crowdfunding, crowdlearning, crowdsourcing, formakuntza, Ikastaroak, kontzeptuak

Amarauna auzolanean

20130320-221116.jpgJendearen ekinez sortutako egitasmoek Internet hartu dute ibilgailutzat. Ez da harritzekoa; izan ere, sare sozialen eta edukia partekatzeko webguneen eztandari esker, edonork informazioa sarean jarri eta kontsumitu dezake. Jauzi hori, Web 2.0 izenez ezagutzen da. Hainbesterainokoa da edukien hazkundea, ezen Googleko zuzendari exekutibo Eric Schmidten hitzetan, «orain, bi egunean behin informazio gehiago sortzen da sarean, zibilizazioa sortu zenetik 2003. urtera arte pilatutakoa baino». Ukaezina da baita ere hazkunde horretan eragin dutela teknologia berriek egunerokotasunean hartu duen lekuak eta sozializatzeko sareek ekarritako eredu aldaketak.

Auzolan eredu berriak

Baina, zein eginkizun izan behar luke Internetek? Internet adimen kolektiboa da, nodoen artean banatutako jakintza hetereogenoen sarea; eta gaitasun horiek dinamizatzeko, mugiarazteko eta partekatzeko ahalmena daukana. Erabiltzaileek sortu, eta haiek kontsumitzen duten datuen bilgunea da. Ideia horren sustatzailea Pierre Levy izeneko filoso, idazle eta irakaslea da; haren L’Intelligence collective. Pour une anthropologie du cyberespace (Adimen kolektiboa. Ziberespazioaren antropologia baten alde ) argitalpenean hasitako korrontearekin (Paris, 1994) .

Aurreko premisa egia bada, arruntena da elkarlana eta partekatzea helburu duten ereduak indarra hartuz joatea Interneten. Izen bera ere badaramate eredu berri horiek: ingelesezko crowd hitza edo jendetza partekatzen dute erro gisa. Crowdfounding edo finantzaketa kolektiboaz Zibergelan esandakoak gogoratzea ez legoke soberan: http://zibergela.bitarlan.net/2012/12/13/crowdfundinga-proiektuak-finantzatzeko-bidea/. Euskaratutako bi webgune ere badaude helburu bererako: http://www.verkami.com/ eta http://goteo.org/ .

‘Crowdlearning’, ikaskuntza kolektiboa

Aurrekoaren ideia beretik edaten du elkarlanerako Crowdlearning egitasmoak ere; baina proiektu hori jakintza banatzera eta bilatzera bideratuta dago. Hezkuntza eta heziketarako eredu berritzailea da Crowdlearning, azken muga gisa du ezagutza handitzea eta jendea erronka berriei aurre egiteko gaitasunez doitzea.

Hala, aditu bat interesatuekin lotzeko hainbat atari zabaldu dira: Skillshare amerikarra da erreferentea: http://www.skillshare.com/. Floqq espainiarrak ere eskola presentzialak nahiz sarekoak antolatzeko balio du: http://www.floqq.com/. Alabaina, ia sinbolikoki bada ere, eskolengatik ordaindu behar da.

Horren harira, antzekoak dira MOOC edo Massive Online Open Course direlakoak, baina jakintza libre idealago batean oinarritzen dira. Modu irekian eta masiboan, plataforma telematiko bidez, ordutegi gabe eta filosofia parte hartzailean oinarritutako doako eskolak osatzean du oinarria. Euskal Herrian badago horren eskaintzarik: UEU eta Asmoz Fundazioak aurreneko euskarazko MOOC ikastaro bat antolatu berri dute, Android programazioari buruzkoa. Informatikariei eta programatzeko zaletasuna duen edonorentzat da, eta matrikula epea apirilaren 31ra artekoa da. Webgunea honako hau da: http://mooc.asmoz.org/.

‘Crowdsourcing’, ekintzailetza kolektiboa

Crowdsourcing adibide onena Wikipedia da: ohiko lana banaka eta toki jakin batean egin beharrean, Interneti esker, hainbaten artean lana zati txikitan eta hainbat tokitatik banatuta egitea litzateke ideia.

