Office Mobile, debalde iPhone eta Androidetan iPaderako estreinaldian

Office-iPad-tabletsOffice Mobile da Microsoften bihotzeko bulegotika paketearen estreinako jauzia Windows ez den plataformetara. IPhone eta Android telefonoetarako bertsioen atzetik, orain iPaderako egokitu eta erabat aberastu izana da albiste. Iragan astean eman zuen horren berri Microsofteko agintari berriak, Satya Nadellak. Lanerako erosoagoa den tabletara jauzi egin eta eskaintza hedatzea da xedea. Bide batez, Appleri bere plataforman bertan lehiatuz erronka egitea.

Deskargatzean Word, Excel eta Powerpoint aplikazioak jasotzen dira. Paketean ohikoa den Outlook posta elektronikoko bezeroa eskaintzatik at utzi dute oraingo honetan. Baina txundigarriena ez da hori, sakelakoetarako Office Mobile dohainik jartzeko erabakia baino.

Doakoa, ñabardurekin

Ez du hautu propioz egin, lehiakideek hala beharturik baizik. Eta, hala eta guztiz ere, dokumentuak ikusteko eragozpenik egon ez arren, editatzeko aukera guztiak beharrez gero, Office 365 harpidetza ordaindu beharra dago. Hilean 9,99 euro edo urtean 99,99 euro ordaindu beharrekoa. Tabletaren kasuan, mugak harago doaz, eta dokumentuak ikusi baino ezin da egin doako eskaintzarekin. Telefonoen bertsioa, berriz, osorik balia daiteke; baina tresna bera da mahaigaineko edo iPadeko bertsioak baino aukera gutxiago dituena. Esaterako, eranskinak txertatzeko edo taulak doitzeko aukerak falta zaizkio.

Applek iWorks eta Googlek QuickOffice doako egin ostean, Microsoften erantzun lasterra espero zuten askok. Orduan, Zibergelan ere jardun genuen tableten bulegotika aplikazioetako lehiaz: http://zibergela.bitarlan.net/2013/10/17/quickoffice-bulegotika-aplikazioa-doakoa-egin-du-googlek/.

Gainera, enpresek zein erabiltzaileek nahiago dute Dropbox edo Drive erabili dokumentuak gordetzeko. Egoera irauli eta Office Mobilek sortutako olatua aprobetxatzeko asmoz, OneDrive lehenetsi dute. Ondorioz, Internet sarbidea edo seinalea ezinbestekoak dira gordetzeko. Kopiak lokalean biltegiratzea gabezia latza da.

Ikusteko dago zeinek irabaziko duen telefono eta tableten norgehiagoka, baina, horrela, Microsoftek gehiago estutu du lehia. Erabiltzaileen mesedetan, bistan da.

iPaderako aplikazioak banaka aurki daitezke, bilduman izan beharrean: Microsoft Word for iPad, Microsoft Excel for iPad eta Microsoft Powerpoint for iPad sekulako arrakasta izaten ari dira. Telefonoetarako, berriz, deskarga bakarrean eta doan dago Office Mobile App Store eta Google Play lekuetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>