Microsoft, Sistema Eragileak

Microsoft Windows 8

win8Otsailaren 29an Microsoftek Windows 8 sistema eragilearen Consumer Preview bertsioa argitaratu zuen. Bertsio hau ez da behin betiko bertsioa, publikoki eskura jartzen den lehenengo probazko bertsioa baizik. Ba albistea iragarri eta egun berean sistema eragile berriaren milioi bat deskarga burutu ziren Microsoftek berak adierazi zuenez.

Deskargatu eta instalatu

Norbaitek MS Windows 8 berria ikusi nahi badu, Microsoften webgunetik deskargatu daiteke DVD batean grabatzeko irudia, hau da deskargatzeko lotura: http://windows.microsoft.com/en-US/windows-8/iso

MS Windows 8 instalatzeko, memoria GB bat edo gehiago gomendatzen dute eta 2 GB 64 biteko bertsioa instalatzeko eta disko gogorrean 16 GB egon beharko dira libre eta 20GB 64 biteko bertsioa instalatzeko. Prozesagailuari dagokionez, Gh 1 edo azkarragoa izatea gomendatzen da Microsoften webgunetik.

Dena dela, eta behin-behineko bertsio bat izanda, gomendagarria da gailu birtual batean instalatzea. Horretarako Virtual Box (https://www.virtualbox.org/) aplikazio librea erabil daiteke adibidez.

Metro interfazea

MS Windows 8ren aldaketarik ikusgarriena eta nagusiena Interfazean dago. Sistema eragilearen itxura eta, beraz, neurri handi batean erabilera ere bai, guztiz aldatu dira. Eta hau da bereziki Microsoften apusturik handiena bertsio berri honetan. Gauzak ez dira aurkituko lehen zeuden lekuan, beraz, hau ere izango da erabiltzaileen aldetik aldaketarik iraultzaileena. Erabiltzaileak sistema eragilearekin lan egiteko era berri batera ohitu beharko dira.

Microsoftek Metro interfazea erabiltzea erabaki du Windows 8n. Interfaze hau bereziki moldatuta dago Tablet gailuetarako eta ordenagailu eramangarrietarako. Gainera Interfaze hau bideratuta dago ukipen pantailekin erabiltzeko.

Mahaigainean dauden lasterbide guztiak mosaiko baten moduan erakusten dira, gainera, animatuta daude eta egoeren arabera aldatzen joaten dira edo aplikazioari buruzko informazioa erakusten dute. Mosaiko hau erabiltzaileak nahi duen moduan antola dezake.

Aplikazioak ere interfaze honetara moldatuta egon daitezke ala ez, beraz “Metro” aplikazioak eta “ez metro” aplikazioak egongo dira. “Ez Metro” aplikazioak leiho bakar batean metatzen dira, ohiko mahaigainari dagokiona.

Metro interfazearekin sortutako aplikazioek diseinu sinpleagoa eta garbiagoa daukate eta oso egokiak izaten dira ukimen-pantailarekin erabiltzeko. Windows 7ren ohiko mahaigaina eskuragarri dago une oro, beste aplikazio bat izango bailitzan, hasierako mosaikoan. Mahaigain honetan elementuak ohi bezala agertzen dira.

Aplikazioei dagokienez Windows 7ren berdinak dira, eta zentzu honetan berritasun bakarretarikoa da Metro interfazera moldatuta daudela. MS Windows 8ren lehenetsitako nabigatzailea MS Internet Explorer 10 da.

Pantailaren bazterrak

Pantailaren bazterretan ere funtzionalitateak daude eta saguaren erakuslea hurbilduta edo ukimen-pantailetan atzamarrarekin ukituz agertzen dira funtzionalitate hauek. Beheko-ezkerreko bazterrean adibidez “Hasi” botoiaren ordezkoa dago. Goiko-ezkerreko bazterrean irekitako aplikazioak daude eta goiko-eskumako bazterrean sistemaren panela dago non sistemaren ezarpenak eta bilaketa dauden, esate baterako.

