Irisgarritasuna Interneten eta teknologia berrietan

irisgarritasuna2Irisgarritasunak esan nahi du edozein pertsonak, zailtasunik gabe, zerbait erabili ahal duela edo zerbaitera iritsi ahal dela, nolabaiteko ezintasunak edo mugak eduki arren. Internet edo ordenagailu baten erabilerari dagokionez, irisgarritasuna da webgune edo aplikazio baten funtzionalitateak, edukiak eta informazioa edonork ahalik eta errazen erabili eta ikusi ahal izatea.

Hirigintzan irisgarritasuna ez da kontu berria eta Interneten eta teknologia berrietan, denboraren poderioz ere gizarteratzen joaten da. Hala ere, hirigintzan bezala, Interneten eta orokorrean teknologia berrietan urrats asko eman behar dira oraindik mundu erreala eta mundu birtuala benetan irisgarriak izan daitezen.

Internet eta teknologia berriak egun beharrezkoak dira hainbat arlotan: hezkuntzan, lanbidean, osasunean, administrazio publikoarekiko harremanetan, merkataritzan, aisialdian eta beste askotan. Beraz, garrantzitsua da, alde batetik webgune eta softwarearen garatzaileek irisgarritasun irizpideak kontutan hartzea eta bestetik, webguneen zein aplikazioen edukien informazioa eta funtzionalitateak erabiltzeko zailtasunak gainditzeko dauden baliabideak ezagutzea.


Irisgarritasuna guztiontzat da beharrezkoa

Pertsona guztiak izan ahal dira ezinduak une puntual batean, bai beso bat apurtuta dutelako edo ikusmen nekatua dutelako, esaterako. Zer esanik ez teknologia berrietan, izan ere, erabiltzaile batzuek ordenagailu zahar bat eduki ahal dute edo ez daukate nabigatzaileen azken bertsioa. Kasu askotan ere erabiltzaileek ez daukate instalatuta nabigatzailean animazioak ikusteko beharrezkoa den gehigarriaren azken bertsioa.

Teknologia berriei eta Internetari dagozkien irisgarritasun irizpideek puntu horiek guztiak ere kontutan hartzen dituzte. Beraz, webgune irisgarri batean, edozein nabigatzaile grafikorekin ikusi eta erabili ahal izango lirateke edukiak eta funtzioak. Testu nabigatzaileekin (webguneen testu hutsa erakusten duten nabigatzaileak) ere ikusi ahal izango litzateke arazorik gabe. Izan ere, webgune irisgarriak errazago eta hobeto irakurtzen dituzte Internet bilatzaileen robotek, edukia irisgarriagoa delako eta beraz, robotentzat ulergarriagoa. Gainera, esan behar da irisgarritasuna ez dagoela izugarrizko diseinu ederrekin kontrajarrita, irizpide zuzenak jarraitzea baino ez da.

Nabigatzaileek eskaintzen dituzten baliabideak

Nabigatzaileek baliabide batzuk eskaintzen dituzte irisgarritasun zailtasunak gainditzeko. Mozilla Firefox-en web orrialdearen edukiaren tamaina handitzen joan daiteke Ctrl eta + (Mac ordenagailueetan Sagarra eta +) tekleei klik eginez edo menu barran, Ikusi aukeran, Zoom atalaren barnean Gerturatu aukerari sakatuz. Txikitzeko, Ctrl eta – (Mac ordenagailuetan Sagarra eta -) teklekin egin daiteke edo Zoom atalaren barnean Urrundu aukeraren bitartez. Jatorrizko tamaina berreskuratzeko Ctrl (edo Sagarra) eta 0 teklei sakatu baino ez da behar edo Zoom atalaren barnean Berrezarri klikatuz. Aukera hau oso erabilgarria izan daiteke webgune batzuetan testuaren tamaina era eroso batean irakurtzen ez bada txikiegia delako. Lehen aipatutako funtzionalitatea eta tekla konbinazioak Google Chromen eta Safarin ere erabili ahal dira. Google Chromen menu barran ere Aukerak atalaren barnean Zoom ezaugarria ere aurkitu ahal da eta Safarin, menu barrako Bistaratze aukeran, handitu, txikitu eta jatorrizko tamaina aukerak erabili ahal dira, letra soilik handitzea ere ahalbidetzen du. MS Internet Explorerren ere Ctrl gehi + eta Ctrl gehi – teklak erabili ahal dira web orrialde batean zooma handitu eta txikitzeko, aparte, nabigatzaile honek menu barraren Orrialdea aukeraren barnean Zooma ezaugarria ere badago. Kasu honetan, nahi den letra tamaina ere zehaztu ahal da eta ez web orrialde osoaren zooma, Letra tamaina ezaugarrian: oso txikia, txikia, ertaina, handia edo oso handia aukeratu daiteke.

Sistemek eskaintzen dituzten baliabideak

Sistemek ere eskaintzen dituzte pantaila irakurleak edo pantailan zoom egiteko baliabideak. Ubuntun eta GNU/Linux Gnome mahaigainetan, orokorrean, Sistema aukeraren barnean, Hobespenak atalean Teknologia Laguntzaileak azpiatala ikusi ahal da. Aukera horren bitartez, irisgarritasunerako laguntzak konfiguratu ahal dira: pantailan zooma egiteko lupa aplikazioak, pantailako teklatuak, teklatuaren eta saguaren erabilerraztasunak, eta abar. MS Windows sistemetan, Kontrol Panelaren barnean Irisgarritasuna aukera ikusi ahal da. Mac Os X sistemetan, Sistemaren Ezarpenak aplikazioan Iriste Unibertsala aukera ere eskaintzen da hainbat laguntza konfiguratu ahal izateko.

One Response to Irisgarritasuna Interneten eta teknologia berrietan

  1. Pingback: Zibergela » Hardware irisgarritasuna

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>