Alegiazko diruaren garaia iritsi da

bitcoin batHarreman komertzialen aro berria hasi zen Internetekin. Bilakaera ziztu bizian doa, eta aurreneko Paypal ordainketa sistemei anitzek jarraitu diote halabeharrez, Google Wallet da azken asmakizun aipagarriena. Zinez hautsak harrotzen ari da, baina eredu anarkista duen proposamenaren ildotik dator: Bitcoin du izena.

Bitcoin, mugarria edo utopia?

Peer-to-peer edo P2P teknologian oinarritzen den txanpon digitala da Bitcoin; izen bereko protokoloa erabiltzen duen software esperimentala. Nodo edo sareko puntu bakoitzetik bestera, ordainketak egitea ahalbidetzen du mundu osoan; bata zein bestea nongoak diren aintzat hartu gabe eta bitartekaritan galerarik jasan gabe. Satoshi Nakamoto hacker-a eta ekarpenaren erantzuleak 2008ko finantza krisiaren ondorioz pertsonen dirua politikari eta bankarien amarruen menpe ikusi zuen, eta horregatik erabaki zuen gobernuetatik askea behar zuen dirua beharrezkoa zela.

Bitcoin-ak bitez osatuak egotean, ez dira solido eran eskuan eutsi daitezkeen txanponak, zorro birtual batean gordetzen diren alegiazko hizki eta zenbaki segida baizik. Behin jabetuta, amaraunean ondasunengatik trukatzeko ez dago webgune batera joan eta hartzailearen zorroaren helbidea idaztea baino, adostutako kopurua zehaztuz. Dolar, euro edo bestelako dibisek ez bezala, Bitcoin ez dago gobernuen edo banketxeen babespean (edo gehiegikerien menpe); ordea, eragiketa guztiak jendaurrean erakustea da bermea, iruzurra eta faltsifikazioa saihesteko.

Hedapen bizkorraren atzeko arrazoiak

Jende digitalki sofistikatu, libertario kapitalista edo dibisa egonkorra falta duten herrialdeek mauka aurkitu dute. Bitcoin-en balioan izugarrizko gorabeherak jasaten diren arren —270 dolar (191 euro) balio izatetik 55 dolarretara (42 euro) eror daiteke orduen buruan—, merkatuan dabilen kopuruaren balioa bi bilioi dolarretan ezartzen dute, dibisen merkatua itzultzeko adinakoa. Fenomeno hau pairatzen ari den igoerari jasangaitza deritzote adituek, eta burbuila berri baten sustarrak ezarri direla diote.

Gorakadaren beste arrazoi bat nazioarteko finantza egoera nahasgarriarekiko babes nahian egon liteke. Ez da zoriaren kontua Bitcoin-ak izandako arrapaladako igoera, Zipreko Gobernuak —EBk hala eskatuta— herrialdeko aurrezleen diruak izoztuko zituela iragarri zenean.

Eskuratzeko oztopoak

Ez da samurra Bitcoin bat eskuratzea. 10 minututik behin zozketa moduko bat egiten da, eta bertan parte hartzea bada ere bide zintzoena, bada ordenagailu aurreratu eta algoritmo sofistikatuak garatu dituenik horiek eskuratzeko. Bestela, aukera arrunta mantentzen da: jada badituen bati erostea. Trukerako webguneak badaude jada, dolarrak onartzen dituzte bihurketa egiteko, enkante estilora. Egun, 10 milioi Bitcoin daude merkaturatuta, eta 21 milioitan gelditzeko asmoa iragarri dute balioa egonkortze aldera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>