Aplikazioak, Sareak

Ordenagailuak urrutitik erabiltzeko doako baliabideak

kontrolaBatzuetan ordenagailu baten urrutiko kontrola hartu behar da. Arrazoiak ezberdinak izan daitezke. Esaterako, etxe batean egonda beste gela batean dagoen ordenagailu baten aplikazio bat erabili nahi da eta beste ordenagailura joan behar gabe egin nahi da. Edo bulego batean, beste lankide baten ordenagailura sartu behar delako zerbait egiteko edo atazaren batean laguntzeko. Bi kasu hauetan sare lokal bereko beste ordenagailu batera egiten da konexioa. Beste kasu batzuetan, ordea, beste sare bateko ordenagailu bat erabili behar da era urruti batean. Esaterako, erabiltzaile bat lagun edo senide batean ordenagailura konektatu behar da zerbait egiten laguntzeko, edo bulegoko ordenagailutik zerbait egin nahi da etxeko ordenagailuan edo alderantziz.

Horretarako aplikazio ezberdinak daude eta gainera batzuk doakoak dira.

VNC

VNC oso aplikazio ezaguna da ordenagailuen urrutiko kontrolerako, plataforma anitzekoa da, MS Windows sistemetarako, GNU/Linux, Solaris, HP-UX eta beste Unix sistemetarako bertsioak daude eta gero Java bertsio bat ere badago beste sistema batzuetan erabili ahal izateko, adibidez Mac Os X-n. Mugikorretan ere badaude VNC aplikazio batzuk, esaterako iPhone eta Androiderako. Software librea da eta hiru bertsio ezberdin eskuratu daitezke. Free edition, doakoa dena, eta Personal Edition zein Enterprise Edition, azken bi hauek erabiltzeko lizentzia erosi beharko litzateke.

Aplikazioa deskargatzeko eta informazioa eskuratzeko gune honetara joan beharko litzateke: http://www.realvnc.com. Doako bertsioa jaisteko, harremanetarako datuak eskatzen ditu. Hala ere, soilik bidaltzen da publizitatea posta elektronikora erabiltzaileak berak informazioa jasotzeko laukitxoa hautatuz gero. Gainera, ez du eskatzen baieztapena jarritako posta elektronikora mezu bat bidaliz. Beraz, bakoitzaren aukeran gelditzen da benetako datuak eta emaila jartzea ala ez.

GNU/Linux sistemetan errazagoa da instalatzea, pakete biltegietan daudelako beharrezkoak diren bi pakete ezberdinak: xvnc4viewer eta vnc4server. Beraz, pakete hauek instalatzeko markatu besterik ez da behar.

VNC-k bi adar ezberdin ditu viewer eta server. Horrela ikusten da GNU/Linux dauden bi pakete ezberdinetan. MS Windows sistemetan instalatzerakoan ere galdetzen du bietako zein edo biak instalatu nahi diren. VNC server instalatu behar da konexioa edo urrtiko kontrola eskaintzen duten ordenagailuetan eta VNC viewer instalatu beharko da VNC server duten ordenagailuetara konektatzeko.

VNC Serverren konexioak onartzeko erabiliko den pasahitza edo erabiltzaile eta pasahitza zehaztu beharko da. VNC Viewerrekin zerbitzariaren IPa edo izena jarri behar da konektatu ahal izateko eta ondoren pasahitza eskatuko du. Hori eginda, beste ordenagailu zerbitzariaren kontrola hartuko da.

Azaldutako hau guztia nahikoa da erabili ahal izateko sare bereko ordenagailuekin, alegia, sare lokaleko ordenagailuekin. Baina beste sare bateko ordenagailu batekin konektatu nahi bada Interneten bitartez, routerretan eta suebakietan VNC portuak ireki beharko dira konexioa onartu behar den sarean. Zeren eta normalean, egun, routerrak erabiltzen baitira Internetera konektatzeko eta Router hauek gainera suebaki bat ekartzen dute. Tartean routerrik ez balitz egongo ez legoke arazorik. VNCk erabiltzen dituen portuak 5800 eta 5900 dira.

Team Viewer

Team Viewer, plataforma anitzekoa ere bada. MS Windows, Mac Os X eta GNU/Linux sistemetarako dago eskuragarri. IPhone sakelako telefonoetan ere instalatu daiteke. Kasu honetan, GNU/Linux sistemetarako ez dago pakete biltegietan, ez delako software librea. Baina bai GNU/Linux ezberdinetako paketeak jaitsi ahal direla eta zuzenean instalatu, bi klik eginez edo komandoen bitartez.

