Streaming, Telebista

Zertarako dira ‘smart TV’ edo telebista adimentsuak?

samsung-smart-tv-evoluzioneInternetera konektatzeko telebistak dira smart TV ezarpena dutenak. Gainontzekoek ez dituzten konexio eta konputazio gaitasunak dituzte; horregatik esaten zaie telebista adimentsuak edo smart TV-ak.

Atzealdeko Ethernet erretenean kablea sartuta edota haririk gabe wifi bidez konektatzen dira amaraunera. Kontuan izan behar da batzuetan wifi eranskina aparte ordaintzekoa dela.

Ordenagailuek eta sakelakoek bezala, sistema eragile bat dute, eta antzeko gauzak egiteko gai dira. Hau da, hainbat telebistak bezala, bereizmen handiko kateak eta kate arruntak erakusten dituzte. Baina, aldi berean, aplikazio sorta duen menu bat ere badute, batez ere musika eta bideo emanaldiak dituena.

Lehentasunezko aplikazioak dituen arren, aplikazio berriak instalatuta bakoitzak bere gustura jantz dezake smart TV-a. Izan ere, etxe bakoitzak bere aplikazio denda du; sakelakoetan eta gisakoetan bezala, nahi diren aplikazioak bilatzeko eta instalatzeko, alegia.

Internet zerbitzua

Ordenagailua piztu behar izan gabe, eguraldia begiratu, albisteak irakurri eta sare sozialak eguneratu daitezke. Litekeena da, alabaina, telebista adimentsuen gehigarri hoberena eskaripeko bideo zerbitzuena izatea. Alor horretan, eskaintza zabala da. Esaterako, Youtube erabiliz, doako musika bideoak, filmen trailerrak eta erorikoen bideo barregarriak jaso daitezke, besteak beste; Netflix alokairu edo harpidetza bidezko zerbitzuak erabil daitezke, eta haien ehunka pelikula eta telesail biltegirako sarbidea lortu. Zerbitzu hauetaz aritu gara jada aurten: http://zibergela.bitarlan.net/2013/10/31/telebista-bestelako-pantailetara/.

Eta, hori gutxi balitz bezala, halaber, Twitterren gertatzen ari denaren berri eman daiteke, edo Facebooken ikusten denarekin egoera eguneratu. Batzuetan, nabigatzailea ere izaten dute telebista horiek, eta sarea arakatzeko erabil daitezke zuzenean. Azken horietarako, gomendagarria da telebista adimentsua dagoen etxearekin bateragarria den haririk gabeko teklatu bat izatea, erosotasunagatik. Bestela, telefono eta tabletetarako aplikazioak ere badira, urrutiko aginte gisa erabiltzeko, horiek onartzen dituzten telebistentzat.

Hala ere, aukera horiek guztiak ez dira beti ematen, funtsean telebistak direlako, eta ez ordenagailu osoak. Eskaintza asko alda daiteke bertsio batetik bestera, eta, are gehiago, hainbat etxeren artean. Hots, denek ez dute sare sozialetarako sarbiderik; gutxiago dira nabigatzailea dakartenak. Bakan batzuek, berriz, bideo bidezko deiak edo bideokonferentziak ere egin ditzakete: Skype plataforma eta dakarten webcama baliatzen dutenek, hain zuzen.

Aplikazioak eta osagarriak

Azken belaunaldiko telefonoen funtzionamendua imitatzen dute smart TV-ek. Fabrikatzaile bakoitzak bere denda propioa erakusten du lehentasunezko aplikazioekin batera. Panasonic eta Samsung dira, gaur-gaurkoz, alderdi hori garatuen duten etxeak.

Hainbaten artean, Panasonic aplikazio dendan jokoak aurki daitezke. Ondoren, horietan jolasteko nahiz beste funtzio askotarako osagarriak ere kaleratu dituzte: bideo jokoetarako hari gabeko agintea; pantailan zuzenean idazteko Stylus edo arkatza, etxekoei oharrak uzteko; pisua kontrolatzeko eskumuturrekoa eta abar. Aginte erak ere garatu dira, eta jada badira ahots aginduekin edo eskuen mugimenduekin kontrola daitezkeen telebistak.

Smart TV telebisten eragozpen nabariena bertsio bateragarritasuna da. Hau da, 2012ko telebistaren softwarea zaharkitua gera daiteke, eta 2013ko etxe bereko aplikazioek ez diote balioko. Hori konpontzeko, Samsung etxeak beren telebistei atzean eransteko osagarriak prestatu ditu. Aurreko urteetako bertsioak azkenengo ezarpen eskaeretara irits daitezke telebistari gehigarria erantsita. Smart Evolution Kit moduan eska daitezke horiek, eta, horrela, telebista berria erosi beharrik ez dago.

Bestelako aukerak

Irakurritakoa gustuko dutenek telebista mantendu eta antzeko ezaugarriak dituzten alternatibak balia ditzakete. Interneterako sarbidea duten hainbat gailuk ematen dituzte halako zerbitzuak, eta telebistari lotzeko balio dute. Esaterako, top box, bideo kontsolak, egokitutako Blu Ray erreproduzigailuak, edo, besterik gabe barruan dutena partekatzeko norberak prestatutako ordenagailuak edo Home Theatre PC deituak.

