Sistema Eragileak, Ubuntu

Ubuntu 11.04 Natty Narwhal

ubuntu 11.04Sei hilero bezala, hemen dago Ubunturen bertsio berria, 11.04 Natty Narwhal, hain zuzen ere. Bertsio honetan, gainera, oso aldaketa garrantzitsu bat dator, Unity ekartzen duelako. Unity Canonical-ek (Ubuntu garatzen duen enpresa) sortutako erabiltzaile-interfazea da eta erabiltzailearen esperientzia guztiz aldatzen da aurreko GNome mahaigainekin alderatuta. Unity interfaze grafikoa argitaratu zen jada Ubuntu 10.10 bertsioan baina soilik Netbooketarako bertsioan, oraingo honetan bestelako ordenagailuetarako bertsioetan ere etortzen da lehenetsita.

Unity

Unityk lau ataletan banatzen du ingurune grafikoa. Nagusia, aplikazio gunea da, pantailan leku gehien behar duena da. Gune honetan, aplikazioak irekitzen dira. Adierazle gunea, lehen bezala, goiko aldean kokatzen da, hemen jakinarazpenak eta widgetak agertuko dira. Launcher ezkerraldean aurkitu daiteke eta hemendik, karpetak, aplikazioak eta larter-markak ireki ahal dira. Azkenik, Dash, zenbait eragiketa azkar egiteko kontrol konfiguragarria da.

Unityk suposatzen duen beste aldaketa sakon bat, aplikazioen menu barran datza. Izan ere, aplikazioen menu barra mahaigainaren goiko barran kokatuko da eta ez aplikazioaren leihoaren goiko aldean. Barra horretan momentu bakoitzean erabiltzen ari den leihoaren aplikazioaren menua erakutsiko da. Beraz, menua eta leihoak independenteak dira, Mac Os X sistemetan gertatzen den bezala.

Berritasun teknikoak

Ubuntu Natty Narwhalek Linux kernelaren 2.6.38 bertsioa ekartzen du, bertsio honetan kernelaren errendimendua %50ean hobetu da Linus Torvaldsen beraren esanetan. Bestetik, zerbitzari grafikoa X.org 1.10.0 da, beraz, itxaron beharko da Ubunturen 11.10 (Oneiric Ocelot) bertsiora arte ea Wayland ekartzen duen.

Aplikazioak bertsio berrian

Lehenetsitako nabigatzaileak Mozilla Firefox izaten jarraitzen du, 4. bertsioa hain zuzen ere. Haatik, Open Office bulegotika suitea, Libre Office 3.3.2-rekin ordezkatua izan da. Musika eta audioak entzuteko aplikazioa ere ordezkatzen da. Aurreko bertsioetan Rhythmbox ekartzen bazuen, honetan, Banshee 2.0 etortzen da musika entzuteko lehenetsitako aplikazio gisa.

Bestetik, Twitter, Facebook eta bestelako sare sozial eta microbloggin kontuak kudeatzeko Gwibber aplikazioa instalatzen da hasieratik. Evolution-en alde egiten jarraitzen du Ubuntuk posta elektronikoa kudeatzeko. Bideo kudeaketarako Pitivi aukeratu da eta irudi kudeatzaile bezala, Shotwell. Totem bideoak erreproduzitzeko aplikazio lehenetsia da, ohi bezala, eta Empathy berehalako mezularitzarako aplikazioa. CDak grabatzeko ekartzen den softwarea Brasero da.

Era berean, aipatu behar da software biltegian instalatutako aplikazioei buruzko iruzkinak egin daitezkeela etagustuko paketeak bozkatu ahal direla.

Segurtasuna

Bertsio berri honetan hobetu den beste puntu bat segurtasuna da. Ubuntu Natty Narwhalek suebaki eta birusen kontrako babesa integratua eskaintzen du. Izan ere, Ubuntu 11.04 bertsio honek AppArmor izeneko aplikazio bat ekartzen du. Software honek aplikazio bakoitzean sarbidea mugatzea ahalbidetzen dio erabiltzaileari.

Hala, bada, dagoeneko Ubuntu Natty Narwhal 11.04 bertsioa eskuratu eta erabili daiteke. Esan daiteke, bertsio honen aldaketa nagusia Utility interfaze grafikoa dela, batez ere, erabiltzaileen ohitura aldaketa bat ekartzen duelako ohiko GNome inguru grafikoarekin alderatuta. Bitartean itxaron beharko dira beste 6 hilabete, urrira arte, Ubunturen hurrengo bertsioa erabili ahal izateko, Ubuntu 11.10 Oneiric Ocelot, hain zuzen ere.

Aplikazioak, Software Librea

Oraclek Open Office itzuliko dio komunitateari

openofficeOraclek Sun enpresa erosi zuenetik, Sunek zituen proiektu libreekin zer gertatuko zen zalantza izan du Software Librearen aldeko komunitateak. Proiektu horietariko bat Open Office bulegotika suite librea da. Gauzak horrela, Libre Office izeneko proiektua sortu zen Open Officen oinarrituta, Libre Office-n garapen irekia behintzat ziurtatzeko asmoz. Alabaina, azkenean, badirudi Oraclek komunitatearen alde egin duela Open Office proiektuari dagokionez eta komunitatearen esku utziko du Open Office proiektuaren garapena, albiste honetan irakurri ahal den bezala: http://arstechnica.com/open-source/news/2011/04/oracle-gives-up-on-ooo-after-community-forks-the-project.ars

Oraclek proiektuaren ardura hartzen duten garatzaileei laguntzeko asmoa omen du eta Open Document formatuari ere babesa ematen jarraituko du. Oraingoz, ez da ezagutzen nork hartuko duen Open Officen ardura, baina, ziurrenik Document Fundation izango da, zeren eta Libre Office hauen esku dagoen. Horrela bada, Open Office jatorrizko izenarekin garatzen jarraituko da. Edozein kasutan, behintzat ziurtatu daiteke Open Officeren garapenak aurrera egingo duela eta Oraclerekin zeuden arazoak horren harira amaitu direla.

