Bulegotika aplikazioen merkatua puri-purian dela ez dago zalantza egiterik. Applek iWork bulegoko aplikazio bilduma eskuragarri jarri zuten sarean (http://icloud.com/), nahi den nabigatzailetik dokumentuak sortu eta eguneratzean gailu guztietan sinkronizatu ahal izateko. Cupertinoko enpresan ez da ohikoa horrelakorik, baina zerbitzua gainera doan lor daiteke iOS gailu berri bat aktibatzen bada orain.
Ordainetan odolkiak jaso dituzte Applen, eta Googlek telefono eta tabletentzako Quickoffice aplikazioa doako egin du. Ez hori bakarrik: aldi baterako eskaintza ireki du, urriaren 26a aurretik hura deskargatzen duten erabiltzaileek bi urtez 10GB gehiago jaso ditzaten Google Drive zerbitzuan. Artean, mugimendu horiek guztiak ez dirudite Microsoft larregi asaldatzen dutenik. Eta Office Mobile aplikazioaren deskarga doakoa den arren, ordainpeko Office 365 sareko zerbitzuan harpidetu beharra dago smartphone eta tabletetatik erabiltzeko.
Saltsa horretan, onuradunak, Quickoffice bulegotika suite txukuna doan jaso duten iOS eta Android erabiltzaileak dira. Sareko Google Drive zerbitzuarekin sinkronizatzen da dokumentuak sortu, gorde eta editatzeko. Eta egun besterik dagoen arren, gehien hedatuak izateari eusten dien Microsoft Office bildumako formatuetan lan egitean du berezitasuna. Hau da, Word dokumentuak, Excel kalkulu orriak eta Powerpoint aurkezpenak erabiltzeko pentsatutako aplikazioa da. Bestela, PDF erako dokumentuak irekitzeko, posta bidez fitxategiak eransteko edota Google Drive biltegiko edukiak partekatzeko ere balio dezake.
Quickoffice aurrerantzean doan dago App Store zein Google Play lekuetan.
One Response to Quickoffice bulegotika aplikazioa doakoa egin du Googlek
Pingback: » Office Mobile, debalde iPhone eta Androidetan iPaderako estreinaldian