Zalantzarik gabe Mozilla Firefox nabigatzailearen abantaila garrantzitsu bat aparteko gehigarriak eta funtzionalitateak garatzeko eta instalatzeko aukera da. Hori dela eta, ildo horri heldu diote beste nabigatzaile batzuek. Horien artean, Google Chrome nabigatzaileak, izan ere, sorreratik nabigatzaile honek ahalbidetu du gehigarriak instalatzea.
Google Chromerako gehigarriak arakatzeko eta gustukoenak instalatzeko https://chrome.google.com/extensions/ webgunera jo daiteke. Hor hainbat hizkuntzatan ikusteko aukera dago. Hala ere, Firefoxen gehigarrien kasuan ez bezala, ez dago euskaraz ikusteko aukera. Gainera, gehigarriak aurkitzeko hainbat aukera daude, ohiko testu bilaketa erabili ahal da hitz gakoen arabera aurkitu ahal izateko edo zerrenda ezberdinak ere eskaintzen dira, hala nola gehitutako azkenak, bozkatuenak edo erabilienak.
GMail Checker
GMail (Googleren posta elektroniko zerbitzua) erabiltzailea izanez gero, Google Mail Checker gehigarri baliogarria izan ahal da. Behin instalatuta, nabigatzailearen goiko barran agertuko da ikonotxo bat erabiltzaileak irakurtzeke duen mezu kopurua erakusten duena, ikonoan bertan klik eginda erabiltzailearen GMailen sarrera ontzia kargatuko da zuzenean. Hau da gehigarri honen helbidea: https://chrome.google.com/extensions/detail/mihcahmgecmbnbcchbopgniflfhgnkff
RSSetarako gehigarriak
RSS Subscription gehigarriaren bitartez era azkar eta eroso batean gehitu ahal dira RSS jarioak gogoko on-line RSS irakurlera. Automatikoki antzematen ditu RSS iturriak bisitatzen ari den webgunean, eta RSS iturriak egonez gero, nabigatzailearen helbide-barran ikono bat erakusten da. Ikono horri saguarekin sakatuz gero, dauden iturriak erakusten ditu eta bakoitza aurreikustea ahalbidetzen du. Nahi izanez gero, RSS iturria gehitu ahal da gogoko on-line RSS irakurlera. Hasiera batean lau web irakurle eskaintzen ditu lehenetsita: Google Reader, iGoogle, Bloglines eta My Yahoo. Hala ere, web irakurle gehiago gehitu ahal dira. Gehigarri hau hemendik instalatu daiteke: https://chrome.google.com/extensions/detail/nlbjncdgjeocebhnmkbbbdekmmmcbfjd.
Honez gain, Google Reader erabiliz gero, Google Reader Notifier gehigarriaren bitartez erabiltzaileak jakinarazi ahal izango du irakurri gabe dituen artikuluak. Izan ere, nabigatzailearen goiko barran ikono bat agertuko da irakurri gabeko artikulu kopuruarekin eta bertan klik eginda, irakurri gabeko artikuluak aurreikusten dira. Halaber, Google Reader ireki daiteke fitxa berri batean. Hau da gehigarri honen helbidea: https://chrome.google.com/extensions/detail/apflmjolhbonpkbkooiamcnenbmbjcbf.
Webguneen argazkiak
WebPage Screenshot gehigarriak web orrialde osoen pantaila-argazkiak ateratzea ahalbidetzen du. Gainera gorde aurretik bertan idatzi eta marraztu ahal da informazioa bereizteko edo oharrak jartzeko, adibidez. Irudi hauek PNG formatu bezala gorde ahal dira. Probatzeko helbide honetara jo daiteke:
https://chrome.google.com/extensions/detail/ckibcdccnfeookdmbahgiakhnjcddpki.
Google Share Button, gehigarri sozial bat
Google Share Buttonekin webguneak partekatu ahal dira sare sozial askoren bitartez eta posta elektronikoren bitartez, erabil daitezkeen baliabideen artean daude: Facebook, Twitter, GMail, Hotmail, Yahoo! Mail, MySace, Digg, Delicious eta beste hainbat. Gehigarriaren helbidea hauxe da: https://chrome.google.com/extensions/detail/idaeealfhcijmeigljaopafdapgijdcb.
Google Translate
Google Translate (https://chrome.google.com/extensions/detail/aapbdbdomjkkjkaonfhkkikfgjllcleb) gehigarriak detektatzen du ea erabiltzailea ikusten ari den webgunea nabigatzailean konfiguratuta duen hizkuntzatan dagoen eta bestela bere hizkuntzara itzultzeko ikonoa erakusten du. Ikono horri sakatuta webgunea bere hizkuntzan agertuko da.