Aipamen berezia merezi dute top box izenekoek. Horiek Google TV, Apple TV edo Boxee Box bezalako gailu txikiak dira, eta telebistaren aldamenean jartzen dira. Smart TV baten baliokideak edo ahaideak dira, eta edukiak streaming eran emateko aukera zabala dute.

android, Aplikazioak, Apple, Osagarri Informatikoak, Sakelako Telefonoak, tabletak

Spotify Connect, haririk gabeko bozgorailuetarako aukera bat

spotify_connect5-580-90Spotifyk aurkeztutako teknologiari esker, bluetooth gaitua duten bozgorailuetara musika streaming erara bidal daiteke telefono edo tabletatik. Egongelan, bulegoan edo nahi den txokoan musika entzungarriagoa egiteko helburuarekin eta norbere sakelakoa aginte gisa erabiltzeko diseinatuta dago sistema. Gaur-gaurkoz, Connect, Android eta iOS plataformentzat bakarrik dago. Spotifyren doako erabiltzaileeei, murriztapen gisara, deiren bat jasoz gero musika mozteko eragozpena ezarri diete.

Internet, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, Sareak

100 kilometrorainoko super wifia

super-wifi4G sareak dira, egun, haririk gabeko Interneterako sarbidea lortzeko teknologia puntakoena. Gaitasun handiko sistema dela zalantzan jarri gabe, seinale murritza du traba nagusi. Hiriburu nagusietan bakarrik dago seinalea, eta ez dirudi epe motzera konponduko denik eragozpen hori. Zibergelan sakondu zen gaia: http://zibergela.bitarlan.net/2013/05/31/4g-telekomunikazio-teknologia-atarian/. Hala eta guztiz ere, telekomunikazioen etorkizuna itsu-itsuan lotzen da 4G teknologiara oraindik ere. Baina 3G sarearen gehiegizko asetasunarekin amaitzeko bestelako aukerarik ere badago: super wifia.

Azpiegitura berriei muzin

Interferentziak saihesteko asmoz, telebista kanalen arteko seinalean erabili gabeko frekuentziak edo zuriuneak uzten dira. 2011n onartu zen 802.22 estandarra, eta zuriune horiek baliatzen ditu haririk gabeko irismen handiko sareak ezartzeko. Gainera, telebista seinale analogikoa bidaltzeari utzi zitzaionetik, erabili gabeko frekuentzia tartea ere zabalagoa da. Eta hori berbera erabiltzen da: VHF eta UHF bandetako 54 eta 862 megahertz (MHz) tartekoa, hain zuzen. Era horretara, hedapen handiko wifiaren seinalea igortzea dago, ehun kilometrorainoko irismenarekin eta segundoko 22 megabiteko (Mbps) abiadura langarekin.

Egokitzapen beharrik ez

Super wifiari esker, era guztietako gailuak elkarrekin konektatzea dago sarbideko puntuen bila ibili beharrik gabe eta pareten interferentzien eraginik gabe. Agian, alderik handiena egokitzeko gehigarri berezirik edo terminal berririk behar ez izatean dago. 4G sarea erabili ahal izateko, berriz, azken belaunaldiko gailu garestiak behar dira. Izan ere, besteak beste, sakelako gutxik dute ezaugarri hori gaur-gaurkoz. Artean, egungo edozein gailu erabili ahalko litzateke besterik egin gabe, eta zortzi kilometroraino super wifiaren seinalea jaso. Aldea dago, wifi arruntaren 100 metroekin konparatuz gero. 4G sareen kasuan, sare oso bat osatu beharra du hornitzaile bakoitzak; hau da, azpiegitura berrien beharra dago, eta motel doa kontua.

Estalpean egon den teknologia

Bestalde, super wifia aintzat hartzeko baliabidea da landagune edo herrietan. Izan ere, ezartzeko kostu baxua du, eta seinalearen irismena ona da. Seinale komertzialik ez duen edo errentagarria ez den inguruneetara Internet eramateko balio du, baita wifi publikoa eduki nahiko luketen eremu handietarako ere. Litekeena da teknologia hori pixka bat estalpean egon izanaren arrazoia ere hor aurkitzea. Hornitzaileentzat errentagarriagoa da banakako sarbidea ematen duten teknologiak ezartzea, erabiltzaileei banaka kobratu ahal izateko. Super wifia ezarriz, ostera, eremu zabal bateko biztanleek baliatu ahal izango lukete Interneterako sarbide bakar hori.

Super wifia hasi da apurka-apurka ibilbidea egiten. Aurtengo ikasturtean bertan, Ameriketako Estatu Batuetako ehunka institututan eta unibertsitatetan erabiltzea erabaki dute. Horrek hautsak harrotu zituen azaroan. Brasilen eta Erresuma Batuan ere erabiltzeko interesa erakutsi dute dagoeneko.