musika, tabletak

Rock Prodigy, gitarra ikasteko modurik onena

young man plays guitariPad-a hartu, trastelekutik gitarra zaharra berreskuratu eta jotzen ikasteko gogoa piztuko zaie askori Rock Prodigy-ren berri izan bezain pronto. Intuizioz akordeen oinarriak barneratzeko tresnarik onena da, pentagrama bati inoiz heldu ez diotenek ere gogaitu gabe eusteko bezalakoa.

Bideo jokoen mundutik edaten du zuzenean Rock Prodigy aplikazioak, Guitar Hero edo Rock Band modakoengandik, hain zuzen. Baina ez dadila inor nahastu hemen, ez baita jokoa honakoa, entretenituz gitarra ikasteko lanabesa baizik. Tablatura bat erabiliz ikastea bezalakoa da, baina interaktiboagoa eginez prozesua: partituran sokak erakusten dira, bakoitzaren gainean behatzak non kokatu adierazten duten zenbaki batzuekin batera. Bada, tabletaren mikrofonoa erabiltzen du aplikazioak, jotzen dena momentuan identifikatuz eta bideo joko bat balitz bezala nota egokia jo den aldi oro adieraziz. Gitarra afinatzeko aukera ere badauka, hari bakoitza noraino estutu edo leundu adierazten baitu, ezertan hasi orduko. Bikaina benetan.

Bi eragozpen dauzka, hala ere: prezioa eta hizkuntza. App Store-an 90 euro lagatzeak ausartena ere kikildu dezake. Bestetik, menuak eta jarraibideak ingelesez dira; Shakespearen hizkuntzarekin zailtasunak dituztenentzat arazo iturri bihurtu daitekeena.

Poltsiko epelagoentzat alternatiba: Coach Guitar aplikazioa

App honetan, ez dira emandako akordeak entzuten, eta ezin da jarraipenik egin; hots, bideo-tutorialak ardatz dituen ikastaro baten modukoa da. Aldiz, espainieraz edo frantsesez jarraibideak entzun ahal izatea eta doan izatea daude balantzaren beste aldean. Kasu honetan, izar handien abestiak imitatuz ikasi daiteke, gainera: AC/DC, Bob Marley, Lynyrd Skynyrd, The Eagles, Metallica, The Beatles, Gun N’Roses edo Eric Calpton, hainbaten artean.

Hardware, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak

‘Phonebloks’, nahieran eta zatika eratutako telefonoa

phonebloks1Telefonoek apurtzeko edo zaharkituta geratzeko urte pare bat nahikoa izaten dute gehienetan. Larriena zera da: arazo iturri pieza bakarra izanda ere, sakelako telefonoa osorik jaurtitzen dela zaborretara, ezinezkoa delako atal hori bakarrik eguneratzea edota ordezkatzea. Pentsamolde hori aldatzea du xede Dave Hakkens herbeheretarraren proiektu batek, ken daitezkeen blokeez osatutako telefono baten bidez. Bloke horiek oinarri batera konektatuta joango lirateke, zeinak, era berean aurrealdetik pantaila bati lotuta, telefono sendo baten itxura hartuko lukeen. Phonebloks deitu dio kontzeptu berritzaileari.

Blokeak erroan

Lehenik, nork bere telefonoa neurrira osatu ahalko luke blokeka, eta, ondoren, zati horietako bakoitza berriekin aldatu ahal izango luke apurtzean edo zaharkitua geratzean. Besteak beste, pantaila arrakalatzea edo telefonoaren abiadura 1GB RAM-etik 4GB-era hobetzea ez litzateke inolako eragozpen izango Phonebloks batean. Aurrez, era berean, lehentasunez eratutako Phonebloks telefonoa erosi ahalko litzateke edo bakoitzak nahi dituen funtzionalitateak aukeratuz hainbat etxeren blokeekin osatu gailua. Helburua zera da: orain, estandar ireki bat sortzea, eta, gero, hainbat enpresak beren blokeak garatzea, eta aukera zabala jartzea erosleen eskura.

