4G telekomunikazio teknologia, atarian

4g_44G edo laugarren belaunaldiko gailu eramangarrietarako telekomunikazioen teknologia, egungo 3G sarearen oinordekoa da. Horietan, telefono sarea erabiltzen da datuak eta ahotsa bidaltzeko kablea ordezkatuz. 4G sareek banda zabalera handiagoa ekarriko dute USB modemdun eramangarri, smartphone, tableta zein beste gailu eramangarrietan, egungo Internet sarbidea hobetuz. Onurak hainbat eratara nabarituko dira: sakelakoetako web atzipen bizkorragotik hasita, VoIP edo Internet bidezko deiak, sarera bideratutako jokoak, bereizmen handiko sakelakoetarako telebista zerbitzuak, bideo-konferentziak edota sareko konputazioan igarriko da aurrerapena, besteak beste.

Pare bat urte badira Europako hainbat herrialdek 4G LTE sareak erabiltzen dituztela. Hedapena nahiko motel doa, baina Frantziako nukleo handietan laugarren belaunaldiko sare mugikorrak abian dira dagoeneko (Lyonen, Montpellierren eta Parisen). Euskal Herriari dagokionez, Bizkaian emango da estreinaldia, iturri guztien arabera. Ate joka daukagun hori, baina, 4G-LTE edo 3GPP Long Term Evolution izeneko aldaera da, Europan dagoen bakarra eta hasieran Hego Korean garatu zutenaren hobekuntza.

Horren ezarpenen arabera, 100 Mbps abiaduraz deskargatu ahal izango da informazioa saretik. Baina, egiari zor, seinalea igortzen den frekuentziak ezartzen du balio hori, eta konpainia bakoitzak frekuentzia desberdina baliatu dezakeenez, kasu batzuetan 60 Mbps ez gainditzea pentsatzekoa da, beharrezko 20 MHz ordez 15 MHz-rako gaitasuna baita muga. Datu hau gainera, estaldurarekin ere lotuta dago, ezen geroz eta frekuentzia altuagoa den, eraikinak gurutzatzea gehiago kostatzen zaiola seinaleari. Esan beharrik ez dago etxe askotako Internet abiadura baino hobea dela hori, dena dela. Izatez, bertsio hori baino ahaltsuagoa da nazioartean onartutako 4G estandarra: 1 Gbps abiadura gailurrak jotzeko gaitasuna du.

Telefono konpainien dantza, abian

Dagoeneko hainbat prezio eta eskaintza badaude aukeran. Hego Euskal Herrian Vodafone izango da aurrenekoa, gaur bertan Bilbon ezarriko baitu 4G sarea 20 MHz-tara eta 2 hilabeteren buruan Yoigo eta Orange batuko zaizkio. Ipar Euskal Herrirako, berriz, Bouygues Telecom konpainiak ekainean ezarriko du abiadura handiko sare mugikor berria.

Prezio batzuk ere ezagutu daitezke dagoeneko, eta martxan dagoen lekuetan 40 eurotik hasita 140 eurorainoko eskaintzak daude. 2 GB-eko gehienezko langatik 6 GB-erainoko deskarga muga izango da aipatu abiaduran.

LTE jasan dezaketen gailu pribilegiatuak

Sare berria aurki prest egotearen onuradunak erabiltzaile apur batzuk besterik ez dira izango, dena den. Izan ere, azken belaunaldiko sakelako garestienak bakarrik daude prest 4G baliatzeko: Apple-ren iPhone 5, iPad 4 eta iPad Mini (azken bien Wifi bertsioen salbuespenarekin); baita HTC One, LG Optimus G, Nokia-ren Lumia 820 eta 920, Samsung Galaxy S4, Sony-ren Xperia Z (telefonoa nahiz tableta) eta Xperia SP, Huawey P2 eta G256 eta Motorola-ren Razr HD ere. Gogoan izan, litekeena dela telefono eta tableta berberaren bertsio desberdinak egotea lurralde artean, eta ondorioz, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherean Samsung etxearen Galaxy S3 4G sakelakoaren eta Galaxy Note 10.1 4G bertsio bereziak eskuratu daitezke.

Bosgarren belaunaldia ere pronto

Aurreko belaunaldiari ganoraz hedatzeko astirik eman gabe, dagoeneko berria ere asmatu dutela ematen du. Horren xehetasunak oraindik ere ez daude adostuta; alabaina, Hego Koreako Yonhap albiste agentziaren arabera, belaunaldi aldaketa markatzeko bezain besteko jauzia eman da dagoeneko, Samsung etxeak 1 Gbps-ko abiadura probatzen izandako arrakasta itzelarekin. 10 Gbps-etara iristeko indarra omen dauka eta 2020. urterako kaleratzeko moduan izango omen dira.

One Response to 4G telekomunikazio teknologia, atarian

  1. Pingback: Zibergela | 100 kilometrorainoko super wifia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>