Saguaren eskumako botoia

Saguaren eskumako botoiari sakatutakoan gauza bat edo beste bat agertuko da erabiltzailea egiten ari denaren arabera. Hasiera pantailan adibidez, eskumako botoiari sakatuta, panel bat irekiko da sisteman instalatuta dauden aplikazioekin. Hor Metro aplikazioak eta ohiko aplikazioak bereizten dira. Metro aplikazioetan gainera, aplikazio bakoitzeko aukera ezberdinak ere agertu ahal dira bertan.

Multimedia

VLC 2.0 Twoflower bertsio berria kalean dago

vlc_20Iragarrita zegoen bezala VLC-k bere erreproduzigailu ezagunaren belaunaldi berri bat kaleratu du. VLC 2.0 “Twoflower” izendatu du bertsio berri honi. Proiektuaren webgunean, http://www.videolan.org/#download, deskargatu daitezke sistema eragile ezberdinetarako bertsioak.

Berritasunei dagokienez, deskodifikazio abiadura hobetu da nagusiki eta kalitate handiko formatu gehiagorekin lan egiteko aukera eskaintzen du. Baina aldaketarik nagusiena Mac bertsioan nabaritu daiteke non interfaze konplexuagoa aurkituko duten bertsio berria instalatzen duten erabiltzaileek. Aldaketa horren xedea multimedia eduki osoa kudeatzeko aukera gehitzea omen da. Hala ere, nolabait, aldaketa honekin Mac OS X sistema eragileetan, erabiltzaile askok maite zuten erreproduzigailu erraz eta arin horretatik urrundu da eta multimedia eduki osoaren kudeatzailea izateko bide erdian gelditu da.

Internet

Internet estatistikak

statics2Oso ohikoa da Interneten estatistikak egitea, Internet erabiltzaileen kopurua edo zein den nabigatzailerik erabiliena. Estatistikak eskaintzen dituzten webgune asko aurki daitezke amaraunean. Estatistika hauek, estatistikatzat jota, hori besterik ez direlako, baliagarriak izan daitezke Interneten hedapena noraino heltzen den edo benetan arrail digitala nolakoa den jakiteko. Honez gain, beste datu guztiak ezagut daitezke, zein neurritan erabiltzen den Internet zerbitzu bakoitza eta nola nabigatzen diren Internet erabiltzaileak.

Internet erabiltzaileak

Estatistiken arabera, 6.930 milioi biztanle zeuden mundu osoan 2011ko martxoan. Baina 2.095 biztanle bakarrik zeuden Internetera konektatuta, %30, alegia. Beraz, kontutan hartuz gero, 2000ko abenduan zeuden 361 milioi erabiltzaileak, Internet erabiltzaile kopurua %480 igo da hamaika urtetan. Oso datu baikorra izango litzateke, ez bazaio txanponaren beste aldean erreparatzen. Izan ere, oraindik munduko biztanleen %70ak Internet sarbiderik gabe jarraitzen dute. Beraz, arrail digitala deritzona, izugarri handia da mundu osoko estatistikei jaramonik eginez gero.

Guztirako erabiltzaileei dagokienez, %44,8 Asiako erabiltzaileak dira, europarrak %22,1 eta Ipar Amerikakoak Internet erabiltzaile guztien %12 besterik ez dira. Hego Amerikakoak, ordea, %10,1 dira eta Afrikakoak %6,2. “Ranking” honen amaieran Ekialde ertaina eta Ozeania daude, erabiltzaile guztien %3,4 eta %1,1 dauzkate hurrenez hurren.

Alabaina, herrialdez herrialde datuak aztertuz gero, asko aldatzen dira gauzak, izan ere, Ipar Amerikako biztanleen artean %78,6ak dauka Interneterako sarbidea eta Ozeanian %67,5ak, europarren kasuan, 61,3ak% dute Internet konexioa. Hego Amerikan, ordea, zenbakiak jaisten hasten doaz nabarmenki, %39,5ak baino ez duelako Internet konexioa, Ekialde Ertainaren antzera, azken honetan biztanleen %35,6a dira Internet erabiltzaileak. Kasu honetan ilararen azken postuetan Asia eta Afrika daude, %26,2 eta %13,5arekin hurrenez hurren.