Kontua da, beraz, ordenagailuetan PCaren sorkuntzatik ikusi den modularitatea kopiatzea, eta baztertzea iPhone sistema itxien eta enparauen iluntasuna eta sekretismoa. Horretarako, Blokstore deitu duten hardware denda batean pentsatu dute; bezeroek blokeak erosteko, berrikuspenak eta kritikak irakurtzeko edota haien bloke zaharrak saltzeko balioko luke. Hakkensek sortutako eredu horretan, gainera, telefonoen osagaiak hainbat enpresari erosi ahal izango genizkieke, behin plataformaren estandarrak ondo zehaztuta. Etxe bakoitzak —handiek nahiz txikiek— bloke berriak garatuko lituzkete, beharrizan askotarikoak asetzeko balioko luketenak: eguzki indarrez kargatzeko bateriak, itsuentzako pantaila sentikorrak, bidaiatzeko material arindunak…

Horiek guztiek ekarriko luketen pertsonalizazio aukera handia izango litzateke, inolako zalantzarik gabe. Indarra jarriz piezak aukeratzeko askatasunaz haratago, batek beharrezkoak ikusten ez dituen osagaiengatik ordaindu behar izatearekin bukatuko litzateke.

Irauteko diseinatua, aro berria

Prestakuntzak etengabe hobetzea bilatzen duen teknologiaren gizartean, dinamikatik irten baina horregatik martxa galdu nahi ez dutenentzat pentsatuta dagoen gailua dela esan daiteke. Eguneratzeko nahiz konpontzeko egina dagoela, alegia. Abantailak berehalakoak lirateke, beraz: iraunkorragoak, merkeagoak eta soberakin elektroniko gutxiago sortuko luketen garapen eredua aurkeztuko luke. Kontsumoari lotutako ereduaren jarraipena izanda ere, naturarekin begirune handiagoa lekarkeen bat litzateke. Eta egun elektronika kontsumoan izarra denaren gurpil zoroaren abiadura moteltzea; ez litzateke gutxi, hortaz.

Hakkensek pauso bat gehiago eman nahi du, eta era guztietako eragileak konbentzitzea da lehen eginbeharrekoa. Phonebloks teknikoki posible egiteko, enpresa, inbertitzaile, diseinatzaile, ingeniari eta ikertzaileen atxikimendua beharrezkoagoa baita dirua baino. Horretarako, deia egin du http://www.thunderclap.it/ plataforma erabilita. Sare sozialetan baino ohiartzun handiagoa lortzea zaila da, eta, beraz, lagundu nahi duenak mezu honi erantsita idatz ditzake hitz batzuk: «#phonebloks thndr.it/15eLHbz».

android, Aplikazioak, Apple, tabletak, Windows Phone

Aditzak.com aplikazio berria, aditzak erabiltzen ikasteko

aditzak.com1Aditzek makina bat buruhauste eragin ohi diete hizkuntzak ikasten ari direnei. Ordea, Interneten gero eta alternatiba gehiago aurki ditzakegun artean, gurean ere lagungarri dago euskarazko aditzekin zalantzak argitzeko tresna berria. Ekarpena Garikoitz Knörr itzultzaileak egin du, Ideateka enpresarekin elkarlanean sorturiko webgunean, eta 2011z geroztik martxan da: Aditzak.com. Orain, aldiz, pauso bat haratago joan, eta irisgarritasuna hobetuz, izen bereko aplikazioa plazaratu dute sakelako telefono nahiz tabletetarako, Irontec enpresaren laguntzaz baliatuta. Kontua da posible dela euskarazko aditzen taula alboratzea, eta Internet sarbide gabe ere kontsulta egitea.

Izan ere, inspiraziorik izan ezean, askotan ez da erraza izaten euskal aditzak erabiltzen asmatzea, eta, zalantzen kasuan, orain arte, Aditzak.com web atarian egin zitekeen, eta aurrerantzean edozein telefono adimentsutan zein tabletetan ere egiteko aukera dakar aplikazio berriak. Euskal aditzak erabiltzeko aukera ematen du, sartu bezain laster ageri diren aukeren artean hautatuta. Tresna horrek euskararen erabilpen zuzena ahalbidetzen du, 1.500 aditz konbinazio baino gehiago eskaintzen baititu. Orainari, iraganari, etorkizunari eta baldintzari buruzko informazioa dakar.

Beraz, euskara batuak dituen aditz guztiak arakatu nahi dituenak, edo aditzok erabiltzerakoan zailtasunen bat duela igartzen duenak, hobetzeko zein egiaztatzeko aukera dauka app horrekin. Aditzak.com aplikazioa doakoa da, eta eskuragarri dago Android, iOS, Windows Phone eta Symbian sistementzat, bakoitzari dagokion dendetan.