android, Aplikazioak, Apple

iOS eta Android aplikazioen eguneratzeei entzungor?

20130403-102429.jpg

Lantzean behin, telefono eta tablet erabiltzaileek aplikazioen eguneraketen berri jasotzen dute. Utzikeriagatik sarritan, makina bat App berritu gabe uzten dira abisuei entzungor eginda. Agerkari horien zeregina da, besteak beste, erabiltzaileak jakinaren gainean jartzea, aplikazioentzat eskuragarri daudela, edota aldaketa, funtzio hedakuntza zein akatsen zuzenketak egitea. Tarteka agertzen diren eguneraketei esker, garatzaileak gai dira erabiltzaileei eskaintzeko hobekuntzak nahiz aukera berriak emateko. Interfazearen aurpegi aldaketa bat izan daiteke, Android-erako Whatsapp-arekin berriki egin duten gisara; edo funtzio erabat berria izan daiteke, Google Currents aplikazioan sartu duten albisteak irakurri bitartean entzuteko aukera bezala.

Are gehiago esan daiteke eta zentzudunena, eguneraketak ageri ahala instalatzea da. Hain zuzen ere, hainbatetan berrikuntzaz gain, aurkitutako akatsak zuzendu edo datuen lapurtzeak eragozteko adabakiak edo partxeak baitira jasotzen direnak.

Non eta nola eguneratu

Android sistemen erabiltzaileek, 4.0 Ice Cream Sandwich bertsiotik aurrerakoek behinpein, jakinarazpen horiek pantailaren ezker-goialdean jasotzen dituzte. Horietako bati klik eginda, Google Play dendako eguneraketak ikusteko aukera legoke. Oharkabean galdu dutenek -edo bertsio zaharragoetako erabiltzaileek- zuzenean dendara joan, menu botoiari eman eta “Nire aplikazioak” aukera eginda eskuragarri dituzte, era berean. Android euskarrietan gainera, garatzailearen orrian hautatu daiteke aplikazio horren eguneraketak argitaratu ahal norbere gailuan instalatzeko.

iOS euskarrien jabeek bestalde, ez dute aplikazioen eguneraketen berri agerkari bidez jasotzen. Horren ordez, aplikazio bakoitzak adierazten du jakinarazpenik duen haren lasterbidearen gainean gorriz inguratutako zenbaki batekin; kasu honetan, zenbat aplikazio dauden berritzeko zain adierazten du App Store lasterbideak. Oharra balego, App Store-n sartu eta Updates edo eskuinerengo atakan izango da eguneraketak dituzten aplikazioen zerrendaren berri. Deskarga automatikoak gaitzea badago, baina ez banaka hautatzeko.

Bietan ere, banaka hautatu daitezke berrikuntzak, edo erosoagoak izanez, guztiak batera deskargatu. Hala ere, eguneraketaren azalpenari muzin egin eta sorpresa desatseginik ez izateko, ezinbestekoa da jaso diren aldaketei adi izatea; litekeena baita gogoko den ezaugarri bat galtzea batetik bestera, adibidez.

Ziztu bizian datu-kontsumoa agortzeko arriskupean

Instalatzeko eman eta minutu batzuen buruan prest izan artean, datu kontsumo bat dago. Abiadura motelagoa da, eta hileko kuota agortu daiteke, telefonoko Interneta erabiltzen bada WiFi-aren ordez. Ezarpenetara joan eta eguneraketa eta besteriko deskargak Wifi sarbidetik bakarrik egitera mugatzeko aukera baliagarria dauzkate. Eguneraketa deskarga automatikoa aktibatuta dagoenean baliagarria da, beraz: iOS kasuan Ezarpenetara joan eta “iTunes and App Store” atalean aukeratu daiteke datu mugikorrak ez baliatzea; Android-en, Google Play dendaren Ezarpenetan.

Osagarri Informatikoak

Paper elektronikoa, baliabide ekologikoa

papera1Gizakiak betidanik sentitu du ideiak hedatzeko beharra, eta, hortik, komunikatzeko bitartekari egokienak bilatzeko nahia. Leizeetako hormak lehenik eta behin, papiroa geroago, eta denbora batetik gaur egunera, papera izan da gehien erabilitako euskarria. Baina euskarri guztiek dituzte eragozpenak, eta paperarena aski ezaguna da: hura ekoizteko zuhaitz kopuru handia behar da.