Grafikoak eta datu gehiago ikusteko webgune honetara jo daiteke: http://www.internetworldstats.com/stats.htm

Webguneak

Nork ez dio bere buruari noizbait galdetu munduan guztira zenbat webgune dauden, ba datu hori Netcraft-ek ematen du, eta webgune honen arabera, gutxi gorabehera 600 milioi webgune daude mundu osoan helbide honetan http://news.netcraft.com/ ikus daitekeen bezala. Web zerbitzariei dagokienez, Apachek erabiliena izaten jarraitzen du, Interneteko zerbitzarien %65 Apache zerbitzari librea daukate. Microsoft zerbitzariak, ordea, guztien %14a baino ez da erabiltzen.

Domeinuen aldetik, .com domeinuek Interneteko jaun eta jabe izaten jarraitzen dute. Hain zuzen ere, domeinu guztien %74 baino gehiago .com domeinuak dira. Ondoren .net domeinuak daude, ia %11rekin. Elkarteentzako domeinuak, .org, eta komunikabideetarakoak, .info, hauen atzean daude kokatuta, .org-ren kuota %7koa da eta .info-rena ez da %6-ra heltzen. Biz domeinuek, ordea, %1,65 baino ez dute suposatzen.

Informazio gehiago eskuratzeko webgune honetara joan daiteke: http://www.webhosting.info/registries/.

Microblogging eta sare sozialak

Sare sozialik erabiliena, Facebook da, jakina den bezala, 800 milioi erabiltzaile ditu erregistratuta, hauetatik, 350 milioi erabiltzaile sakelako telefonoetatik eta tablet gailuetatik konektatzen dira. Twitter microblogging zerbitzua kokatuko litzate bigarren postuan, 250 milioi erabiltzailerekin, baina erabiltzaile aktiboak 100 milioi inguru dira eta haien artean 250 milioi tweet egiten dituzte eguneko.

Bideoak on-line

Interneteko bideoen arloan ere izugarrizko hazkundea ematen ari da azken garai honetan, Youtube webgunean, adibidez, bilioi bat baino bideo gehiago ikusi dira dagoeneko eta batez bestez, minutu bakoitzeko 48 bideo ordu igotzen dira webgune honetara. Vimeo-ren kasuan 200 milioi bideo inguru ikusi dira honezkero.

Erabilera datuak

Estatistika datu gehiago ezagutzeko http://marketshare.hitslink.com/ webgunera joan daiteke. Webgune honetan ere datu interesgarriak atera ahal dira, adibidez, ikusten da nabigazioaren aldetik, % 90 baino gehiagotan ordenagailuaren bidez egiten jarraitzen dela eta tablet zein sakelako telefonoen bidezko nabigazioa ez dela %10era iristen. Internet Explorer nabigatzailerik erabiliena izaten jarraitzen du ordenagailuetatik nabigatzeko orduan %53-rekin, bigarrena Firefox izango litzateke %21-eko kuota batekin eta oso gertu Chrome dago %19arekin, Safari ez da %5era ere heltzen.

Safari, ordea, erregea da tablet eta sakelako telefonoetan %55 batekin, ondoren Opera Mini eta Android nabigatzailea egongo lirateke eta oso erabilera eskas batekin Symbian nabigatzailea.

Bilatzaileei dagokienez, antzekoak dira estatistikak ordenagailuetan zein sakelako telefonoetan, Google da nagusia, ordenagailuetan %83ko kuota du eta %91 baino gehiago sakelako telefonoetan. Yahoo bigarren aukera izango litzateke Internautentzat ia %6 batekin. Bing ez da hedatu Microsoftek espero zuen beste, izan ere, %1 eta %4ko kuoten artean mugitzen da.

Sistema eragilearen aldetik, erabiltzaile gehienek MS Windows erabiltzen dute, bisiten %92a sistema eragile honekin egiten dira, ondoren Mac OS X dago eta azkenik GNU/Linux, ordenagailuen kasuan. Sakelako telefonoetan, erabiliena iOS da %54 batekin, Android atzean dago eta urrunago Symbian.