Internet

Google profilak Open ID dira dagoeneko

Googleren profilak Open ID profil bihurtu dira dagoeneko, horrek esan nahi du Open ID identifikazioa erabiltzen duen edozein webgunetan, Googleren profilaren helbidea jarri baino ez dago, Googleren profilaren helbidea hauxe da: http://www.google.com/profiles/erabiltzailea, non erabiltzailea da bakoitzak Googlen duen erabiltzailearen izena. Profila eduki ezean, “Nire kontua” loturan klik egin daiteke Google-n behin saioa hasita GMail kontuarekin (Google zerbitzu guztietarako balio du kontu honek). Behin kontura sartuta, profila sortzeko aukera dago.

Open ID, izena eman behar den webgune askotan identifikazio bakarra egiteko saiakera da, Windows Live ID aren antzekoa, baina benetan erabilgarria izateko, oraindik lortu behar du hedapen handiago bat orain duena baino, agian Googleren urrats honek laguntzen du xede horretan.

Sare sozialak eta Microblogging, Segurtasuna

Buckupify norberaren online datuen ziurtasun kopia

Era batean edo bestean, jende askok bere disko gogorrean dituen dokumentuen kopia egiteko ohitura dauka sarritan edo ez hain sarritan. Zer esanik ez, enpresetan, beren zerbitzarien eta ordenagailuen informazio garrantzitsuaren kopia egiteko ohitura egoten da. Baina, oraingoz oso hedatuta ez dagoena da online datuen ziurtasun kopia egitea, eta garrantzia hartzen ari da kontu hau pixkanaka-pixkanaka. Izan ere, askotan esan den bezala, aplikazioak online erabiltzeko joera dagoela esan daiteke eta gune askotan gordetzen dira bakoitzaren dokumentuak, irudiak, bideoak, agenda, posta elektronikoak, kontaktuak, atazak.

Hain zuzen ere, hau da Buckupifi zerbitzuak eskaintzen duena, Twitter, WordPress, Gmail, Google Docs, Flicker, Facebook, Basecamp, Photobucket, Delicious eta Zoho webguneetan ematen du ziurtasun kopia egiteko zerbitzua, baina, Twitterren besterik ez da doakoa, webgune guztietan egin ahal izateko ordaindu behar da. Zerbitzuaren web gunean daude tarifa ezberdinak eta zerbitzuaren zehaztapenak. Zerbitzua 15 egunetan probatu daiteke dohainik.

Ideia ez da txarra, baina garesti xamarra da, eta doako aukera nahiko eskasa da, soilik Twitterren erabili ahal bada.

http://www.backupify.com

Segurtasuna

Pasahitz indartsuak asmatu

teklatuaNorberaren bizitza birtualean, gero eta pasahitz gehiago erabili behar dira, sare sozialak, argazkiak eta bideoak partekatzeko lekuak, blogak, foroak, webgune pribatuak, hainbat webgune ezberdinetan izena eman behar dute Internet erabiltzaileek. Eta ez hori soilik, posta elektroniko kontuetarako, kudeaketa aplikazioetarako eta ordenagailu eramangarrira edo laneko edota etxeko ordenagailura berara sartzeko ere beharrezkoak izaten dira pasahitzak. Dena dela, estatistiken arabera, pasahitz erabilienak “1234” edo “123456” izaten dira, “qwerty” (teklatuen lehenengo sei letrak ezkerretik eta goitik hasita) edo “password”, pasahitza ingelesez, ere asko erabiltzen omen dira http://www.whatsmypass.com/the-top-500-worst-passwords-of-all-time. Halaber, erabiltzailearen izena bera pasahitz bezala erabiltzen da kasu askotan.

Zaila izaten bada ere, gomendagarria da pasahitz ezberdinak erabiltzea, hori egiten ez bada, behintzat, bai kritikotasun edo pribatutasun bizpahiru maila zehaztu daitezkeela eta maila bakoitzeko pasahitz bat erabili. Alegia, ez da gauza bera foro batean edukitzea pasahitza edo kudeaketarako extranet batean non fakturak, kontabilitate eta bezeroen datuak dauden. Foro guztietan izan ahal da pasahitz bera eta kudeaketa aplikazioetan edo garrantzitsuak diren webguneetan konplexuagoa den beste pasahitz bat.

