modu lehenetsian, edonork sartzen dituen datu pertsonalak pribatuak izango dira. Inork zerbait publiko egin nahi badu, espresuki adierazi beharko du eta bere baimena aitortu.

Webgune batean gordetako datu pertsonalen kopia lortzeko eskubidea ere aitortzen dio erabiltzaileari lege berri horrek, eta hark horrela nahi izanez gero datuok beste gune batera eramateko eskubidea ere bai.

@Informazio gehiago: http:/www.genbeta.com/redes-sociales/el-derecho-al-olvido-a-un-paso-de-ser-una-realidad-en-la-union-europea

Google, Telebista

Google TV

Google TVBadirudi 2012. urteko produktu entzutetsuenetako bat telebista adimenduak izango direla, hau da, sistema eragile bat darabilten telebistak. SmartTV gisa ezagutzen dira, eta haien ezaugarri nagusia telebista sarera konektatu ahal izatea da, hau da, ordenagailuak balira bezala, Interneten ibiltzeko aukera. Joan den astean jakin zen Canonical enpresak bere Ubuntu sistema eragilea telebistetarako prestatzeari ekingo ziola; eta berriki jakin da ere Googlek, bere Android sistema eragilea darabilen Google TV zabaltzeko ahaleginetan, telebista ekoizleak ordaintzeko prest dagoela. Googlek gezurtatu egin du.

Google TV sistemak eskaintzen dituen ezaugarrien artean hauek aipa genitzake: Android sistema eragilea darabilten sakelakoek telebista mota horien telekomando lana egin dezakete; eta, telebistetan, Chrome nabigatzailearekin Interneten ibiltzeko aukera izango da.

Informazio gehiago: http://www.neowin.net/news/google-paying-to-have-android-installed-on-tvs