Sare sozialak eta Microblogging

Twitter katalanez eta euskaraz, noiz?

twitterTwitter mikroblogging gunea ezaguna, 7 hizkuntzatan baino ezin da erabili oraindik. Italiera, gaztelera, ingelesa, korearra, frantsesa, alemana eta japoniera, hain zuzen ere. Baina aurreko astean Twitterrek katalanezko itzulpenari argi berdea eman diola zabaldu da Interneten eta hainbat komunikabidetan. Nahiz eta oraindik ez jakin zein datatan egongo den ikusgai hizkuntza honetan. Itzulpena Twitter erabiltzaileen artean egingo dute. Albiste honek Twitter erabiltzaile euskaldunak astindu ditu eta Twitter euskaraz erabiltzeko aukera eskatzen hasi da ere twittelari euskaldunen artean. Gainera “twitter euskaraz” izeneko talde bat sortu da Facebook-en, hau da talde honen lotura: http://www.facebook.com/#!/group.php?gid=147002723891. Oraingoz, bi helbide hauetan eskatu ahal da Twitter euskaraketa: http://translate.twttr.com eta https://spreadsheets.google.com/viewform?formkey=dGNNMlNfWjRKaUFqLXQxQVlLbVhIWnc6MQ&ifq. Ingelesez daude bi orrialdeak. Bigarrenean Twitter erabiltzailea zehaztu, “Basque” aukeratu hizkuntza zerrendan eta bidali baino ez da egin behar. Lehenengoan, Twitterren kontuarekin sinatu behar da, baldintzak onartu eta “Request it here” izeneko loturari sakatu, ondoren, Twitter erabiltzailea idatzi eta hizkuntza zerrendan Basque aukeratu behar da.

Honez gain, agian gogoeta egin beharko litzateke ea zergatik ez diren euskaraz itzultzen beste hainbat hizkuntzatan dauden zerbitzuak. Agian euskaldunen aldetik, euskaraz ez badago berdin erabiltzen dira aplikazioak eta webguneak gazteleraz, frantsesez edo ingelesez eta nazioarteko entitateek ez dute euskaratzeko beharra ikusten, ez dute etekin edo erabilera gehiago nabaritzen.

Hardware, Irisgarritasuna

Hardware irisgarritasuna

supportive keyboardIrisgarritasuna ez da gai berria Zibergelan, aurreko ale batean webgune eta aplikazioen inguruko irisgarritasunari buruz mintzatu da, hona hemen lotura: http://zibergela.bitarlan.net/2010/10/15/irisgarritasuna-interneten-eta-teknologia-berrietan/. Kasu honetan hardware irisgarritasunari dagokio txanda.

Ordenagailuaren hardwareaz mintzatzerakoan, hauek dira elementu nagusiak: PUZ (Prozesu Unitate Zentrala), hau da, ordenagailuaren kutxa nagusia eta honek dituen botoiak edo informazioa jasotzeko elementuak, argiak, soinuak; eta periferikoak, hau da ordenagailua eta erabiltzailearen artan informazioa elkartrukatzeko elementuak: teklatua, sagua, monitorea, inprimagailua. Hala, bada, elementu hauen diseinua erabilerraztasunari bideratuta egon behar da.

Mugak softwarearen bitartez gaindituz

Hala, bada, elbarritasun mailaren arabera, erabiltzaileek arazoak izan ditzakete aipatutako hardware elementu batzuk erabiltzeko, kutxa nagusiaren botoiak eta gailu ezberdinen hainbat elementu, alegia. Erabiltzaileak, beraz, zailtasunak izan ahal ditu ordenagailua edo inprimagailua pizteko eta itzaltzeko edo CD-ROMa eta DVDa egotzi ahal izateko, besteak beste. Arazo hauei aurre egiteko, sistema eragileek eta aplikazio ezberdinek softwarearen bitartezko irtenbideak eskaintzen dituzte, ordenagailua itzaltzea edo CD-ROMa egoztea, adibidez. Horrenbestez, ekintza hauek era ezberdinez burutu daitezke, ahotsaren bitartez, adibidez.

