Egun, pixkanaka-pixkanaka, ordenagailu batekin lan egiteko joera, lokaletik, hodeira bilakatzen doa. Alegia, gero eta gehiago erabiltzen diren aplikazioak, edukiak edo dokumentuak, Interneten daude, PC batean egon beharrean. Honek, mugikortasuna eta berehalako erabilgarritasuna ematen du. Alde batetik, etxeko ordenagailutik, bulegoko ordenagailutik, ordenagailu eramangarritik, netbooketik, edo sakelako telefonoak bezalako gailuetatik, dokumentu, informazio edo askotan aplikazio bat eskuragarri eduki ahal du erabiltzaileak. Horretarako, Internet konexio bat baino ez da beharrezkoa. Dokumentu edo fitxategi ezberdinak, leku ezberdinetatik eta momentu ezberdinetan eskuragarri eduki eta landu ahal izatea ekartzen du honek. Eta batzuetan, beste erabiltzaile batzuekin partekatzea ere posiblea da, soilik irakurtzeko edo, idazteko baimenarekin, pertsona ezberdinen artean osatzeko.
Hala, bada, Google docs, oso baliabide jatorra da horretarako. Erabili ahal izateko, Google erabiltzaile eta pasahitza edukitzea eta http://docs.google.com helbidea Internet nabigatzailean idaztea besterik ez da behar. Google docs oraindik ez dago euskaratuta.
Dokumentuak edo idazkiak lantzea
Informazio mota ezberdinak kudeatzea ahalbidetzen du Google docs baliabideak. Dokumetuak edo idazkiak da haietariko bat. Dokumentu bat sortzeko, “Sortu berria” eta agertzen den menuan “Dokumentua” aukerari sakatu behar zaio. Hori eginda, on-line testu prozesagailua zabalduko da, MS Word edo Open Office Writer baino xumeagoa, baina, nahiko osatua, testu formateatuak sortzeko.
Behin dokumentua sortuta hainbat aukera eskaintzen ditu Google docs-ek: aldaketa historikoa ikustea; izena aldatzea; kopia bat sortzea; HTML, Open Office, PDF, RTF, MS Word edo testu bezala deskargatzea; inprimatzea. Hauek guztiak “Fitxategia” aukeretatik egin ahal dira.
Testua HTML eta CSS bezala ere editatu daiteke eta dokumentu orrialde edo web orrialde bezala ikus daiteke idazkia. Bestetik, marrazteko baliabide bat ere badu eta marrazkiak txerta daitezke honen bitartez. Halaber, loturak, irudiak, karaktere bereziak, taulak, iradokizunak, oharrak edo orrialde jauziak txertatu daitezke. Era berean, goiburukoa eta orri-oina ere jarri eta editatu ahal da.
Beste hizkuntza batzuetara ere itzul daiteke dokumentua eta ortografia zuzentzailea du, idazten den bitartean ortografia egiaztatzen joaten da. Aukera hauetan, hala ere, euskara ez dago eskuragarri. Hitzak, karaktereak eta esaldiak ere zenbatzen ditu eta beste datu estatistikoak ere ematen ditu, esaldiko batez besteko hitz kopurua, esaterako.
Aurkezpenak
Aurkezpenak ere sortu ahal dira Google Docs-en bitartez, horretarako “Sortu berria” botoiari sakatu eta irekitzen den menuan “Aurkezpena” aukeratu egin behar da. MS Power Point edo Open Office Impress aplikazioetan bezalako editore bat agertuko da orduan, aurkezpenak sortzeko diapositibaz diapositiba.
Behin sortuta, gainera, deskarga daiteke PDF, Power Point edo Testu formatuetan. Aurkezpenak on-line erakustea baimentzen du eta hizlariaren oharrak ere ikusgai jar daitezke.
Aurkezpenak egiteko gai ezberdinak konfiguratu daitezke, aurkezpenari itxura emateko eta edozein gai aukeratuta ere, atzeko irudia edo kolorea aldatu daiteke edozein momentutan.
Testuak, irudiak, bideoak, marrazkiak edo taulak txertatu daitezke. Era berean, posiblea da beste diapositiba batzuk inportatzea sortutako beste aurkezpen batzuetatik.
Kalkulu orriak
Kalkulu orriak egitea ere ahalbidetzen du Google Docs-ek, Excel, Open Office Calc eta CSV formatuetatik inportatu ahal dira datuak eta era berean, PDF, HTML eta lehen aipatutako formatuak bezala deskargatu ahal dira Google docs-en sortutako kalkulu orriak. Beste fitxategi motetan bezala, aldaketa historikoa ere ikus daiteke, eta hortik, kalkulu orrian aldaketa unean zegoen bezala erakusten da eta, era berean, zein momentutan aldatu den azaltzen da.
Kalkulu orriak sortzeko, “Sortu berriari” sakatu eta “kalkulu orriak” aukeratu. Hori eginda, MS Excel edo Open Office Calc bezalako aplikazioetan agertzen den kalkulu orria agertuko da. Hemendik, orri ezberdinak, kudeatu ahal dira, formulak, irudiak, marrazkiak, gadgetak eta grafikoak txerta daitezke. Formularioak ere sortu ahal dira eta taulak ordenatu nahi diren irizpideen arabera.
Formularioak
Formularioak galdeketekin ere sor daitezke eta posta elektronikoz bidali ahal dira edo webgune batean txertatzeko aukera ere eskaintzen du. Gero, ikus daitezke erantzunak era ezberdinetan
Beste aukera batzuk
Google docs-ek ahalbidetzen du on-line sortzen diren fitxategi ezberdinak karpetaka antolatzea eta hainbat fitxategi batera deskargatzea zip formatu konprimituan. Era berean, karpetak koloreztatu daitezke hobeto bereizteko. Eta orain dela gutxi, edozein fitxategi mota igotzeko aukera ere gaitu dute, beraz, fitxategi biltegia ere izan daiteke, irudiak edo pdfak gordetzeko, esaterako, beste dokumentu motekin batera.