Giza gorputza, giltza

handing-the-keyErabiltzaile-pasahitz bidez benetakotzat egiaztatzeko modua ahula da, eta, horregatik, aspalditik dator hori ordezkatuko duen zerbaiten bila aritzea. Esaterako, Google hasi da bi pausoko modu bat sustatzen: ezarpen horretaz baliatzen denak, behin saioa hasita, sakelakoan jasotako mezuaren kodea behar du postan sartzeko. Pasahitza lapurtuta ere, hortaz, zelatariak gure sakelakoa beharko luke sartzeko.

Identifikatzeko sistema sendoagoak erabiltzen hasiak dira hainbat erakunde eta enpresatan. Esaterako, hor daude txartel kriptografikoak edo token-ak, segundo batzuren ondoren iraungitzen den ausazko pasahitza sortzen dutenak. Hala ere, badira beste batzuk norbanakoen ezaugarri propioetan oinarritzen direnak hura benetakoa dela egiaztatzeko, pertsonen arteko desberdintasuna irizpide daukatenak, alegia.

Desberdinak izatea, bereizgarri

Identifikatze biometrikoan, pertsona baten benetakotasuna zuzen idetifikatu dela bermatzeko, haren ezaugarri fisikoak edota jokabideak egiaztatzen dira, teknika matematiko eta estatistikoak erabilita. Egote hutsarekin, jokabidea aztertzearekin edo kontaktu fisikoarekin aski duten sistemak dira, sarbidea eman edo ukatzeko. Batetik, teknologia biometriko fisiologikoak daude: hatz aztarnak, aurpegi morfologia, irisa, erretina edo eskuko geometria aztertzen dituztenak. Eta bestetik, portaeraren araberako analisi biometrikoak daude: sinadura, ahotsa, tekleatzeko edo ibiltzeko era irizpide dituztenak.

Seguruagoak izan arren, arazoa haien kostu altua da. Nolanahi ere, benetakotzat egiaztatzeko sistemari, oro har, eta identifikatze biometrikoari, bereziki,beste buelta bat eman zaio Bodycom izeneko teknologiarekin.

Bodycom: sinplea eta, aldi berean, iraultzailea

Segurtasuna bermatzeko bi noranzkoko identifikatze sistema erabiltzen denean (subjektua nahiz gailua iruzurra ez izateko bermea), informazio truke segurua ziurtatzeko kanalak ezartzea izaten da erronka. Neurri horiek guztiak sobera daude, aire edo kable bidezko transmisioa ordezkatzen bada bakoitzaren gorputzarekin. Hori posible egiten duen teknologia da Microchip enpresaren lorpena, eta garestiak diren hainbat osagai elektroniko aurreztea da abantaila.

Hau da, Bodycom distantzia motzeko sistema da, eta bi puntu komunikatzeko giza gorputza erabiltzen da kable gisa, eroankortasuna baliatuta. Seinale ahul bat (125 kilohertz) bidaltzen duen gailu eramangarri bat eta hori jaso zain dagoen basearen arteko zirkuitua ixten da norbere kontaktuarekin. Teknologiaren begi-bistako aktiboak dira, prezio murritza (4 edo 5 euro bitartean gailuko), energiaren erabilpen eraginkorragoa eta sinpletasuna.

Etorkizunera begira, beste hainbat aukera eskaintzen dituen identifikatzeko sistemaren sorrera dirudi, eta lehengoak hobetzen dituena funtzionamendu eta azkartasun aldetik. Dagoeneko askoren ahotan dabil arma adimentsuak sortzeko aukera; ukitze hutsarekin aktibatuko liratekeenak erabiltzailea identifikatuz gero. Egunerokoan berehalako eragina luketen erabilerak aipatze aldera, giltzik gabeko ateak, kaskoa jarrita soilik arrankatzen diren motoak, edo IKT bidezko urrutiko jarraipena legoke (bideo joko aurrean egindako ordu kopurua, ariketa fisikoaren neurketak, azterketak distantziara egitea, eta abar).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>