Hardware irisgarria diseinatzeko irizpideak

Hardware irisgarria diseinatzeko irizpide batzuei jarraitzea gomendagarria da. Esate baterako, komenigarria da gailuak pizteko eta itzaltzeko botoiak aurrean egotea gailu guztietan. Botoi hauek ez dira txikiegiak izan behar eta nahiko bananduta egon behar dira bata bestetik. Gainera, botoiei era egoki batean sakatu zaiela ohartarazteko, soinu-jakinarazpen batekin erantzutea gomendatzen da. Honetaz gain, botoi eta konektore bakoitzak bere funtzionalitatea adierazten duen etiketa eduki beharko luke. Testu hau kontraste nahikoarekin idatzi beharko litzateke eta erabiltzaile itsuentzat braille etiketak ere erabili beharko lirateke. Braille etiketa hauek jada erabiltzen dira tramankulu askotan, igogailuak, esate baterako, baina oraindik ez da erraza ikustea ordenagailuen eta periferikoen botoietan eta konektoreetan.

Irisgarritasunerako gailu bereziak

Irisgarritasunerako hainbat periferiko aurkitu daitezke, periferiko hauek mugaren bat duten pertsonei ordenagailua eta teknologia erabiltzen laguntzen diete.

Adibiderik ezagunenetarikoa, agian, Braille teklatua da. Teklatu hauek ahalbidetzen dute karaktere guztiak idaztea Braille sistema erabilita. Ohiko teklatuak bezala konektatu ahal dira ordenagailura, PS/2 edo USB atakak erabiliz, alegia, batzuk ere bluetooth-en bitartez ere konektatu ahal dira. Orokorrean oso teklatu sinpleak dira, 6 edo 8 tekla nagusiak dituzte eta tekla gutxien konbinazioarekin karaktere guztiak idatzi ahal dira era azkar batean.

Kasu larrienetan, headpointer edo buru-erakusleak eta kommutagailuak erabili ahal dira. Buru-erakusleen bitartez eta pantailaren bitartez ordenagailuarekin komunikatu daiteke erabiltzailea burua soilik erabilita. Garun-paralisia duten edo eskuak mugitu ezin duten erabiltzaileentzat zuzenduta daude gailu hauek. Kommutagailuek eragiketak egiteko balio dute eta mota askotakoak daude. Eragiketak botoi gutxiren bitartez, ukimen presioaren bitartez edo ahoa erabilita, putz eginez, burutu ahal dira.

Hauetaz aparte, web-kamera bereziak ere aurkitu daitezke, moldatutako web-kamera hauek eragiketa bihurtzen dituzte buruaren mugimenduak edo begien mugimenduak. Teklatuei dagokienez ere aniztasun handia dago, esku bakar batekin erabiltzeko teklatuak, tekla handiekin eta koloredunekin, tekla-lasterbideak errazten dituzten teklatuak (Ktrl + Alt + Supr, adibidez), eta abar.

Internet

Topicmarks-ek testuak laburtzen ditu

topicmarksPertsona batentzat bereziki zaila ez dena, alegia, testuak irakurri, ulertu eta laburtu, ordenagailu batentzat izugarri konplexua da, edo behintzat garatzea hori egiten duen aplikazioa. Adibide gisa, itzultzaile automatikoak aipatu daitezke, hainbat enpresa, lantalde eta baliabideak ari dira arlo horretan ikertzen eta garatzen, eta hala ere, oso zaila da itzulpen zehatzak eta naturaltasunez egitea. Zer esanik ez, laburpen bat egitea testu baten ideiarik garrantzitsuenekin.

Horregatik Topicmarks oso proiektu interesgarri bat izan daiteke eta txalotzeko modukoa. Izan ere, testu fitxategi bat igo ahal da edo url edo testu bat itsatsi ahal da, web aplikazioak irakurtzen du testua, prozesatzen du eta laburpen bat ideiarik garrantzitsuenekin bidaltzen dio erabiltzaileari posta elektronikoz. Gainera, erabiltzailearen laburpenak norberaren profilean gordetzen dira. Oraingoz soilik ingelesezko testuekin ibiltzen da, baina oso ondo egiten duela onartu behar da.

Probatzeko helbide honetara jo daiteke: http://topicmarks.com. Saioa hasteko, izena eman ahal da webgunean, bestela Google edo Yahoo ID! kontuak erabili ahal dira webgunean izena eman behar gabe. Ikusi beharko da proiektu honen bilakaera.