Pasahitzak asmatzeko erak

Pasahitz sendoa ezartzeko, hiztegietan ez dagoen hitzik erabiltzea gomendatzen da, euskara hiztun gutxiko hizkuntza izan arren ere arriskua dauka eta pasahitz bilatzaile batzuek ere euskara hiztegietan begiratu ahal dute. Bestetik, letra larriak eta xeheak, zenbakiak eta ikur bereziak nahasten dituena eta zortzi karaktere baino gehiago edukitzea gomendatzen da, zenbat eta karaktere gehiago orduan eta ziurrago. Pasahitz hauek gogoratzeko trukuak erabili hala dira. Esaterako, “Ibjzeedei-1963″, horrelako pasahitza berez gogoratzea zaila izango litzateke, baina ez erabiltzaileak gustuko duen bertso edo abesti baten letraren zati baten lehenengo hizkiak badira, eta gero erantsita jaiotze urtea gidoi batekin banatuta. “Itsasoaz Bestaldera Joan Ziren Eta Ez Dira Egundo Itzuliko” bertsoaren hitz bakoitzaren lehenengo letra hartu eta “Ibjzeedei” hitz ulertezina ateratzen da, hor, lehenengo letra edo lehenengoa eta azkena letra larriz jar daiteke, gidoia gehitzen da eta erabiltzailearen jaiotze urtea.

Pasahitzaren luzera handitzeko trukuak ere badaude, esaterako, errepikatu daiteke azken letra, “Berria” izenarekin, “berriaaaaaaa” sortu ahal da sei aldiz “a” letra errepikatuta, kasu honetan kontuz zenbatu behar da, gero!

Bi irtenbide horiek nahastuta, pasahitz konplexuak eta luzeak sortu ahal dira, “Ibjzeedei-1963333333″.

Beste era bat izan daiteke ondo gogoratuko den hitz bat asmatu eta letra batzuk zenbakiekin ordezkatu, esaterako, a letra lau zenbakiarekin, “e” hiru zenbakiarekin, “i” bat zenbakiarekin eta “o” zero zenbakiarekin. Horrela gustuko leku bat pentsatuta, Zuraide izenarekin adibidez, “Zur41d3″ sor daiteke, edo Arakaldo izenarekin “Ar4k4ld0″. Bide batez, ikurren bat gehitu ahal bada, primeran, esaterako “(Zur41d3)” edo “Ar4k4ld0=”. Horrela, nahiko pasahitz seguruak sortu ahal dira baina ez aurrekoak bezain zailak teklatuarekin idazteko.

Ausazko pasahitz sortzaile automatikoak

Irudimena izan ezean, baina oroimena soberan, edo oso pasahitz sendo bat behar izanez gero, ausazko pasahitz sortzaile automatiko bat ere erabil daiteke, hona hemen bi adibide hori egiteko:

http://www.goodpassword.com
http://www.pctools.com/guides/password

Bietan posiblea da zehaztea karaktere kopurua, eta ea ikurrekin, zenbakiekin eta hizkiekin sortuko den edo soilik hizkiekin. Halaber, letra larriak eta xeheak ere nahastuta agertu behar diren aukeratu daiteke.

Pasahitza berreskuratzeko galdera

Webgune baten pasahitza ahaztu denean, era ezberdinetan berreskura daiteke pasahitz hori edo automatikoki berrezartzen den beste bat. Normalean, erabiltzaileak, izena ematerakoan zehaztu duen posta elektronikoan jasoko du berrezarritako pasahitz berria. Baina beste kasuetan, izena ematen denean, segurtasun galdera eta bere erantzuna eskatzen zaie erabiltzaileei. Galdera hori, pasahitza ahaztu denean berri bat ezartzeko eta emateko erabiltzen da. Hau ematen da batez ere posta elektroniko kontuak eskaintzen dituzten webgune batzuetan. Kontuz aukeratu behar dira galdera eta erantzuna. Izan ere, erabiltzailearen bizitzaren oso datu ezagunak izan daitezke, txakur, katu, sendi edo lagunen izenak, beraz, datu hori ezagutzen duen edonork erabiltzailearen pasahitza berreskuratzeko gai izango litzateke.