Domeinuak eta ostatze zerbitzuak

domeinua eta hostingWebguneak eskegitzeko edo eraikitzeko doako guneak badaude ere, izen edo domeinu propio batekin webgune bat argitaratu nahi duenak domeinu bat eta ostatze zerbitzu bat izan behar du, orokorrean. Hain zuzen ere, behar horretan aurkitu dira hainbat enpresa, elkarte edo norbanako webgune bat ireki beharra edo nahia heldu zaienean.

Zer da domeinua eta ostatze zerbitzua

Domeinua da Internet dagoen ordenagailu baten helbidea, beraz, Interneten ostatze zerbitzu edo ordenagailu batera iritsi nahi denean, beste guztiez bereizteko, domeinua erabiltzen da. Adibidez, nabigatzailearen helbide-barran idatz daiteke webgune bat ikusteko, “www.domeinua.com” edo posta elektronikorako aplikazioan posta nori bidali nahi zaion adierazteko “kontua@domeinua.com”. Hala, bada, normalean, domeinua ostatze zerbitzu batean ostatzen da eta ostatuta dagoen ordenagailu horri erreferentzia egiten dio. Ordenagailu edo ostatze zerbitzu horietatik webguneak, posta elektronikoa eta beste zerbitzu batzuk eskaini ahal dira.

Ostatze zerbitzua (hosting bezala ere ezagututa), beraz, ordenagailu bat edo ordenagailu baten lekuaren zati bat eta azpiegituraren zati bat da Interneten zerbitzuak emateko gai dena.

Ostatze zerbitzu batean domeinu bat baino gehiago ostatu daiteke, horrek esan nahi du ostatzen den domeinu ezberdinetatik iritsi ahal izango direla ostatuaren zerbitzu berdinetara edo domeinu bakoitzetik zerbitzu ezberdinetara. Era berean, erosi ahal dira domeinuak inongo ostatze zerbitzutan egon gabe. Batzuetan, hori egiten da domeinu bat gordetzeko etorkizunean erabili ahal izateko, erregistratzen da domeinua eta horrela beste inork ezin du hartu. Baina ostatze zerbitzurik gabe, nahiz eta domeinua eduki ezin da inolako webgunerik ostatu edo posta elektronikorik eskaini, izena baino ez da.

Domeinua zein ostatze zerbitzua epe zehatz batean kontratatzen dira, urte batez edo bi urtez, normalean, beraz, epeka ordaintzen eta berritzen da, nolabait esateko ez da erosten behin eta, akabo, baizik eta alokatzen edo kontratatzen dela esan daiteke.

Ostatze zerbitzua ere enpresa batean edo etxe batean ere eratu ahal da. Izan ere, ordenagailu batekin, Interneterako sarbidearekin eta Routerrean zein ordenagailuan konfigurazio batzuekin, ostatu daiteke domeinu bat eta Interneteko zerbitzuak eman. Baina, ez da arruntena, normalean, kanpoan kontratatzen da. Etxean egin nahi duenarentzat ondo dago ikasteko eta bere probak egiteko eta enpresa batean bertan eduki nahi izanez gero, azkenean, enpresa handia ez bada askoz erosoago eta merkeago ateratzen da kanpoan kontratatzea. Izan ere, enpresako norbait arduratu behar da zerbitzariaren mantenuaz beti prest egoteko 24 ordu urteko egun guztietan, ziurtasun kopiak egiteaz eta Interneteko banda zabalera zein zerbitzari jator bat izan behar da Interneteko erabiltzaileen trafikoa jasan ahal izateko. Beraz, esan bezala, askoz erosoagoa eta merkeagoa ateratzen da kanpoan hartzea zerbitzu hori enpresa txiki edo ertain batentzat, elkarte edo norbanako batentzat.

Domeinua eta ostatze zerbitzua kontratatzeko kontutan hartu beharrekoak

Domeinua hartzerakoan izena eta zein luzapena aukeratuko den erabaki behar da. Izena aukeratzeko orduan oreka bilatu behar da, motza eta gogoratzeko erraza izan dadin eta bide batez, bilatzaileentzat hitz egokiak dituenak. Pentsatutako izenarekin, domeinuaren luzapena aukeratu behar da. Luzapen bakoitzak bere esanahia dauka. Esaterako: .com hasiera batean helburu komertzialetarako pentsatuta bazegoen ere, gaur egun oso orokorra da eta beraz, domeinu askorekin hartzen da helburu komertzialak eduki ez arren; .net sare eta Internetekin zerikusirik domeinuetarako da; .info komunikabideetarako; .edu hezkuntzarako; .coop kooperatibeetarako; .gov gobernu erakundeetarako; .biz (bussiness) negozioetarako, hala ere, Bizkaian asko hartzen da, herrialdearen izenaren lehenengo hiru letrekin bat datorrelako. Horretaz aparte lokalizaziorako luzapenak ere badaude, adibidez: Europako .eu, Erresuma Batuko .uk, AEBko .us. Nahasketak ere egin ahal dira, .com.uk, bat aipatzearren. Izen batekin nahi beste luzapen har daitezke, batzuk izan ezik mugatuta daude eta.

Ostatze zerbitzua kontratatzerakoan irizpide batzuk begiratu behar dira prezioaz gain, zenbat leku ematen den, zenbat posta kontu, hileko trafiko edo transferentzia tasa, esaterako. Gainera, oso garrantzitsua da ostatze zerbitzuaren enpresak egunero ziurtasun kopiak egitea eta egun batzuetan gordetzea, horrela, ustekabe bat gertatuz gero, datuak berreskuratu ahal dira. Posta zerrendak sortzeko aukera edo norberak ziurtasun kopiak egiteko aukera ere oso gomendagarriak dira. Bestetik, laguntza teknikoa ona izatea ezinbestekoa da. Gainera, blog bezalako web aplikazio bat instalatu edo garatu behar bada bertan, datu-basea eta programazio lengoai bat ere ekarri behar du. Kasu horretan, garatu edo instalatuko den aplikazioaren beharrak begiratu beharko lirateke. WordPress bat instalatzeko, adibidez, MySQL datu-basea eta PHP programazio lengoaia ekarri beharko luke zerbitzariak.

One Response to Domeinuak eta ostatze zerbitzuak

  1. xabi says:

    Euskaraz domeinu baten libretasuna aztertzeko tresna http://www.punttu.com#saiatu baliagarri izan daiteke

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>