Espioitza digitala

RFIDAsmakizun eta aurrerapen askorekin bezala, informazio eta komunikazio teknologiak, ez dira ez onak ez txarrak. Asmakizun bera baino, erabilera izan ahal da ona edo txarra. Izan ere, baliabide eta jakintza gehiago eduki ahal izatea ona izaten da. Baina baliabide eta jakintza horietaz baliatzen diren gizakiek batzuetan ez dute erabilera ona egiten. Informazio eta komunikazio garai honetan, edonoren eskura daude nahi beste informazio eta datu, «Interneten denetarik dago» esan ohi da. Baina babestu beharreko informazioa eta informazio pribatua ere askotan teknologia hauen eskura gelditzen da informazio horren jabearen jakin edo baimenik gabe.

Internet eta informatika enpresa erraldoiak

Beste batzuetan esan den bezala, sare sozialek beren erabiltzaileen inguruko informazio itzela gordetzen dute, erabiltzaileen datuak, gogoetak, egoerak, argazkiak, bideoak, loturak, ezagunak eta harremanak gordetzen dituzte esaterako. Erabiltzaileen kokapena ere gordetzen dute kasu askotan. Adibidez, Facebook, oso kritikatua izan da azken aldi honetan erabiltzaileen pribatutasuna ez zaintzeagatik behar beste.

Zer esanik ez Googleren inguruan, ia mundu osoko Internet erabiltzaileen kopuru izugarri baten bilaketak, bisitatutako webguneak, gustuak, mezu elektronikoak, kontaktuak, gogoko lekuak, dokumentuak, hitzorduak, gogoko artikuluak eta abarreko datuak gordetzen ditu. Era berean, erabiltzaileen ohitura digitalak eta noiz eta zenbat denboraz konektatuta dauden ere jakin lezake. Honez gain, egun, sakelako telefonoetarako Android, Googleren sistema eragilea, ere oso hedatuta dago, beraz, norberaren kokapena ere jakin lezake nahiz eta telefonoaren GPSa desgaituta izan.

Hala ere, informazio hau guztia oso delikatua eta erakargarria izan arren, sare sozialen kasuan batez ere, nolabait erabiltzaileek ematen duten informazioa da. Nahiz eta askotan ez izan oso kontziente ematen ari den informazio guztiaz. Baina, batzuetan erabiltzailearen baimenik gabe eskuratu ahal da informazioa. Hain zuzen ere, malware kopuru handi bat horretarako garatzen da, troiatarrak, spywarea, phising teknikak. Alabaina, malwaretzat jotzen ez diren aplikazio eta sistema eragileak ere erabiltzailearen baimenik gabe zurrupatu ahal dute informazio pribatua. Erabiltzaileak aplikazioa helburu zehatz baterako erabil dezake eta aplikazio honek ere beste gauza batzuk ere egin ditzake ezkutuan. Adibidez, musika entzuteko aplikazio batek erabiltzaileak entzuten duen musikaren inguruko informazioa bidal liezaioke enpresa edo pertsona zehatz bati. Mesfidantza edo zurrumurru hori informatika erabiltzaileen artean hedatu da hainbat alditan informatika enpresa erraldoien aplikazio eta sistemen inguruan, baina ezer frogatu gabe. Hala ere, hau gertatzen ez dela frogatzea errazagoa da software librearen kasuan software itxiaren kasuan baino, aplikazio eta sistema libreetan zehatz-mehatz zer egiten den aztertu daitekeelako.

ECHELON

Espioitza digitala aipatutakoan, ECHELON izena etorriko zaio burura jende askori. Izan ere, ECHELON espioitza nazioarteko sarerik handienatzat jotzen da. Hain zuzen ere, sare hau irrati, telefono, fax eta internet komunikazioak zurrupatzeko eta automatikoki aztertzeko gai da. AEBk, Erresuma Batuak, Kanadak, Australiak, Zeelanda Berriak kontrolatua omen da. ECHELON 1976.urtean aipatu zen lehen aldiz publikoki. Hona hemen informazio gehiago: http://eu.wikipedia.org/wiki/ECHELON

RFID

IzenaEspiotza digitalaren inguruan aipatu daitekeen beste gai bat RFID txipa da. RFID hitzak, Radio Frequency Identification esan nahi du ingelesez, alegia, irrati-maiztasunaren bidezko identifikazioa. RFIDren bitartez edozein motatako objektuak irrati-maiztasunaz (uhinen bitartez), hau da kontaktu zuzenik gabe, identifikatzeko sistema da.

RFID txartelen tamaina txiki-txikiari esker, leku ezkutuenetan ezar daitezke, eta eramangarriak dira. Pegatina baten itxura dute eta pegatinaren barnean espiral moduko bat ikus daiteke, hori RFIDren antena da. Espiral hau konektatuta dago erdian dagoen RFIDren txiparekin. Egun, leku eta artikulu askotan erabiltzen da eta Euskal Herriko edozein merkataritza-zentrotako produktuetan ikus daiteke. Artikuluei jartzen zaien RFID honek ahalbidetzen du lapurretez ohartaraztea edo stock eta produktuen kokapena automatizatzea, esaterako.

Alabaina, RFID sistemekin, posible da merkataritza-ikerketak egitea, erosleen jarraipena egitea eta kontsumitzaileen ohiturak aztertzea, bezeroaren inolako baimenik gabe.

RFID teknologia hau, merkataritza-produktuetan ez ezik, beste objektu are delikatuagoetan ere txerta daiteke, pasaporteetan, nortasun agiri elektronikoetan edo billeteetan, esaterako. Hemen ikus daiteke informazio gehiago: http://eu.wikipedia.org/wiki/RFID.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>