Internet, Pribatutasuna

Pribatutasuna Interneten

pribatutasunaWeb 2.0 eta sare sozialekin, Interneten datu pribatuak jartzeko gero eta ohitura handiago dago Internet erabiltzaileen artean. Hala ere, datu pribatuen arazoa ez da gauza berria Interneten. Guztien arteko amarauna osatzen hasi zenetik, beti egon dira txat gelak, Messenger bezalako berehalako mezularitza aplikazioak eta posta elektroniko masiboak. Honela, Interneten diharduten datu pribatu ebasleak baliabide hauetaz baliatzen joan dira. Datu pribatu horiek nahita edo jakinda uzten du sarean Internet erabiltzaileak, baina honi gehitu behar zaizkio, konturatu gabe uzten duen informazio arrastoak eta era eskuragarri batean garraiatzen den informazioa. Gai honetaz, erabiltzaile asko ez dira arduratzen eta beste asko izugarri arduratzen dira. Printzipioz, oreka bilatu behar da, ez hain gutxi, ez hainbeste. Esaterako, badirela hamarkadak eta hamarkadak bakoitzaren telefonoa eta helbidea argitaratzen dira gida publikoetan eta gida hauek etxez etxe banatzen dira. Gida horiek Internet baino etxe eta pertsona gehiagoetara heltzen dira, esaterako. Eta datu horiek lehenetsita argitaratzen dira, erabiltzaileak ez argitaratzea eskatu ezik.

Izan ere, beste batzuetan esan den bezala, Internet ez da aparteko mundu bat gaizkile gehiago edo gutxiagorekin, baliabide bat besterik ez da eta bertan mugitzen diren pertsonak gizartearen isla bat baino ez dira.

Hala, bada, norbera kontziente izan behar da Interneten argitaratzen dituen datuekin eta publikoki argitaratzen ari dela jakin behar du, nahiz eta sare sozial batean izan. Kontutan hartu behar da pribatutasun baimenak edo irizpideak agian ez daudela ondo konfiguratuta eta sare sozialtzat hartzen dituen webgune batzuk, Twitter, esaterako, ez dira sare sozialak, jarraitzaileak egon arren, microblogging webguneak dira. Beraz, Twitter bezalako webguneetan argitaratzen dena edonork ikusi ahal du, jarraitzailea izan ala ez, Twitter porfilaren helbidea baino ez da jarri behar.

Honez gain, ondo legoke txat geletan, sare sozialetan eta berehalako mezularitza aplikazioetan nolabait ziurtatzea kontaktu bezala edo lagun bezala gehitu dugun hori, benetan, laguna edo ezaguna dela. Hau, batez ere, nerabeen kasuan bereziki garrantzitsua da.

Facebooken pribatutasuna konfiguratu

Facebookek esaterako, pribatutasunaren ezarpenak konfiguratzea ahalbidetzen du eta zehaztu daiteke informazio bakoitzak nork ikusi ahal duen eta nork ez. Horretarako, Facebook-en saioa hasten denean, goiko barran, eskuman, Hasiera, Profila eta Kontua aukerak daude. Ba, Kontua aukerari sakatzen bazaio, azpimenu bat agertuko da eta hor Pribatutasun ezarpenak aukeran klik egin behar da. Hor, zehaztu ahal da norberaren datuak denek, lagunen lagunek edo lagunek bakarrik ikusiko duten. Bestela, konfigurazio gomendatua edo pertsonalizatua aukeratu ahal da, datu batzuei emateko pribatutasun gehiago edo gutxiago eta ez guztiei berdina, azken aukera hau izan liteke egokiena.

Posta masiboak, helbide elektroniko lapurren altxorra

Era masiboan, kontaktu guztiei bidaltzen diren posta elektronikoak kate bati jarraituta, oso erakargarriak dira helbide elektroniko lapurrentzat. Izan ere, askotan, helbide kopuru handia bildu nahi duten hauek abiarazitako kateak dira. Helbide elektroniko horiek, gero SPAMa bidaltzeko erabili ohi dira. Hala, bada, kate horiei ez jarraitzea gomendatzen da edo jarraituz gero, bidaltzea kontaktuei helbide elektronikoak ezkutatuz, kopia ezkutuan edo BCC eremuan, alegia.

Era pribatuan nabigatu

Internetera konektatutakoan, ordenagailua eta Interneteko zerbitzariaren artean garraiatzen den informazioa zifratu gabe joaten da. Horrenbestez, informazio hau irakurgarria eta ulergarria da bai garraiatzen den bitartekoaren bitartez, are gehiago wi-fia bada; bai artekarien bitartez, proxyak, sare lokala edo bai Internet hornitzailearen bitartez.