Metodologia horri abantailarik onena ateratzen dion esparrua aplikazio informatikoen programazioarena da, hala ere. Elkarren arteko mendekotasuna daukaten dokumentu sorten bertsioen kontrola eramaten duten tresnak erabiltzen dira, pertsona asko dokumentu bakarrean ibiltzea inorentzako eragozpen izan ez dadin. Horien artean tresna ezagunena Git (http://git-scm.com/) da. Amaraunean Git erabilita kontrola eramaten duen Crowdsourcing ataria josita dago proiektuz, kodea jaitsi eta erabiltzeko prest dago: https://github.com/.

Internet, lizentzia libreak, Mugikorrak, Nabigatzaileak, Sakelako Telefonoak, tabletak

Mozilla WebRTC: laster, deiak nabigatzailetik telefonoetara

20130320-222039.jpgBartzelonan ospatutako Mobile World Conference 2013an iragarri zuten Mozilla etxekoek garatu bidean daukaten teknologia interesgarri berria: Web Real-Time Communications, edo WebRTC, kode irekian oinarritutako teknologia; webgunearen bidez, komunikaziorako aukera berriak integratzeko sortu dute. Sakelako telefonoetara fitxategiak bidaltzea, deiak egitea eta SMS mezu motzak bidaltzea ahalbidetuko du. Abenturan Ericsson suediarrak eta AT&T amerikarrak batu zaizkie, eta asmoa da Firefox nabigatzaileaz gain, beste browser eta gainontzeko euskarrietarako balioko duen estandarra lortzea.

Garatzeko erantzukizuna W3C erakundeko talde batek hartu du, eta hori beti da estandar berritzaile bat lortzeko bermea. Asmakizunaren abantaila nabariena da gizarteak telefonoen gainean daukan menpekotasuna amaituko duela, baina ez konektatuta egoteko beharraz duen menpekotasuna.

Garatzeko bidean

Internet sarbidea duen edozein nabigatzaile aski izango da komunikazioak egiteko. Hala, bateria edo seinale gabezia ez dira eragozpenak izango ordenagailutik elkarrizketarekin jarraitzeko, bideo konferentziak egiteko edo mezu motz bidez erantzuteko. Horretarako, norbere zenbakiarekin sinkronizatu eta telefonoko agendara ere sarbidea izango omen du zerbitzuak. Horrek zalantzak sor ditzakeen arren, gogoratu Applen iCloud hodeiko zerbitzuak ere aspalditik gordetzen dituela kontaktuak haien zerbitzarietan, segurtasun kopia gisa bada ere.

Gainera, era natiboan ibiliko da WebRTC; nabigatzailean inolako gehigarri edo plugin-ik instalatu beharrik gabe, hain zuzen ere; eta HTML5 teknologiaren erabilerari esker, ziurrenik.

Ezin da ahaztu, sakelakoek ere nabigatzaileak dauzkatela, eta ondorioz, onuradun zuzenak izango direla telefonoetarako Ubuntu OS eta Firefox OS sistema eragile berriak. Adi egon beharko da albisteetara; izan ere, hastapenetan dagoen proiektua besterik ez da gaur-gaurkoz.

android, Aplikazioak, Apple, Microsoft, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, Sare sozialak eta Microblogging, Sareak

Whatsapparen gurpil zoroan

whatsapp-spotbros-lineAzkeneko mugimenduei begiratu besterik ez dago ikusteko Whatsapp nora ezean dabilela. Hasieratik ere, bidegabea zen lizentzia eredua zeukan mezularitza aplikazioa, lehen eta bigarren mailako erabiltzaile taldeak bereizten zituen: hots, Symbian eta iOS erabiltzaileak 0,89 euro ordaintzera behartzen ziren deskargatzeagatik; Android euskarridun erabiltzaileek, berriz, doan jaitsi zezaketen Whatsapp aplikazioa. Askoren amorrua piztu arren, gehiengoak erabilitako tresna izateagatik horrelakoak egin zitzakeen, eta ados ez zegoen gutxiengoa baztertzeko adinako pribilegioa eman dezake.

