Multimedia

Audio Formatuak

audioa3Ez da lehenengo aldia Zibergelan multimedia formatuen gaia agertzen denik, aurreko ale batean ere irudien formatuei buruzko gaia jorratu zen, hona hemen lotura: http://zibergela.bitarlan.net/2010/04/27/irudi-formatuak/. Kasu horretan irudien formatuena gai nagusia izan bazen, oraingo honetan audio formatu ezberdinak aipatuko dira.

MP3

Audio formatuak aipatzen direnean, ordenagailuan edo edozein gailu digitaletan musika entzuten duen edozein erabiltzaileri MP3 etorriko zaio burura. Izan ere, formatu hau, audio formatuen artean ezagunenetarikoa da. MP3 bezala ezagunagoa bada ere, bere izen teknikoa MPEG-1 Audio Layer III da. Formatu honek audio fitxategiak konprimitzea ahalbidetzen du, kalitate galera ekartzen badu ere.

Moving Picture Experts Group-ek (MPEG) sortu zuen bideo-formatuan audioa kodifikatzeko 1995ean. Garai horretan, formatu honek ospe handia lortu zuen eta azkar hedatu zen, batez ere, Internet erabiltzaileen artean. Izan ere, hain konpresio handiari esker audio-fitxategien trukea Interneten bidez egitea ahalbidetu zuelako. Adibide gisa, konprimitu gabeko abesti batek 56 MB baditu, 5 MB baino gutxiagoko tamaina izan lezake formatu honen bidez konprimitu ostean. Hala bada, Interneteko banda zabala gaur egun bezain hedatuta ez zegoenean, Interneten bidez audio-fitxategiak trukatzeko bide bakarra bihurtu zen, pazientzia edo burua galdu gabe, behintzat.

Bistan denez, MP3 formatuak hamar aldiz baino gehiago konprimi lezake audio fitxategi bat, informazio galera ekartzen badu ere, kalitate maila handiari eusteko gauza da algoritmoa. “Trukua” giza belarriak entzuten ez duen informazioa kentzea da, hau da, giza belarriak entzuten ez dituen frekuentzietako uhinen informazioa. Dena dela, kalitate-galera handiagoa edo txikiagoa izango da konprimitzeko aukeratzen den kalitate-mailaren arabera.

Gaur egun, Interneten ez ezik, musika entzuteko gailu guztietan ere oso erabilia da MP3 formatua. Hain zuzen ere, audio-formatu hau erabiliena da oraindik. Hala ere, konpresio-gaitasun berberarekin kalitate berdina edo handiagoa eskaintzen duten beste formatu batzuk ere aurkitu daitezke gaur egun, adibidez, Windows Media Audio eta Ogg Vorbis;

OGG

Ogg, adibidez, ez dauka patenterik, audio-formatu libre bat da. Formatu honetako fitxategiei .ogg fitxategi-luzapena ematen zaie, eta Ogg proiektu multimediaren barnean dago, non audio eta bideo formatuak biltzen diren.

Malgutasun handia dago kalitate ezberdinetan konprimitzeko, mp3 formatuaren kasuaren antzera. Adibidez, konpresio-maila baxua aukeratuz gero musika fitxategi bat kalitate handian gorde daiteke, eta, hainbesteko kalitaterik behar ez duen telefono bidezko elkarrizketa bat asko konprimitu daiteke konpresio-maila handituz.

WMA

Berdin gertatzen da Windows Media Audio-rekin ere, nahiz eta dagoeneko galerarik gabe konprimitzeko aukera garatu duten. Formatu honen jabetza Microsoftek du, eta, Ogg Vorbis-ek ez bezala, audio-fitxategien erabilera mugatzeko bide bat eskaintzen du. Hau da, sistema batean sortutako audioa beste sistemetan erabiltzea galarazteko aukera ematen du.

WAV

Wave Audio Format, aurrekoak ez bezala, konpresiorik gabeko formatua da. WAV izenarekin da ezagunagoa, hori delako formatu honi dagokion fitxategi-luzapena. Konpresiorik gabeko audio-formatua denez, ez du kalitate-galerarik, baina mota honetako audio-fitxategiek tamaina handia izaten dute. Abesti arrunt batek ia 50 MB izan dezake, esaterako. Grabaketa-minutu bakoitzeko, 5 megabyte inguru behar du. Horrez gain, tamainaren aldetik muga bat dauka: 4 gigabyte baino handiagoko audiorik ezin da gorde; 6 ordu eta erdi inguru, alegia. WAV formatuaren jabetza Microsoft eta IBMrena da.

Aplikazioak, Multimedia

Winamp OS X sistemetarako eta Androiderako hobekuntzekin

winampWinamp izan zen mp3 abestiak entzuteko lehenengo aplikazioetariko bat MS Windows sistemetarako. Bere garaian erabilienetarikoa izan zen eta oraindik ere erabiltzaile askok erabiltzen dute. Gainera doakoa izan da betidanik. Aniztasun asko dago gaur egun abestiak entzuteko aplikazioen artean, baina hala ere, hasierako filosofia eta itxura gehiegi aldatu gabe, hor jarraitzen du Winampek.

Orain dela gutxira arte bakarrik MS Windows sistemetan exekutatu ahal zen. Baina Androiderako bertsio bat garatu zuten eta orain OS X sistemetarako ere atera dute beste bertsio berri bat. MS Windowserako bertsioa baino askoz sinpleagoa da. Doakoa da eta bateragarria da Snow Leopard eta ondorengo bertsioekin.