Beraz, informazioa garrantzitsua edo bereziki pribatua bada, zifratuta joango dela ziurtatu behar da. Alde batetik, webgune batean sartu behar den informazio pribatua korapilatsua denean, diru kontuak, on-line erosketak edo pasahitzak esaterako, ezinbestekoa da webgune horrek eskaintzea bide seguru bat informazio hori zifratuta bidaltzeko eta gainera ziurtatzeko webgune horren atzean esaten den entitatea dagoela. Informazio zifratua bidaltzen denean nabigatzaileek era ezberdinetan jakinarazten dio erabiltzaileari, helbide barra kolorez aldatuz edo giltzarrapo baten bidez, edo besterik gabe, helbidean ikusi ahal da “https://” “http://” s gabe ikusi beharrean. Webgunea zifratuta badago baina ez badauka nortasun ziurtagiririk, nabigatzaileak ohartaraziko du eta galdetuko dio erabiltzaileari dena dela sartu nahi duen.

Wi-fia erabiliz gero, konexioa WPA edo WPA2 protokoloen bitartez zifratuta garraiatzen dela baieztatzea ezinbestekoa da. Wi-fi publiko bat erabiliz gero, hobe datu garrantzitsurik ez bidaltzea.

Azkenik, aipatu beharra dago, Interneten nabigatzen denean erabiltzen den ordenagailuan edo gailu digitalean datu asko uzten direla, pasahitzak, formularioetan sartzen den informazioa, cookieak, eta abar. Nabigatzaile askok eskaintzen dute informazio hau ezabatzeko aukera edo era pribatuan nabigatzeko aukera. Beraz, leku publiko batean edo norberaren ordenagailua erabiltzen ez denean aukera hauek erabiltzea oso komenigarria da. Firefox-en menu nagusian, Tresnak atalean daude aukera hauek, eta Internet Explorerren “Segurtasuna” aukeran.

Google, Internet

Zertan gelditu da Google Wave proiektua hasierako eztandaren ondoren

wave12009ko maiatzaren amaieran Googlek Google Wave proiektua aurkeztu zuen. Interneteko erraldoiak proiektu hau komunikazio baliabideetan iraultzailea izango zela iragarri zuen. Baina denbora pasatu da eta hasierako eztandaren uhina makaltzen eta makaltzen joan da. Aspaldi ez zen berririk entzuten, sorreran hainbesteko oihartzuna izan zuen proiektu horretaz. Azken albistea ez zen ona izan, Googlek adierazten du bertan behera utziko duela garapena proiektu independente bezala, urtearen amaierara arte zabalik mantenduko bada ere. Gainera, proiektuaren iturburu kodea irekia izango da, bestelako garatzaileek ere aurrera jarraitu ahal izateko egindako lanetik aurrera. Googlek berak ere ez du baztertzen garatutakoaren zati batzuez baliatzea beste proiektuetan. Baina, azken finean, non gelditu da iragarritako komunikazioaren eta elkarlanaren iraultza hori eta hainbesteko oihartzuna. Proiektuaz baliatu diren erabiltzaileak, hasiera batean pozik azaldu dira proiektuarekin, orduan zein izan da porrotaren zergatia. Nire uste apalean, porrotaren zio bat izan da hasiera batetik ez dela guztiz irekia izan erabiltzaile guztientzat. Hasiera batean, erabiltzaile gutxi batzuei gonbidatu zitzaien erabiltzera, eta gonbidapenen bitartez, uhina hedatzen joan zen baina ez bizirauteko abiadura nahikoarekin. Azkenean, denborarekin, proiektua eta hasierako eztanda hori ahultzen eta ahazten joan dira erabiltzaileen artean. Izan ere, horrelako komunikazio baliabideek indarra oso lotuta dago erabiltzaile kopuruarekin eta norberaren ezagunak eta kontaktuak egotearekin.

Hona hemen proiektuaren helbidea oraindik probatu nahi izanez gero: https://wave.google.com eta hona hemen proiektua bizirauteko sortu den webgunea: http://www.savegooglewave.com/

Aplikazioak, Google, Internet

Zeregin zerrendetarako aplikazioak

todolistOrdenagailuak eta tramankulu digitalak baliabide aproposak dira norberaren bizitza, lana, edo azken finean, egunerokotasuna antolatzeko. Agendak, egutegiak, kontaktuak, helbideak, telefonoak eta beste hainbat kontu ordenagailuetan edo sakelako telefonoetan gordetzen ditugu. Hauetaz gain, lan arloan edo arlo pertsonalean burua zereginez josita daukagu. Eta azkenean, beti ahazten da baten bat edo beranduegi gogoratzen da.