Orain azaleratu den tranpa txiki bat zeukan, baina, estrategia horrek atzean: lehendabizikoek lizentzia mugagabe eskuratzen zuten, baina bigarrenek —musu truk lortzen zutenek— urtebeterako erabilpenera mugatua zuten lizentzia (Androidetako bertsioen konfigurazio atalean begiratu daiteke hori). Hala ere, mugara iristen zenak ez zuen pairatzen desberdintasunik, baimena beste urtebetez luzatzen zitzaiolako, iragan otsailean politika aldaketa egitea erabaki zutenera arte. 89 zentimoko bidesaria asko ez den arren, gurpil-zoroa abiarazi zuten Whatsapparen arduradunek, eta ordutik komunikabideetan oihartzuna izan duten adierazpen eta zurrumurruak etengabeak izan dira. Ez da erraza esaten tanteatzen dabiltzan ekaitzaren begitik nola irten, edo haien kontrako erasoak besterik ez diren; baina onena, orain dela egun pare bat jaso zen: oraindik ordaindu gabe zeuden Android erabiltzaileek ez zutela mezularitza aplikazioagatik ordaindu beharko iragarri zuten. Garbi dago bezero asko sutu zituela horrek, desorekak handiagotuko lituzkeelako erabaki horrek; ez euskarri desberdinetako erabiltzaileen artean oraingoan, txarragoa baizik: Android plataforma berdinean kutxatik pasatakoen eta oraindik beharrik izan ez zutenen artean.

Azken zantzuen arabera, eta Jan Koum Whatsappeko zuzendari exekutiboaren ahotik, zurrumurruak faltsuak ziren: gezurra da aplikazioak doakoa izaten jarraituko duela Android erabiltzaileentzat. Hemendik atera daitekeen ondorioak ere kontrajarriak dira: batetik, hasieratik erabiltzaile guztientzat irizpide bateratua izatea mesedegarri litzaieke orain. Baina, bestetik, ez al dira iritsi merkatuko tontorreraino politika horri esker? Garbi dagoena da irizpide dantza horren ondorioz erabiltzaile askok bizkarra eman diotela Whatsappi eta itzulerarik izan ohi ez duen bideari ekin diotela.

Esanak esan, jendearen ahotan egotea omen da kontua; gaizki esaka nahiz bestela, publizitatea beti delako onuragarria. Argi dagoena da mauka ederra utzi dietela lehiakideei.

Spotbros

Doan eta letra xehe gabe, alternatiba direnen artean entzutetsuenak Line eta Spotbros dira. Bigarren honi buruz esatekoak utzi genituen jada: http://zibergela.bitarlan.net/2012/10/18/spotbros-aplikazioa-whatsappari-merkatua-jan-nahian/.

Getxotarren asmoa orain Ameriketara joatea omen da, milioi bat erabiltzaileren muga gainditu berritan. Hego Amerikako merkatuetan sendotu nahi dute orain dela bost hilabete hasitako bide arrakastatsua. Gogoratu, Spotbros pribatutasunagatik bereizten dela besteengandik eta irrintzia edo shout ezaugarriari esker gertu dauden ezezagunei mezuak bidali ahal izategatik.

Line

Line japoniarrari buruz asko esan daiteke. Eta Whatsapp aplikazioari bezero gehien kentzen dion zerbitzua da. iOS, Android, Blackberry eta Windows Phone sistemetan erabil daiteke; eta mezuak bidaltzeaz gain, deiak egiteko aukera ere eskaintzen du. Berezitasun nabarmenena da ordenagailutik sartzeko bertsioa daukala, eramangarritasunean eta erosotasunean irabazten du horrela. Lineren arrakasta, baina, sticker izena duten ilustrazioen erabilpenean datza. Hauek emotikonoak ordezkatzen dituzten pantaila osoko anime erako marrazkiak dira. Urtarrileko datuen arabera, Linek 100 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu munduan.