Hodei guztien gainetik baina sasi guztien azpitik pasa gabe

Norbere disko gogorra da hodeiaNorbere hodeiaren jaun eta jabe izateko web aplikazioak agertu dira azkenaldian. Jarraibideak fin betetzen badira, saiakeran sasi artean korapilatzea ekidin eta norbere zerbitzuarekin eroso sinkronizatuko ditu gailuak edonorek.

Izan ere, bolo-bolo dabiltza Interneten informazioa gorde eta gero edozein gailutan automatikoki kargatzen dituzten web biltegiak: Microsoft SkyDrive, Google Drive, Dropbox eta Mega dira horietako batzuk. Erosoak dira oso, tramankulu guztiak gainean hartu beharrik gabe eta Internet sarbidea daukan edozein lekutatik atzitu daitezkeelako; eta seguruak dira, fisikoki gordetzen ditugun euskarrien akatsetatik libre daudelako sarean ditugun datuok. Hala ere, sarritan aipatu izan denez, datuen konfidentzialtasuna zalantza hizpide bihurtzen da. Nola jakin Googlek ez dituela datuak begiratuko, edo okerrago, erakunderen batekin partekatuko? Megaupload-ekin gertatu bezala, egun batetik bestera zerbitzua itxiz gero, hodeian gordetakoa galtzeko beldur, dokumentu garrantzitsuak hodeian gorde gabe uzten duenik ere bada gaur-gaurkoz.

Hodeiarekiko sistemekin mesfidati direnek, edo gutxienez, haien pribatutasunaz jeloskor direnek zerbitzu propioaz sinkronizatzeko aukera dute. Norbere laino propioa erabili eta kudeatzeko tresnak ugaritu egin dira, eta OwnCloud eta Younity dira horren adibideak. Guztiz pribatua den irtenbidea ahalbidetzen dute, memoria mugarik gabekoa, dokumentuak, kontaktuak eta egutegiak gorde nahiz partekatzeko, nahieran. Miraririk ezean, ordenagailua piztuta egon beharko da datuak eskuragarri nahi ditugun artean.

Owncloud, software libreko aukera osoena

Lainoan kokatzen den zerbitzua izanik, ohiko zerbitzuak eskaintzen ditu: norbere fitxategiak gordetzeko, web zerbitzari bat beharko da, eta zerbitzarian bertan gordeko dira fitxategiak; fitxategi horiek atzitzeko web interfaze bat egongo da; norberaren gailuetatik sartzeko aplikazio bezeroak daude eskuragarri iOS eta Android-eko dendetan, informazio guztia eskura izateko eta sinkronizatuta non-nahitik; eta azkenik, OwnCloud sistemak bere funtzionalitateak zabaltzeko aplikazio libreak dauzka; hots, garatzaileek arau batzuk jarraiki sor ditzaketen funtzionalitate berriak. Aplikazio horien bidez, OwnCloudek egutegi bat eskaintzen du, musika erreproduzigailu bat edo erabiltzaileak LDAP zerbitzu batekin lotzeko aukera (adibidez etxeko inprimagailua). Aplikazio biltegi hori esteka honetan ikusi daiteke: http://apps.owncloud.com/.

OwnCloud software librea da, eta, beraz, hainbat bide daude erabiltzen hasteko. Linux, Windows nahiz Mac ordenagailuekin da bateragarria, norbere etxea bihurtuz laino propioaren gordelekua. Bestela, ordainpeko ostalari edo hosting leku batean, nahiz OwnCloud zerbitzuak berak amaraunean daukan ostatzea erabilita jar daiteke Interneten.

Norbere etxea zerbitzari bihurtzeko aukera badugu, eta web aplikazioak ordenagailuan eta era erraz batean instalatzeko, Bitnami zerbitzua dugu, eta OwnCloud ere, orduko jarraibideekin instalatu daiteke: http://zibergela.bitarlan.net/2013/04/04/1605/. Bestela, OwnCloud norbere kabuz eta laguntzarik gabe nola instalatu jarraibideak aurki daitezke Ander Goñi-ren blogean: http://agonirena.com/blog/2012/11/06/owncloud-probatzen/.

Younity, Apple gailuekin lotzeko lainoa

Younity ere laino pribatua sortzeko aplikazioa da; mugatuagoa baina erabilerrazagoa aurrekoarekin alderatuta. Edozein Windows edo Mac OS X sistema batean gordetakoa jartzen du eskuragarri, iPhone, iPad eta iPod Touch gailuetatik. Ez dago besterik, debaldeko programa instalatzea (http://www.getyounity.com/) eta sinkronizatzeko gailuan beste hainbeste egitea baino App store-n Younity baliatzen hasteko. Eragozpen bakarra da ezin daitekeela fitxategirik partekatu besteekin; horretarako, postaz bidali edo gainontzeko hodei zerbitzuak erabiltzen jarraitu beharko da, ezinbestean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>