Ez hori bakarrik, larritzekoa baita papera sortzeko prozesuan beharrezkoa den energia kontsumoa ere. Ugari dagoenean ez zaie txikikeriei begiratzen, eta paperaren baliokide teknologiko hurbilenak, liburu elektronikoak berak ere jai luke elektrizitaterik gabe. Orain,Taiwango ikertzaile batzuek mendekotasun hori hautsiko duen euskarri berria asmatu dute: I2R e-paper izeneko paper elektronikoa: elektrizitate beharrik gabe erakusten du atxikitakoa. Esan daiteke inprimatzeko euskarri ekologikoa dela, berrerabil eta berridatz daitekeena.

Taiwango industri teknologien ikerketarako institutuaren arabera, berotasun iturri bat nahikoa da informazioa pantailan gordetzeko. Erabili ondoren, birziklatzeko beharra baztertu, eta idazketa termikodun gailu batek hasieratuko du orria. 260 alditan errepikatu ahalko da gehienez ezabaketa, material elektronikoak propietateak galdu orduko. Erabilpenak era askotarikoak izan daitezke: liburuak, buletinak, pankartak, izenpe digitalak, produktuen etiketatzea, eskegitzeko kredentzial fitxak… Zerrenda luze batentzat iraultza pare bat urteko kontua izan daitekeela iragarri dute.

Oztopo izan daitekeen arren, erakutsi duten prototipoa zuri- beltzekoa da, baina alderdi ekologikotik ekarriko lukeen aurrerapenak pisu handiagoa izatea itxarotea beste aukerarik ez da geratzen.

Aplikazioak, elkarlana, formakuntza, Hezkuntza, HTML5, Internet, Mahaigaina, Mugikorrak, Ofimatika, Sakelako Telefonoak, Sare sozialak eta Microblogging, tabletak

Aurkezpen ikusgarrienak sarean

aurkezpenak1Aurkezpenak ezinbesteko baliabide dira jakintzaren transmisiorako. Oro har, ikerketa baten emaitzak adierazteko erabiltzen dira. Datu horiek argitzeko balio duten soinu eta irudiak uztartzen dituzten edukiak aurkezten zaizkie ikusleei. Informazioa jaso behar dutenen arreta lortzeko, funtsezkoa izan ohi damultimedia baliabideak erabiltzea. Orain, sareko zerbitzu ugari daude, Powerpoint eta beste hainbat programak baino emaitza hobeak dituzte, horiek zaharkituak uzteraino.

Prezi, aurkezpen ez-linealen erreferentea

Prezi, aurkezpen bikainak egiteko web aplikazio intuitiboa da. Nahi duen orok irudiak, bideoak edota PDF fitxategiak jar ditzake aurkezpenen oinarri gisa erabiltzeko. Hauexek ditu berezitasun nabarmenetakoak: Internetera konektatu gabe aurkeztu ahal izateko fitxategi gisa deskargatu daitezke diapositibak, posta elektronikoz parteka daitezke eta hainbat lagun aurkezpen berarekin elkarlanean ibil daitezke. Zerbitzuak txantiloi ikusgarriak dauzka prest, aurkezpena pertsonalizatzeko erabili nahi dituenarentzat. Inoiz ikusi gabeko aurkezpen zinematografikoak dira emaitza, eta zoom efektua lortzen du, berehala ikusleen arreta lortzeraino. Bideo batean ikusleak bizitzen duen murgilpena lortzen da, aurkezpen xume batean zaila dena lortzen.

Erregistratu beharra dago haien webean http://prezi.com/; bestela, Facebook kontua erabil daiteke. Doako kontuak 100MB-rainoko memoria kuota baimentzen du, nahi diren aurkezpenak sarean gordetzeko. Prezik instalatzeko bertsioak dauzka, hodeian baino lokalean lan egitea nahiago dutenentzat. iOS euskarrientzako aplikazioa Appstore dendan doan deskargatzeko aukera dago, baina ordenagailuko bertsioa 30 egunetako proba mugara lotuta dago. Hartzeko: https://prezi.com/desktop/.

