Aplikazioak, Euskara, lizentzia libreak, Software Librea

Mapak sarean erabilgarri

openstreetmap_cartoonAspalditik dator gizasemeak bere ingurua mapa batean irudikatzeko zaletasuna. Ptlomeo greziarra izan zen kristo ondorengo bigarren mendean bere aurrekari izandako guztien jakintza batu eta koordenatuak meridiano eta paraleloen bidez adierazteko oinarriak ezarri zituena. Ptlomeok, Aristoteles eta Hiparkoren lanak baliatu zituen: Aristotelesek ekuatorearekiko inklinazio angelua neurtu zuen eta Hiparkok, mundua bezalako esfera bat, bi dimentsiotako plano batean irudikatzeko oinarri matematikoak ezarri zituen kristo aurreko bigarren mendean, hau da, lehen proiekzio kartografikoa egin zuen.

Mapen garapena, teknologian emandako aurrerapenarekin dago estuki lotua. Mapagintzak erdi aroan bizi izan zuen aurrerakada handiena, iparrorratz eta koadrantearen asmakizunarekin batera. Asmakizun berri hauekin, eguzki zein artizarrarekiko angelua neurtzea posiblea izan zen, eta horrela, mundu azalean, puntu baten kokapena zehaztea posible bilakatu zen.

Hogeigarren mendean, lehen gerrate mundialean, hegazkinak erabiltzen hasi ziren mapak egiteko, bertatik ateratako argazkiak erabiliz, ortoargazkiak bezala ezagutzen direnak. Bigarren gerrate mundialean erabat zabaldu zen hegazkinen erabilpena mapak egiteko orduan. Sateliteen erabilpenari dagokionez, 1966 urtean, Estatu Batuek Pageos izeneko satelitea espazioratu zuten lurrazalaren ikerketa geodesikoak egiteko, oraingoan ere, bereizmen handiko argazkiak erabiliz.

Mapak, nabigatzaileak eta erabilpen lizentziak

Ez da denbora asko, gure kotxeetan nabigatzaile izenarekin ezagutzen ditugun aparatuak agertu direla. Funtzionamendu erraza dute: nora joan nahi dugun adierazi eta gailuak proposatutako bidea jarraitu besterik ez dugu. Baina, nork egiten ditu nabigatzaile hauek erabiltzen dituzten mapak? Bi enpresa dira nagusiki mapa hauen egile: Teleatlas eta navteq. Lehena Tomtom enpresa ezagunak erosia 2007an eta bigarrena Nokia enpresa finlandiarrarena. Nabigatzaile hauek, GPS sistema bidez gure ibilgailuaren posizioa irakurtzen dute, mapan kokatu eta helburu dugun punturantz bideratzen gaituzte.

Nabigatzaileok erosten ditugunean, aparatuak izan ditzakeen mapak erabiltzeko eskubidea lortzen dugu eta inondik inora ez datuok berrerabiltzeko eskubidea. Gure udaletxe askotan ere horrelako zerbait gertatzen da. Enpresa bati mapa bat egiteko eskatuta, inor ez bada lizentzia kontuaz arduratzen, udaletxeak eskatutako mapa jasoko du, baina datuen jabetza, enpresarena izango da. Udaletxe horrek mapa hornitzailez aldatu nahi balu, ezin izango lituzke lehen enpresak erabilitako datuak lortu eta bigarren enpresa horri eman.

Google, Yahoo eta horrelako enpresak, datu geografikoak eskuratu eta erabiltzaileon eskura, hainbat aplikazio jarri dituzte. Erraza da gaur egun interneten sartu eta leku baten helbidea mapa batean irudikatzea, gure herriaren satelite-argazkia ikustea edo norabait joan nahi dugunean, hartu beharreko bidea zein den jakitea. Datu geografikoen erabilera eta irudikatzea ere aplikazio informatikoen programatzaileen esku jarri dute. Gure herriko mugarrien kokapena irudikatu nahi badut, Googlek eskaintzen duen plataforma erabili dezaket. Oraingoan ere, erabilpen baimena da enpresa hauek eskaintzen dutena, baina datuotan aldaketaren bat egin nahi bada, ateak itxita daude. Mashup bezala ezagutzen dira aplikazio hauek, eta gurean, Tagzania izan daiteke ezagunenetako bat.

OpenStreetMap

Datu geografiko askeak eskaintzeko asmoarekin sortu zuen OpenStreetMap proiektua 2004an Steve Coast ingelesak. Wikipediaren filosofiari jarraitzen dio proiektu honek: erabiltzaileen ekarpenekin osatutako mapa da proiektu honen fruitua.
Mapa egin ahal izateko, honako pausuok ematen dira: lehenik eta behin datu geografikoak bildu behar dira; honetarako, normalean GPS hargailu bat erabiltzen da. Jasotako datuak editatu egiten dira hondoren. Errepide batean aurrera lortutako GPS puntuak aintzat hartuta, puntuok lotu egingo ditugu eta lortzen dugun arrasto horri, ezaugarri batzuk erantsiko dizkiogu (bidearen izena, kategoria, lurraren egoera, zentzu bakarra edo bikoa den…). Datuak editatzeko aplikaziorik erabilienetakoa, josm da. Azkenik, datuok editatu ondoren, OpenStreetMap proiektuaren zerbitzarira igoko dira eta bertan, pilatutako datu guzti horiekin itxura ezberdinetako mapak sortzen dira.

