Zalantzarik gabe, aurreko astean zehar, AEB eta pirateriari buruzko albisteek bete dute informazio esparru teknologikoa. Lehendabizi, Interneteko pirateriaren aurkako legeak SOPA eta PIPA albistegietan eta sare sozialetan pil-pilean ikusi ziren. Ondoren, lege hauen kontrako aldarrikapenak, haien artean, Interneteko erraldoienak, Wikipedia, Facebook, Google, eta nola ez Anonymous nazioarteko hacker taldeak AEBetako sei webgune garrantzitsuen blokeoa, AEBetako Justizia Sailarena, besteak beste. Lurrikara eta gero, AEBko Senatuan eta Kongresuan bozkatuko ziren lege horiek bertan behera utzi zituzten. Baina hori bai, lege horiek onartu gabe ere, zer egin litekeen irakatsi nahi izan diete Internet erabiltzaileei eta Megaupload webgunearen itxiera izan da lehenengo ikasgaia, hain zuzen ere.
Megaupload zerbitzua
Megaupload eta orokorrean Megaword.com webgunean eskaintzen ziren zerbitzu guztiak Zibergelan azaldu ziren 2010eko abenduan, hemen dago lotura: http://zibergela.bitarlan.net/2010/12/10/megaworld-megaupload-eta-askoz-gehiago/
Baina, laburbilduz esan daiteke Megaupload nork bere fitxategiak “hodeira” edo Internetera igotzea ahalbidetzen zuen zerbitzua dela edo zela. Orokorrean, fitxategi handiak igotzen ziren, emailez bidaltzeko handiegiak zirenak. Igotako fitxategi bakoitzeko lotura publiko bat sortzen zuenez zerbitzu honek, lotura hutsarekin, partekatu ahal ziren hainbat fitxategi.
Webgune eta foro askotan, era honetan, Copyrightek babestutako edukiak partekatzen dituzte, musika, filmak edo filmen zatiak, besteak beste. Edukiak partekatzeko era honi, deskarga zuzena deitzen zaio, beste erabiltzaileren menpe ez dagoelako fitxategi hori deskargatzeko, zuzenean deskargatzen da erabiltzailearen ordenagailura. Gainera, deskargak automatizatzeko aplikazioak ere erabil daitezke, JDownloader (http://jdownloader.org/), adibidez.
Horrela, Internet erabiltzaile batzuk P2P bidezko sareak eta BitTorrent deritzenak ere ordezkatzen joan dira deskarga zuzenarekin.
Hala ere, zerbitzu hauek orokorrean eta Megaupload zehatz-mehatz, ez dira bakarrik babestutako edukiak partekatzeko erabiltzen. Hainbat erabiltzailek igotzen dituzte horrelako zerbitzuetara emailez bidaltzeko handiegiak izan daitezkeen fitxategi pribatuak edo babestu gabekoak. Horrela partekatu ahal dituzte familia edo lagunekin haiek sortutako audioak, bideoak, argazkiak, eta abar. Enpresa batzuek ere erabiltzen dituzte horrelako zerbitzuak aipatutako helburuetarako, arlo profesionalean.
Zer gertatzen da Megaupload webgunean dauden fitxategiekin
Esan bezala, erabiltzaile askok beren eduki pribatuak gordeta zituzten Megaupload zerbitzuan, eduki hori guztia FBIren esku dago une honetan. Eta erabiltzaileak aurkitzen dira ezin dutela inon eskatu beren eduki hori eta ez dutela inolako informaziorik. Ildo horretatik, internauta eta kontsumitzaile elkarte batzuek azaldu dute fitxategi horiek berreskuratzeko eskubidea izan behar dutela erabiltzaileek. Baina, oraindik ez da ikusten inolako argirik kontu honetan.
Antzeko zerbitzuen neurriak
Megaupload webgunearen antzeko webguneek Megauploadekin gertatu dena ikusita bere neurriak ere hartu dituzte eta zerbitzu ezberdinak kendu dituzte arazoak saihesteko. Adibidez, Fileservek deskarga asko dituzten fitxategiak igotzen dituzten erabiltzaileei ordaintzeari utzi diote, halaber babestutako edukia ezabatzen hasi dira.
Uploaded.to webgunearen arduradunak zorrotzagoak izan dira eta zuzenean AEBn emandako zerbitzua bertan behera uztea erabaki dute, beraz munduko beste estatuetan bai baina AEBn ez dute zerbitzurik emango, AEBko sarbideak haien zerbitzarietan blokeatuta.
Era berean, Filesonic zerbitzuak kendu du fitxategiak partekatzeko aukera, beraz, erabiltzaile bakoitzak berak igotako fitxategiak besterik ezin izango ditu deskargatu.
Horrez gain, Internet erabiltzaileen artean mesfidantza dago eta erabiltzaile askok eten egin dituzte webgune hauetan zituzten ordainpeko zerbitzuak eta beste asko ez dira ausartzen zerbitzu horiek kontratatzera dirua galduko dutelakoan.