Batik bat sortzaile eta marrazkilariek maiteko duten egundoko aplikazioa dago eskuragarri iPad tabletentzat. Izan ere, gaur-gaurkoz, atzamarrak ukipenezko pantailei eragiteko erabiltzea erosoa bada ere, askori motz geratzen zaie, zehaztasun faltagatik. Teknologiek dakarten muturreko praktikotasunak arte plastikoa eragozteko beldurrez-edo, FiftyThree taldekoak harago joan dira, eta aurreko premisaren kondaira eraitsi dute Paper-ekin. Pentsatu dutena da, nonbait, arazoa ez dela atzamarrekin egitea, baizik eta gainean marrazten dugun orriarena: egon badira bestelako sormenezko aplikazioak, baina bakar bat ere ez horrenbesteko zehaztasuna duena.
Diseinua eta oharren sormenaren erdibidean dagoen aplikazioaren funtsa, egunerokotasunean eta bat-batean etorritako burutazioak idatzi edo marraztean legoke (diagramak, eskemak, ilustrazioak, eta abar); gero, amaraunean parteka daitezke. Azken egiteko hori errazten dute integratuta dakartzan sare sozialek. Paper barruan, koadernoka antolatzen da informazioa. Bilduma desberdinak bailiran, norberak izendatu eta betetzen dituen bereizmen handiko oihal zuriak dira. iPad berrien erretina pantailetara doitzerainoko zehaztasuna daukate Paper-en emaitzek, 2048×1536 pixel bereizmenekoa. Ondorioa da, oihalaren gainean geratzen den tintak lodiera asko erakusten dituela, sits eta bits edo zehaztasun txundigarriz trazatuz akuarela lerroak edo arkatz markak.
Deskarga doakoa da, baina, lehentasunez, pintzel beltza bakarrik dago eskuragarri. Gainontzeko lanabesak lortzeko, ordaindu beharra dago. Horrela, arkatza, estilografikoa, errotulagailua eta akuarelak nahi badira, banaka har daitezke, edo, guztiak dakartzan Essentials paketean eskuratuko dira 5,99 euroren truke. Paper, App Store-an dago deskargatzeko, erreferentzia gehiagorako: http://www.fiftythree.com/paper.