Internet

Spotify ordezkatzeko doako aukerak

SpotifySpotify musika streaming bezala entzuteko aplikazio bat da. Mahaigaineko aplikazio bezala deskargatu daiteke Mac Os X eta MS Widows XP/Vista/7 sistemetan. Gainera, Android, iPhone eta Symbian sakelako telefonoetarako aplikazioa ere deskargatu daiteke. GNU/Linux sistemetan erabili ahal da probetan dagoen bertsio bat edo MS Windowserako bertsio egonkorra Wine-ren bitartez.

Kontu motak

Erabiltzaileek gogoko musika entzuteko nahi duten plataformatik milioika abesti dituzte eskura. Horretarako hiru kontu mota ezberdin eskaintzen ditu Spotifyk: doako kontu mota bat, mugagabeko kontu mota 4,99 euroan hileko eta premium kontu bat 9,99 euroan hileko.

Doako kontu motako erabiltzaileek eskuragarri dituzte zerbitzuaren abesti guztiak, baina hileko denbora muga bat daukate zerbitzua erabiltzeko, 20 ordu, hain zuzen ere. Mugagabeko kontu motarekin denbora muga hori desagertzen da eta publizitatea ere kentzen da, gainera, norberaren musika inportatzeko eta lagunekin musika partekatzeko aukerak ematen dira. Premium kontuarekin, horretaz guztiaz gain, sakelako telefonoetan entzuteko aukera eta musika kalitate hobea zein off-line entzuteko aukera ahalbidetzen da.

Murrizketak doako erabiltzaileentzat

Baina Spotifyk aldaketak iragarri ditu maiatzaren batetik aurrera doako kontuetan. Hemen irakurri ahal den bezala: https://www.spotify.com/help/faq/recent-events-and-changes/upcoming-changes/, denbora muga 20 ordu izan beharrean 10 ordu izango dira eta ezin izango da abesti bat bost aldiz baino gehiago entzun. Hori dela eta, erabiltzaile batzuk hasi dira dagoeneko debaldeko aukerak bilatzen.

Grooveshark

Grooveshark, beharbada, aukerarik indartsuena bezala kokatzen ari da Spotify ordezkatu nahi duten erabiltzaileentzat. Zerbitzu hau euskaraz dago eta euskarazko musika asko ere aurkitu daiteke. Hau da webgunea: http://listen.grooveshark.com. Zerbitzua erabiltzen hasteko ez da izena eman behar eta ez da saioa hasi behar. Guztiz on-line kudeatu eta entzun ahal da musika, beraz, edozein sistema eragiletatik erabil daiteke. Hala ere, sakelako telefonoetarako aplikazioak ere eskaintzen ditu plataforma ezberdinetan. Gunean sortu ahal dira erreprodukzio zerrendak eta saioa hasi ahal da erabiltzaile berri bat sortuz ala Google zein Facebook kontuak erabiliz. Saioa hasita, norberaren musika ere igo ahal da eta musika partekatu daiteke webgunean bertan, urlaren bitartez, posta elektronikoz edo sare sozialetan. Ausazko irratia ere eskaintzen du musika entzuteko. Oso zerbitzu jatorra da. Zerbitzu honek, doako harpidetzaz gain ordainpeko profilak ere eskaintzen ditu: “Grooveshark anyware” sakelako telefonotik edonon musika entzuteko aukerarekin eta “Grooveshar plus” publizitaterik gabe.

Rockola

Rockola beste aukera bat da musika on-line entzun ahal izateko debalde. Hau da zerbitzua erabiltzeko behar den helbidea: http://www.rockola.fm. Kasu honetan ere sartu bezain pronto hasi ahal da musika entzuten, izena eman gabe. Hala ere, izena emateko aukera ematen du norberaren profila eta hobespenak konfiguratzeko.

Deezer

Deezer beste aukera on bat da. Europa mailan erabiltzaile asko ditu eta 7 milioi abesti baino gehiago eskaintzen ditu bere webgunetik. Hau da proiektuaren webgunea: http://www.deezer.com. Aurrekoak bezala, guztiz on-line erabili ahal da, baina Android, iPhone, Blackberry, Sony Ericsson, Samsung edo Logitech bezalako sakelako telefonoetarako aplikazioak ere eskaintzen ditu. Beste erabiltzaileen zerrendak jarraitu ahal dira eta bloga zein foroa eskaintzen du artista eta abestiei buruz informazioak eta iritziak partekatzeko.

Hauetaz gain, beste webgune askok ere ahalbidetzen dute musika on-line eta dohainik entzutea: Jamendo http://www.jamendo.com, Gatunes http://gatunes.com/, Mufin http://www.mufin.com, LastFM http://www.last.fm/, Bandcamp, http://bandcamp.com/. Bakoitzak gogokoena aukera dezan.