Hala, bada, zeregin zerrendak edo “Todolist” kudeatzeko aplikazio asko aurkitu ahal dira norberaren beharretara ondoen egoitzen dena aukeratzeko.

Ez ahaztu esnea!

Bai, honek Zibergela atalaren artikulu bat jarraitzen du izaten, baina izan ere, “Remember The Milk” izena du azalduko den lehen aplikazioak, ingelesez “Gogoratu esnea” esan nahi du. Aplikazio hau nahiko ezaguna da eta zeregin zerrendak oso era malgu batean kudeatzea ahalbidetzen du. Zerrenda ezberdinak sortu ahal dira eta zerrenda bakoitzean zeregin ezberdinak sortu ahal dira era arin batean. Zerrenda hauek ikusi eta kudeatu ahal dira webgunearen bitartez eta aplikazio ezberdinen bitartez, bai proiektuaren aplikazio ofizialak zein erabiltzaile edo garatzaile ezberdinek garatutakoak erabiliz. Eta bereziki hau da Remember The Milk aplikazioak daukan oso ezaugarri garrantzitsu bat, alegia, sistema eta aplikazio ezberdinen artean elkarreragingarritasuna. Sakelako telefono sistema garrantzitsuenetarako aplikazioak daude proiektuaren webgune ofizialean: Blackbery, iPhone, Android, Windows Mobile, esaterako. Bestetik, iGooglen, Google Calendar edo Gmail-en ere integratu daiteke, hala nola Twitterrekin edo Netvibesekin, esaterako. Gainera, formatu estandar ezberdinetan esportatu eta inportatu daitezke zeregin zerrendak, adibidez iCalendar, Atom edo RSSren bitartez. Eta garatzaileentzat API bat eskaintzen du Remember The Milk proiektuarekin komunikatzeko gai diren aplikazioak garatu ahal izateko. Hau da proiektuaren webgunea: http://www.rememberthemilk.com bertan izena eman eta erabiltzen has daiteke.

Google Task

Google Task, zeregin zerrendak kudeatzeko Googleren gehigarria da GMailen eta Google Calendarren integratzen da eta bietatik beraz zeregin zerrenda kudeatu ahal da eta zerrenda hau ezkutatu edo erakutsi edozein momentutan. GMailen, gainera, posta elektronikoak zeregin zerrendan ere gehitu ahal dira zeregin bezala. Beraz, oso gomendagarria da GMail erabiltzaileentzat, are gehiago GMail erabiltzeaz gain sakelako telefonoan Android sistema eragilea edukiz gero. Izan ere, telefono mugikorretarako sistema hauetan Gtasks aplikazioa aurki daiteke Android Market aplikazio biltegian, doakoa da eta Google Taskeko zeregin zerrendak sinkronizatu ahal dira eta sakelako telefonotik ere ikusi eta kudeatu.

Google Task-en ere erabiltzaile bakoitzak zeregin zerrenda ezberdinak sortu ahal ditu, horrela banatu ahal dira zerrenda ezberdinetan, adibidez: etxea, lana, pertsonala, eta abar. Honez gain, kronologikoki edo lehentasunaren arabera ordenatu ahal dira zereginak zerrenda bakoitzean eta koskak ezarri eta kendu ahal zaie menpekotasunak adierazteko edo zerrenda nolabait hierarkizatzeko. Era berean, posiblea da norberari zeregin zerrenda posta elektronikoz bidaltzea edo inprimatzea.

Honen inguruan gehiago irakasteko, hemen dago aplikazioaren laguntza helbidea: http://mail.google.com/mail/help/tasks/.

Aplikazio honen abantaila nagusia, azken finean, aurrekoa bezala, Interneten egonda edozein ordenagailutatik edo Internet duen sakelako telefonotik kontsulta daitekeela da, eta beraz, leku ezberdinetatik ikusi eta kudeatu ahal dira zereginak. Gainera, Interneten dagoenez, sistema eragile guztietan erabili ahal izango da, nabigatzailea eta Interneterako konexioa baino ez da behar.

Beste batzuk

Remember the Milk eta Google Task aipatu ditugu oso ezagunak direlako eta gure ustez, oso interesgarriak, baina beste asko ere badaude, adibide bezala eta probatzeko gogoa duenarentzat Toodledo http://www.toodledo.com/, Teuxdeux http://teuxdeux.com/ edo Task.fm http://task.fm/ ere oso aukera onak izan ahal dira.