GPS datuak jasotzea oso lan nekeza denez, ortoargazkiak (satelite zein hegazkinetatik lortutako argazkiak) ere erabiltzen dira kalko gisa errepide, etxe edo iturrien kokapenak OpenStreetMapen sartzeko. Ortoargazki hauek erabili ahal izateko, eduki hauek erabilpen hau onartzen duten lizentzia aitortu behar dute. Berriki, Gipuzkoako datu espazialen azpiegiturak eta Euskadiko Open Data ekimenak, administrazioak dituen datu geografikoak askatu dituzte eta bertako edukiak OpenStreetMap-en erabiltzea ahalbideratu dute.

OpenStreetMap-ek eskainitako datuekin, munduko mapa euskalduna ere badugu esku artean: euskalmapa. Gune honetan bertan dagoen blogean ere, han eta hemen burutzen diren mapa-egite eta kurtsoen berri ematen da.

Internet

Topicmarks-ek testuak laburtzen ditu

topicmarksPertsona batentzat bereziki zaila ez dena, alegia, testuak irakurri, ulertu eta laburtu, ordenagailu batentzat izugarri konplexua da, edo behintzat garatzea hori egiten duen aplikazioa. Adibide gisa, itzultzaile automatikoak aipatu daitezke, hainbat enpresa, lantalde eta baliabideak ari dira arlo horretan ikertzen eta garatzen, eta hala ere, oso zaila da itzulpen zehatzak eta naturaltasunez egitea. Zer esanik ez, laburpen bat egitea testu baten ideiarik garrantzitsuenekin.

Horregatik Topicmarks oso proiektu interesgarri bat izan daiteke eta txalotzeko modukoa. Izan ere, testu fitxategi bat igo ahal da edo url edo testu bat itsatsi ahal da, web aplikazioak irakurtzen du testua, prozesatzen du eta laburpen bat ideiarik garrantzitsuenekin bidaltzen dio erabiltzaileari posta elektronikoz. Gainera, erabiltzailearen laburpenak norberaren profilean gordetzen dira. Oraingoz soilik ingelesezko testuekin ibiltzen da, baina oso ondo egiten duela onartu behar da.

Probatzeko helbide honetara jo daiteke: http://topicmarks.com. Saioa hasteko, izena eman ahal da webgunean, bestela Google edo Yahoo ID! kontuak erabili ahal dira webgunean izena eman behar gabe. Ikusi beharko da proiektu honen bilakaera.

Segurtasuna

Datuen berreskuratzea eta behin betiko ezabaketa

datuak1Erabiltzaile batek ezabatzen duenean fitxategi bat edo karpeta bat bere ordenagailutik, informazio hori ez da guztiz ezabatzen disko gogorretik edo USB memoriatik, esaterako, baizik eta marka bat ezartzen zaio informazio horrek okupatzen zuen espazioari. Era honetan, sistemak badaki espazio hori libre dagoela eta bestelako informazioarekin bete daitekeela. Hala ere, beste informazio batekin ordezkatu arte, jatorrizko informazioak hor jarraitzen du, nahiz eta sistemaren zakarrontzitik ere ezabatu. Horregatik, nahi gabe ezabatutako fitxategi batzuk berreskuratu daitezke sistemak fitxategi hori zegoen lekuan ez badu idatzi berriz. Baina era berean, behin betiko ezabatu nahi den informazio konfidentzialak ere hor jarraitzen du eta etorkizunean beste norbaitek berreskura lezake.

Ezabatutako informazioa berreskuratzea

Hala, bada, zenbait aplikazio lor daitezke ordenagailutik ezabatutako informazioa berreskuratzeko. Recuva da adibideetariko bat, MS Windows sistemetan erabil daiteke eta dohainik deskargatu daiteke helbide honetan: http://www.piriform.com/recuva/download/standard. Ezabatutako informazioa berreskuratzeko softwareen artean hau da errezenetariko bat. Aplikazio hau Piriform enpresak garatu du eta Recuvari buruzko informazio guztia helbide honetan http://www.piriform.com/recuva aurki daiteke. Recuvak disko gogorraren miaketa sakona egiten du eta erakusten dio erabiltzaileari aurkitzen duen ezabatutako informazioa, honek nahi duena berreskura dezan. Hala ere, miraririk ez du egiten eta oso informazio zaharra berreskuratzea zaila izaten da aplikazio honekin eta beste guztiekin, izan ere, hainbat alditan berridatz daiteke libre bezala markatutako espazioa. Aplikazio hau, USB memoriaren, edo kameraren zein bestelako txartelen datuak ere berreskuratzeko gauza da. Honez gain, posta elektronikoa ere berreskuratzea posiblea da MS Outllok eta Mozilla Thudnerbird zein Windows Live Mail erabiliz gero, hala nola ez gordetako MS Word dokumentuak. USB memorian gordetzeko bertsio eramangarria ere eskura daiteke. Gainera, datuak berreskuratzea ezezik datuen ezabaketa segurua ere egitea posiblea da aplikazio honen bitartez.

Linux sistemetan, Autopsy delako aplikazioa erabil daiteke galdutako datuak berreskuratzeko. Web interfaze grafiko bat eskaintzen dio erabiltzaileari errazago erabiltzeko eta NTFS, FAT, FFS, EXT2 eta EXT3 fitxategi sistemetako datuen miaketak egiteko gai da. Ubuntun eta Debian oinarritutako banaketa ezberdinetan “autopsy” izeneko paketea Ubuntu Software Biltegitik edo Synaptic bezalako pakete kudeatzaile batetik instalatu besterik ez da behar. Aplikazio hau software librea eta doakoa da.

Mac Os X sistemetan Mac File Recovery erabili ahal da era erraz eta azkar batean berreskuratzeko ezabatutako datuak. Helbide honetan deskargatu daiteke debalde: http://www.macfilerecovery.net/