Engineea Remote enpresa nafarrak sortutako aplikazio baten bidez, 3Dko argazkiak atera daitezke gailu aurreratuen beharrik gabe. IPhone bat besterik ez da behar izango. Aurrerantzean, edonoren eskura egongo da azken belaunaldiko irudiak ateratzeko aukera eta, ostean, norbere gustura editatzeko. Ondoren, aukerarik ez da faltako sorkuntza berri horiek besteekin partekatzeko, Scuboren sare sozialaren bitartez. Bakoitzak profila sortu ostean, irudiak jarri, kontaktu berriak bilatu, oharrak gehitu edo gustuko irudiak aukeratzeko ohiko aukerak jasoko dira.
Iruindarren aplikazioak prozesu sinplea eskaintzen du, baita azken belaunaldiko gailuekin ibiltzeko ohiturarik ez dutenentzat ere, eta erretratu bolumendunak sortzea arrunt bilakatzen du: Scubo App barnetik argazkia ateratzeko erretenari eman, iPhonea eskuinera 5 bat zentimetro mugitu eta hasierako posiziora itzultzea besterik ez du beharko horretarako.
Baina, adi; ateratako argazkiak ikusteko, telefonoa baino zerbait gehiago beharko baita. 3D teknologia dun azken belaunaldiko telebista edo Smart TV bat beharko da; edo bereziki sortutako aukerako gehigarri bat jarri beharko zaio Appleren sakelakoari, irudiak osotasunean gozatzeko: pantailan ezartzen den filtroa (Scubo Viewer), edo filtroarekin batera eskuratu daitekeen telefono babeslea (Scubo Case). Azkenik, eta urtarriletik aurrera, Engineea Remoteko neska-mutilek 3Dko bideoak grabatzeko euskarria kaleratuko dute (Scubo Cam), iPhonearen azpian txertatuko den bigarren kamera bat, alegia. Horren bidez, esperientzia hobea eskaintzea espero dute.
Scubo App doako aplikazioa da App Storean, baina ez gehigarriak. Horiek erosteko, edo informazio gehiagorako: http://www.scubo3d.com/.