Firefox-erako gehigarriak, nabigatzaile bat baino zerbait gehiago

firefox-en logoaFirefox nabigatzaileak, berez, bere erabilerraztasunagatik zein bere ziurtasunagatik edo atzean dagoen filosofiagatik, software librea, alegia, nabigatzaile erabilienetarikoa da, eta bere lekua irabazten ari da apurka-apurka nabigatzaileen guda honetan. Honetaz gain, bere oinarrizko funtzionaletatik aparte instalagai dituen gehigarriek oso erakargarri bihurtzen dute nabigatzaile hau, ongi dakitenez dagoeneko, web masterrek, diseinatzaileek eta garatzaileek.

Web gune ofizialean milaka gehigarri daude, beraz, errazago aurkitu ahal izateko zehazki behar dena edo nahi dena, atalez sailkatuta daude eta bilatzaile batez ere baliatu ahal da web gunera jotzen duen erabiltzailea.

Behin nahi den gehigarria aurkituta, Firefox nabigatzalearekin web gunea zabalduta dagoela, sakatu ahal diogu “Gehitu Firefox(e)ra” botoiari, eta automatikoki instalatuko da nabigatzailean. Ostean, Firefox berrabiarazi beharko da gehigarriaren funtzionalitatea kargatzeko. Gehigarri guztiak ez, baina, gehienak, plataforma anitzekoak dira eta bai GNU/Linux, MacOsX edo MS Windowspean instala daitezke.

Euskaraz lan egiteko gehigarriak

Euskaraz lan egiteko bi gehigarri ditugu, oso ezagunak eta erabiliak euskaldun askoren artean. Euskalbar gehigarriak, hainbat euskarazko hiztegitan batera bilaketak egitea ahalbideratzen du, klik bakar bat eginda. Horrela, hitzak itzultzen ditu euskaratik gaztelaniara, frantsesera, ingelesera eta japonierara eta gaztelaniatik, frantsesetik, ingelesetik eta latinetik euskarara. Bestetik, Xuxen zuzentzaile ortografikoak, euskaraz zuzenki idazteko laguntzen du nabigatzailearen bidez idazten diren testuetan. Xuxen zuzentzaileak hitzen bat ez badu aurkitzen, lerro gorri eten baten bitartez azpimarratuko du, eta saguaren eskumako botoiarekin berbaren gainean klikatuta, Xuxen-ek, hiztegira gehitzeko aukera edo hitz hori ordezkatzeko hautatu dituen eleak letra lodiz erakutsiko ditu.

Laster-markak eskuragai nonahi

Xmarks-ek (lehen Foxmarks izena zuen), laster-markak sinkronizatzeko aukera ematen du, honela, beti ordenagailu bera erabiltzen ez bada, instalatu daiteke gehigarri hau erabiltzen diren ordenagailu ezberdinetako Firefox-en, era honetan, laster-markak urrutiko zerbitzari batean ere gordetzen dira. Ordenagailu ezberdinetatik Firefox egikaritzen denean, Xmarks-ek arakatzen du urrutiko zerbitzari hori, eta aldaketak sinkronizatzen ditu, hala, bada, erabili eta kudeatu ahal dira laster-markak edozein ordenagailutatik, Firefox eta Xmarks gehigarria instalatuta egonda. Oso erabilgarria eta interesgarria da gehigarri hau, jende askok erabiltzen duelako ordenagailu bat baino gehiago sarritan, ordenagailu eramangarria, etxekoa, eta bulegokoa, esaterako.

Web master, diseinatzaile eta garatzaileentzako baliabideak

Haien artean ezagunena Web Developer da, hainbat aukera dauzka web bat aztertzeko eta bere funtzionamendua egoera ezberdinetan egokia dela ziurtatzeko. Besteak beste, pantaila bereizmen bestelakoetan ikusteko aukera, formularioen bidez bidaltzen den informazioaren azterketa egiteko bitartekoak, irudiak, ordezko testuak eta estandarrak zuzenki erabiltzen diren ziurtatzeko baliabideak edo elementu eta estilo ezberdinak bereizteko eta hainbat argibide lortzeko.

Bestalde, web gune baten arrakasta interneten eta bilatzaileetan, bilaketetan gehiago edo gutxiago kontutan hartzen den ezagutzeko, Searchstatus gehigarriak, une horretan nabigatzaileak irekita duen web gunearen page rank Google-n eta Alexa-ren posizioa erakusten du.

Urrutiko disko gogorra Gmail-en

GMail Space-k ahalbideratzen du Gmail kontuan daukagun lekua, urrutiko disko gogor bat bezala erabiltzea eta era erraz batean gure diskoan ditugun fitxategiak igo eta jaitsi Firefox nabigatzailea erabilita. Igotako fitxategia, gainera epostaz bidali ahal da.

Jaitsierak errazteko eta indartzeko

Download Statusbar-rek, Firefox-ek jaitsieretarako daukan leiho mugikorra desagertarazten du eta jaitsieren informazioa era erosoago batean erakusten du estatu barraren gainean. Orobat, DownloadHelper-ri esker, Euskaltube, Youtube, Google Video eta antzeko web guneetan dauden bideoak jaitsi eta nahi den formatu bihur daitezke. Bihurketa hauetarako, gehigarri honek kanpoko aplikazio baten beharra du, MS Windows sistemetan Converter Helper izeneko softwarea behar izango luke eta GNU/Linux eta beste sistema eragile batzuetan, ordea, Ffmpeg paketea instalatu beharko litzateke. Bi software hauek jaitsi eta instalatu daitezke dohainik, eta Ffmpeg paketearen kasuan, GNU/Linux erabiltzen den banaketaren pakete kudeatzailearen bitartez zuzenean instalatzea dago.

2 Responses to Firefox-erako gehigarriak, nabigatzaile bat baino zerbait gehiago

  1. Julen says:

    Detaile bat: bai prentsan eta baita blogean ere, gauzarik inportanteena falta izan zaizu, loturak ematea. Bestela nola daki irakurleak zein den gehigarrien webgunea?

    Bestetik, garatzaileen gehigarrien artean Web Developer ezaguna da, baina are ezagun eta erabiliagoa Firebug dela esango nuke. Ezinbestekoa, ororen gainetik.

    • Aupa Julen,

      Mila esker iradokizunarengatik, esteken kontuan, arrazoia duzu, pentsatu nuen gehigarri guztien esteka jartzea ala ez, eta paperezko edizioan astunegia egingo zelakoan bakoitzaren alboa urla irakurri, erraza denez bilatzea web gune ofizialean nahi den gehigarria, horregatik, azkenean ez nituen jarri, baina behintzat bai jarri behar nuen gehigarriak deskargatzeko web gune ofizialaren esteka behintzat. Aldatuko dut artikulua blogean bederen.

      Bestetik, Web developer jarri nuenean, web garatzaile eta diseinatzaile eta web masterrengan ere pentsatzen ari nintzen eta ez nuen sartu nahi arlo teknikoegietan, Firebug jartzea ere pentsatu banuen ere, azkenean iruditu zitzaidan Web developer, bai teknikari eta ez teknikarien artean ere erabilia izan zitekeela. Hala ere, blogaren iruzkinetan ez dagoenez leku mugarik, ba edonork badu gustuko jarri ez dudan beste edozein gehigarri joan gaitezke hemen zerrenda handitzen.

      Mila esker.

Utzi erantzuna Julen(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>