Etorkizun teknologikoa lainoko zerbitzuen eta Internetera sartzeko hardware eramangarri txikien baitan dago. Kalkulu gaitasun apaleko gailuak izango direla aurreikusten dute adituek; pantaila bat sare sarbidearekin, esaterako. Erabiltzaile ikuspuntutik, alde handirik ez da nabarituko, tresna elektronikoak merkeagoak izatetik aparte. Baina, benetan, azpiegitura ikaragarria eta ahaltsua beharko du Interneteko hodeiak milioika erabiltzaileren eskakizunak aldi berean erantzuteko. Muturreraino joan beharrik gabe, tarteko aukerarik ez da faltako. Proposamen eta egitasmo asko bildu dira eredu horretara, eta haien artean Dell etxearenak dirudi merkaturatzetik gertuen.
Project Ophelia egitasmoaren bidez, asmoa zen sistema eragile bat euskarri txiki batean kargatu eta noranahi soinean eroso eramatea. Wise Cloud Connect deitzen da dagoeneko enpresentzat kaleratu duten aurreneko alea. USB memoria baten itxura dauka, eta, 95 euroren truke, edozein pantaila edo telebista ordenagailu bihurtzen du. USB erreten zein HDMI kablez konektatuta, Android oinarrizko sistema eragilea kargatzen du, eta aplikazioak, bideo jokoak, streaming erako filmak eta hodeian biltegiratutako dokumentuak erakusten ditu. Era berean, erabiltzaileek Google Play denda balia dezakete nahi dituzten aplikazioak deskargatzeko. Lanerako edo aisiarako beharrezko den guztia behatz baten tamainako euskarrian sartu eta poltsikoan doi-doi eramangarri uzten du.
Tableta baten gisako erabilpena izan dezakeen arren, urrutiko mahaigaineko moduan erabil daiteke. Mahaigaineko birtualak ere deitzen zaien zerbitzuetan, sarera konektatuta dagoen ordenagailura konektatzen da urrutitik Internet erabilita; eta lekuan balira bezala erabiltzen ditu bertako datu eta programa lokalak. Adibidez, hotel bateko gelan telebistara konektatu, eta etxeko ordenagailua bertatik erabiltzeko balioko luke.
Cloud Connect gailuaren eragozpen nabariena teklatu edo aginte tresna baten falta litzateke. Ez litzateke zentzuzkoa ordenagailu eramangarria ez erabiltzea deserosoa izateagatik, eta horren ordez teklatua eta sagua bizkarren hartuta ibili behar izatea. Horregatik dabiltza Dell Cloud Connect Controller aplikazioa garatzen. Horrek edozein telefono edo tableta hari gabeko teklatu bihurtuko du. Bluetooth bidez egingo da lotura, traste gehiagoren beharrik gabe.
Telebista adimendunak
Enpresen artean nolabaiteko arrakasta izan du, baina ez hainbeste beste merkatutan. Erabiltzaile arruntentzat erakargarriago egiteko azken prestakuntzak egiten ari dira, eta behin-behinean merkaturatzeko. Besteak beste, ordenagailua urrutitik erabili ahal izateko ordainpeko lizentzia moldatzen dabiltza.
Chromecast du izena USB giltza itxurako Googleren gehigarriak; USB erretena du telebistei sartzeko. Internet sarbiderik gabeko telebista zaharkituetan ere zerbitzu berriak jasotzeko balio dezake. Baina baita norbere ezarpenekin doitutako telebista propioa etxetik aldean eramateko ere: oporretan, negozio bidaietan edo atzerrirakoetan, besterik gabe. 35 euroren truke eskuratu daiteke dagoeneko, eta telefono zein tabletako argazki, musika, bideo, aplikazio edo Interneteko telebista kateak zuzenean telebistara bidali.