Calaméo, aldizkari gisako aurkezpenak

Argitalpen interaktiboak sortu, osatu eta partekatzeko web tresna da Calaméo. Osagai gisa, fitxategi mota pila onartzen ditu —PDF, OpenOffice, MS Office, etab.—, eta liburu birtual bat izango balitz bezala irakur litekeen dokumentu bat da prozesuaren emaitza. Hemen ere, erosoena Facebook kontua lotzea da izena emateko. Weba: http://en.calameo.com/.

Jux, argazkiak erakusteko era ikusgarria

Web aplikazio ugari dira erabiltzaileen alderdi sortzaile edo artistikoari etekina atera nahi diotenak, eta JUX horietako bat da. Norbere argazkiak oinarritzat harturik, era askotariko aurkezpen ikusgarriak sortzeko balio du. Izena eman ostean, ondorengo formatuen artean aukeratu behar da: argazki sinplea, bideoa, artikulua, irudi aipamenduna, elementu zerrenda edo aurkezpena. Beste behin ere, nabarmentzekoa da gunea erabiltzeko erraztasuna. Sekulako lan itxurosoak lortzen dira denbora motzean. Irudiak kargatzeko, aldiz, norbere ordenagailua, URL Internet helbide bat, zein Facebook, Flickr nahiz Instagram izango dira iturriak. HTML 5 du oinarritzat, eta edozein euskarri erabiltzen dela dela ere, emaitzak ezin hobeak ditu. Probatzeko, haien atarira jo: http://jux.com/.

Slidus aurkezpenen komunitatea, euskal labela

Bilboko Tapquo enpresaren burutazioa izan da aurkezpenen munduko profesionalen sare soziala sortzea. Hots, berrikuntza nagusia, ezaugarri horretan datza: aurkezpenen eta adituen bilgune izateaz gain, merkatu gisa funtziona dezan nahi dute. Horrela, diseinatzaile eta maketatzaileek jarri ahalko dituzte haien sorkuntzak, eta erabiltzaileei eskuragarri utzi atarian, integratutako denda baten bidez. Era horretan partekatzen dute etekina sortzaileek, eta publizitatearekin gertatzen diren gehiegikeriak saihesten dituzte.

Garatzeko bidean den beste lerro bat aplikazioena da; besteak beste, sakelako telefonotik aurkezpenaren agintea hartzea, aurkezpenera urrutitik konektatutako gailu guztietan diapositiba aldatzea eta denbora errealean funtzionatuko lukeen aurkezpena bukatu ondorengo galdera sorta erantzuteko sistema lortzea dituzte buruan. Benetan egin beharrekoa ere fin betetzen du: aurkezpen dinamikoak erakusten ditu, ohiko paradigma lineala hausten du, eta, gora nahiz behera egiteko aukera gehitzen zaio geziak ukitu hutsarekin. Oraingoz, dauden txantiloien artean ez dago harribitxirik, baina HTML 5 eta CSS3 teknologien aldeko apustuek laster ekarriko dute horrelakorik.

Slidus ingelesez dago bakarrik. Izan ere, benetako garrantzia eramangarritasunari ematea erabaki dute. Erabiltzaileak euskarriaz arduratu gabe, dagoen lekutik sakelako telefonoaren bitartez, tablet edo ordenagailuz atzi dezake atarian jarrita dagoen informazioa. Doako sarbidea badago, baina bi aurkezpenetarako da soilik eskaintza. Ordaintzekoak dira Pro eta Unlimited, hamar aurkezpen eta mugarik gabekoa, hurrenez hurren. Azkenik, enpresentzako bertsio bat ere eskura dago, aurkezpenak era pribatuan gordetzea ahalbidetzen duena.

Beta bertsioan dago, oraingoz, baina adituen arreta bereganatu du dagoeneko Bizkaiko enpresaren webguneak: http://slid.us/.

**EGUNERAKETA: Slidus honezkero ez dago BETA bertsioan eta merkatura dakarren aipatu ezaugarri berritzailea ere abian da; aurkezpenera konektatzen direnen diapositibak ere aurkezleak aldatu ahala ikustea, hain-zuzen.