Internet

Delicious, bertan behera utziko duten zurrumurrua

deliciousEgunotan bolo-bolo dabilen berria da hau, Yahoo, Deliciousen jabeak zerbitzua bertan behera utziko duela. Delicious, laster-markak gorde eta etiketatzeko zerbitzu ezaguna da, erabiltzaile asko dituena. 2003 urtean hasi zuen bere ibilbidea, eta 2005 urtean Yahook erosi zuen. Twitter bidez jakin da Yahook zerbitzu honen inguruan lan egiten duten langile batzuk kaleratuko dituela eta zerbitzua bera eteteko asmoak dituela.

Hain zerbitzu erabilia izanik, burrunba handia sortu da berriaren inguruan. Ba da, gertaera honek “hodeian” (ingelesez cloud) eskaintzen diren zerbitzuen ahultasuna nabarmentzen duela esaten duenik. Beste batzuk, Yahoori bere zerbitzu hau komunitatearen esku jarri dezala eskatu dute, software librea bilakatu eta komunitateak zerbitzuaren mantenua bere gain hartu dezan. Eta azkenik, ba da, Yahook publizitatea lortzeko askatu duen zurrumurrua dela dioenik ere.

Berria Yahoo beak ezeztatu badu ere, ez litzateke txarra gure laster-markak salbu jartzeko ordezko zerbitzu batzuk bilatzea; Diigo edo Evernote ordezko zerbitzu bikainak izan daitezke. Delicious berak eskaintzen duen APIa baliatuz, posible da laster-marka guztiak XML fitxategi batean jasotzea, ondorengo twitaak erakusten duen bezala: http://twitter.com/#!/andresb/status/15505961854705664

Internet, Segurtasun kopiak

Diska biltegi zerbitzuak online

DropBox softwareaen logoa letra gabe.

Arazoa begi bistakoa da: hainbat gailu erabiltzen ditugu leku ezberdinetan, eta guztiek, fitxategiak eta datuak gordetzeko diskoa eskaintzen dituztenez, azkenean, buruhauste franko sortzen da zer non dagoen jakin nahi denean. Demagun, erabiltzaile batek lantokiko ordenagailuan dokumentu baten edizioa hasi eta etxeko ordenagailuan lanean jarraitu nahi duela. USB giltza bat hartu lezake eta fitxategia bertan gorde bere etxean edizioarekin jarraitzeko. Lantokitik bere buruari zuzendutako posta mezu bat bidaliz ere, gero, etxean, posta mezua jaso eta txertatutako dokumentua berreskuratu lezake edizioarekin jarraitzeko. Azkenean, dokumentuaren hainbat kopia kudeatu beharko ditu erabiltzaileak: laneko ordenagailuan dagoena, etxeko eramangarrian dagoena, USB giltzan edo posta kontuaren sarrera-erretiluko zoko ezkuturen batean dagoena.

Nahas-mahasa hau konpontzeko, online eskaintzen diren web biltegi zerbitzuak erabili daitezke.

Zer dira web biltegi zerbitzuak?

Web biltegi zerbitzuak, aurreko atalean aipatu den arazoa konpontzea dute xede, hots, sinkronizazio ezaren arazoa. Zerbitzu hauek erabiliz, gailu ezberdinak Interneten dagoen biltegi batekin sinkronizatzen dira, eta erabiltzaileak, bere etxeko ordenagailu nahiz mugikorrarekin ari dela ere, dokumentuaren azken bertsioa izango du eskura sinkronizazioan parte hartzen duten gailu guztietan.

Aurreko adibidea jarraituz, erabiltzaileak, bere lantokiko naiz etxeko eramangarrian, web biltegi zerbitzua eskaintzen duen software bat instalatu beharko du. Lantokiko ordenagailuan dokumentu bat sortzen denean, ordenagailuan instalatutako softwareak, Internetera igoko du fitxategia, eta etxera joan eta bertako eramangarria pizten denean, eramangarriak, saretik, dokumentu berria jaitsiko du eta erabiltzailearen eskura utziko du karpeta jakin batean.

Zerbitzu batzuk, doan, giga batzuetako edukiera duten biltegiak eskaintzen dituzte, eta ordainpeko harpidetzaren truke, edukiera handi edo mugarik gabeko edukiera duen zerbitzua eskaintzen dute. Hainbat dira horrelako zerbitzuak eskaintzen dituzten guneak; adibidez: DropBox, Wuala, Mozy edo Windows Live Mesh.