Hau da Winamp aplikazioaren webgunea: http://www.winamp.com/ eta bertan deskargatu daitezke Android plataformetarako bertsioa eta OS X plataformarako bertsioa, http://www.winamp.com/android eta http://www.winamp.com/mac, hurrenez hurren.

Proiektuak blog bat ere badauka non berri hauei buruzko informazio gehiago eskaintzen den, http://blog.winamp.com.

Segurtasuna

Suebakiak

Free Firewall Clipart Illustrations at http://free.ClipartOf.comAurreko artikulu askotan aipatu den bezala, etxe edo enpresa batean Internet edukitzeak, norberaren sarean edo ordenagailuan ate bat dagoela esan nahi du. Hori, printzipioz, ez da txarra, ate horri esker, kanpora atera daitekeelako. Baina ate horri esker ere, barrura sartu ahal da, eta hori da bereziki edozein Internet erabiltzailea babestu behar duena.

Ba, ingelesez Firewall bezala ezagutzen dena, edo suebakia euskaraz, oso baliagarria izan daiteke, kanpora begira dagoen ate hori giltzapean ondo ixteko, eta gainera, norbaitek edo zerbaitek, baimenik gabe, ate hori gainditu nahi duen ohartarazteko.

Zer egiten dute

Suebakien sortzen dute hesi bat sare edo ordenagailu pribatua eta sare publikoaren artean, Internet, orokorrean. Suebakiaren bitartez, sare erabiltzaileak Internetera atera ahal dira, baina Internetetik ezin da suebakiaren hesia zeharkatu, aurretik baimendu ez bada.

Nola jarri suebakia

Suebaki mota ezberdinak daude, adibidez, Internetera konektatzeko router bat izanez gero, ziur aski, firewall bat etorriko da inplementatuta router horretan. Gainera, normalean, router hori lehenetsita dator konfiguratuta ez sartzeko ohikoa ez den trafikorik. Aukera hau oso egokia da, alde batetik, sar liteken erasoa edo nahi ez den trafikoa sare pribatura sartu aurretik mozten delako. Beraz, nahi ez den trafikori ez da heltzen ezta sare pribatura ere, are gutxiago sare pribatuan dauden zerbitzari eta ordenagailuetara. Bestetik, sarera konektatzen den ordenagailu bakoitza wi-fi edo kablearen bitartez, babestuta geratzen da. Gainera, ordenagailuetan ez da ezer instalatu behar ezta ezer mantendu behar, oso erosoa da, ez da babesa galtzen sistema eragilez aldatzen bada edo ordenagailua formateatzen bada. Zibergelaren aurreko artikulu batean router bat nola konfiguratu azaldu zen, hona hemen artikulua: http://zibergela.bitarlan.net/2009/10/08/etxeko-edo-enpresa-txikientzako-routerrak/

Routerrez aparte, suebaki fisikoak ere erosi ahal dira, baina ez dira oso merkeak, 250EUR baino gehiago balio dute. Suebakiak ekoizten dituzten markarik ospetsuenak D-Link, Cisco edo Zyxel dira. Ordenagailu zahar batekin ere suebaki bat konfiguratu ahal da bi sare txartel baditu. Hori bai, azken aukera hau, merkea bada ere, teknikoki konplexuagoa da.

Suebaki bat martxan jartzeko beste aukera bat ordenagailuan bertan instalatzea da. Firewall bat ez da soilik gailu fisiko bat, firewall aplikazio asko daude instalatzeko eta erabili ahal izateko sistema eragile ezberdinetan. Aukera hau egokia da sare bat ez badago eta ordenagailu bakar batean martxan jarri behar bada. Sistema eragile batzuek firewall bat ekartzen dute lehenetsita, adibidez, MS Windows, XP SP2 bertsiotik aurrera. Baina normalean ez dituzte eskaintzen firewall aplikazioek besteko aukerak.

Firewall aplikazioak

Ubuntu eta GNU/Linux sistemetan iptables izeneko suebakia oso ezaguna da, hala ere, erabiltzeko nahiko latza da, kontsola moduan konfiguratzen delako. Horrenbestez, badaude aplikazio grafiko ezberdinak firewall bat konfiguratu ahal izateko leiho sistemaren bidez. Gero aplikazio grafiko hauek azpitik erabil dezakete iptables ala ez. Adibidez: Firestarter, Gufw edo Guarddog. Hauek guztiak eta beste batzuk Ubuntu Software Biltegitik edo pakete kudeatzailetik deskargatu daitezke.

Mac Os X ordenagailuetarako erabil daitezkeen firewallak dira: DoorStop X Security Suite (http://www.opendoor.com/doorstopsuite/), IPNetSentryX (http://www.sustworks.com/site/prod_sentryx_overview.html), Norton Personal Firewall (http://us.norton.com/products/overview.jsp?pcid=ma&pvid=npf30mac) edo doakoa den NoobProof (http://www.hanynet.com/noobproof/).

MS Windows sistemetan bi firewall libre eta doakoak nahiko jatorrak dira, besteak beste, WIPFW (http://wipfw.sourceforge.net/) eta Isafer (http://isafer.sourceforge.net/). ZoneAlarm ere deskargatu daiteke dohainik, nahiz eta librea ez izan, eta ordainpeko bertsioak ere eskaintzen dira. Hona hemen Zone Alarm aplikazioaren webgunea: http://www.zonealarm.com/.