Esan bezala, Team Viewer ez da software librea baina bai doakoa dela erabilera ez komertzialetarako. Erabilera komertzialetarako lizentzia erosi beharko litzateke. Sistema eragilearen arabera, kasu honetan ere adar ezberdinak aurkitu ahal dira. All-in-one da zerbitzaria eta bezeroa aplikazio berean, alegia, konexioak onartzen ditu eta beste ordenagailuetarako konexioak egin ahal dira. QuickSupport soilik konexioak onartzeko da. MS Windows sistemetarako ere adar eramangarri bat dago USB memoria batean eraman ahal izateko.

Aplikazio honek daukan abantaila nagusia da routerretan ez dela ezer konfiguratu behar beste ordenagailu batekin konektatu ahal izateko Interneten bitartez, sare berean ere ez, jakina. Eta alde tekniko guztia gardena da erabiltzaileentzat, ez da jakin behar ordenagailuaren helbidea, IPa ez izena. Konexioak onartzeko, aplikazioa ireki eta hor datorren zenbaki luzea zein pasahitza konektatuko denari eman besterik ez da egin behar. Zenbakia zein pasahitza aplikazioak berak ematen ditu. Beraz, oso erraza da erabiltzea. Gainera, beste ordenagailuan ikusten da sagua nola mugitzen den eta egiten diren eragiketak, beraz, gauzak azaltzeko ere oso egokia da.

Aplikazioa jaisteko helbide honetara joan behar da: http://www.teamviewer.com

Kontuz irekitzen diren ateekin

Kontutan hartu behar da, horrelako aplikazio bat martxan jartzen badugu ate bat sortzen dela ordenagailura sartzeko. Aplikazio hauek, seguruak dira, sarbideak ezagutu behar dira sartu ahal izateko. Baina norbaitek sarbideak asmatzen baditu, ordenagailuaren kontrola hartuko du. Nolabait esateko, erabat itxitako gotorleku batean, ate bat jartzea bezalakoa da. Giltzapean ireki behar dena, baina giltza horrekin sartu ahal da eta lehen ez bazegoen aterik, ez zegoen sartzeko aukerarik giltzarekin edo giltzarik gabe. Honekin nahi dena ez da beldurra sartzea, baizik eta horretaz jabetzea eta orduan edukitzea aplikazio hauek irekita soilik erabiltzen direnean edo erabiliko direla uste denean. Beti piztuta egon behar badira, hau kontutan hartu beharko da.

Aplikazioak

Sinkronizatu karpetak Dropbox zerbitzuarekin Dropbox Folder Sync aplikazioari esker

dropboxsync1Dropbox oso zerbitzu ezaguna da fitxategiak on-line gordetzea eta partekatzea ahalbidetzen duena. Hala ere, Dropbox zerbitzuarekin sistemaren karpeta edo fitxategi bat sinkronizatu nahi bada, derrigorrez Dropbox karpetaren bitartez egin behar da. Beraz, sinkronizatu nahi diren karpetak edo fitxategiak edo Dropbox karpetara mugitzen dira edo edukia bikoizten da.

Arazo honi irtenbidea emateko Dropbox Folder Sync oso erabilgarria izango da MS Windows sistemetan. Aplikazio hau helbide honetatik deskargatu daiteke: http://wiki.dropbox.com/DropboxAddons/DropboxFolderSync. Behin aplikazioa instalatuta karpeta edo fitxategi batean saguaren eskumako botoiarekin klik eginez gero agertzen den menuan, Sync with Dropbox aukera agertuko da Dropbox on-line zerbitzuarekin sinkronizatu ahal izateko.

Bilatzaileak, Google, Segurtasuna

Googlek bilaketa segurua gehitzen du HTTPSren bitartez

google_httpsGooglek bilaketa segurua gehitu du bere aukeren artean HTTPS protokoloaren bitartez. Bilaketa seguru hau erabili ahal izateko http://www.google.com-era joan beharrean https://www.google.com-era joan behar da. Alegia, http https-rekin ordezkatu behar da.

Bilaketa seguru honen abantaila da bilaketaren informazioa eta bilatzen dena zifratuta garraiatzen dela erabiltzailearen ordenagailutik Googleren zerbitzariraino. Horrenbestez bidean dauden bitartekariek ezin dute informazio hori ikusi edo gorde, Internet hornitzailea edo proxy-ren bat tartean baldin badago, esaterako.

Oraingoz, funtzionalitate hau beta bertsioan dago, alegia, ez da behin betiko bertsioa. Beste zerbitzu batzuetan ezin da honela bilatu, Google Maps eta Google Images zerbitzuetan bezala, adibidez.