DropBox dugu zerbitzu ezagunenetako bat. 2GBko biltegia eskaintzen du doan, eta ordainpeko harpidetza erabiliz, gehienez 100GB. Windows, Mac edo Linux sistema eragileak dituzten ordenagailuetan erabili daiteke eta baita Iphone, Ipad, Blackberry eta Android sistema eragilea duten mugikorretan ere. Sinkronizatutako fitxategiak edozein lekutatik atzitzeko, webgunea ere eskaintzen du: http://www.dropbox.com/

DropBoxen, erabilera

DropBox ordenagailuan instalatzean, disko gogorrean karpeta bat sortzen du software honek, aurrerantzean “DropBox karpeta” bezala izendatuko dena. Karpeta honetan jartzen den edozein fitxategi, DropBox instalatu dugun beste ordenagailu edo gailu mugikor guztiekin sinkronizatuko da. Sinkronizazioa lortzeko, lehenik eta behin, fitxategia Internetera igoko da, DropBoxek kudeatzen duen biltegira eta gero, beste gailuak Interneten eduki berria dagoela ohartzen direnean, fitxategi hau beste gailu horietara jaitsiko da.

Demagun erabiltzaile bat DropBox karpeta barruan dagoen fitxategi bat editatzen dabilela. Fitxategia gorde bezain pronto, DropBox zerbitzuak, fitxategi hau erabiltzaileak DropBox instalatu duen ordenagailu eta gailu mugikor guztietan sinkronizatuko da, hau da, fitxategi hau beste ordenagailu eta gailu mugikor guztietan ere gordeko da.

Fitxategiak partekatu nahi badira eta lantalde bati fitxategi batzuetan lan egiteko aukera eskaini, DropBox karpeta barruan dagoen karpeta bat hautatu eta DropBoxen kontua duten erabiltzaileekin partekatu daiteke karpeta honen edukia. Nahi den bakarra hirugarren bati fitxategiaren berri ematea bada, fitxategia atzitzeko URL edo helbide bat eskaini dezake DropBoxek.

DropBoxen dauden fitxategiak automatikoki sarera igotzen direnez, ziurtasun kopia sistema bezala ere erabili daiteke DropBox. Ordenagailua ondatzen bada, Internetera jo eta DropBoxen aurkitu daitezke sinkronizatutako fitxategiak. Doaneko kontuak 2GB edukiera eskaintzen du, eta leku gehiago behar izanez gero, ordainpeko harpidetza kontratatu beharko litzateke.

Fitxategi bat editatu eta DropBoxek sareratzen duen bakoitzean, fitxategi horren bertsio berri bat gordetzen du. Horrela, fitxategiaren historia guztia dago eskura eta edozein bertsio berreskuratu daiteke. Ezabatzen diren fitxategiak ere berreskuratu daitezke DropBoxen webgunetik.

Internet

Wikileaks

wikileaksWikileaks irabazi asmorik gabeko nazioarteko erakunde bat da. Erakunde honek bere webgunearen bitartez, http://www.wikileaks.org/, mundu osoko gobernu eta administrazio publikoen dokumentu eta txosten sekretuak informazio korapilatsuarekin argitaratzen ditu.

Erakunde honen webgunea 2006ko abenduan argitaratu zen eta 2007ko uztailean elikatzen hasi zen. Harrezkero dokumentu eta txosten pribatuen kopurua handitzen joan da eta dagoeneko 1,2 milioi dokumentu sekretu argitaratu ditu. Erakunde honek, dokumentu sekretu hauen bitartez, gobernuen jokaera ez zilegiak plazaratu nahi ditu.

Wikileaks izenean «wiki» hitza egon arren, ez da wiki ohiko bat. Zeren eta internet erabiltzaileek eta irakurleek edukia ezin baitute ez aldatu ez sortu, ez badaukate horretarako baimena.

Wikileaks webgunean oso filtrazio garrantzitsuak plazaratu egin dira, Irak eta Afganistaneko gudaren inguruan, adibidez. AEBko nazioarteko politikari buruzko azken filtrazioek, esaterako, oihartzun handia lortu dute. Hori dela eta, Wikileaks erakundeak arazo dezente izaten ditu bere webgunea mantendu ahal izateko eta hainbat boikot eta eraso jaso ditu, bai gobernuen aldetik eta bai informatika enpresa eta hornitzaileen aldetik. Twitterrek zein Facebookek, batzuk aipatzearren, itxi dituzte proiektu honen aldeko kontuak eta orrialdeak.