Non argindarra, hor sarea

PLC gailuakMaiz arazoak sortzen dira sare konexioa etxeko edo enpresaren txoko guztietara hedatzeko. Izan ere, sare kablearen bidezko konexioa puntu zehatz batzuetan baino ezin da egon eta Wi-Fiak ere bere mugak ditu. Distantziak, hormek, interferentziek, eta beste hainbat oztopok ahultzen dute WI-Fiaren seinalea.

Gainera, etxeetan gero eta aisi tramankulu gehiagok behar dute Internetarako konexioa, ordenagailuak, sakelako telefonoak, tabletak, bideo-jokoen kontsolak, multimedia telebistak eta beraz gero eta leku gehiagotan beharrezkoa da Internet edo sarerako konexioren bat.

Bada, artikuluaren tituluan esaten den bezala, non argindarra, hor sarea. Bulego edo enpresa batean dagoen edozein entxufetara, edozein lokiatara sare konexioa eramatea dago. Gainera, era errazean eta ezagupen teknikorik gabe egin daiteke eta gailuak prezio onargarri batean aurki daitezke.

PLC teknologia

Hori egitea ahalbidetzen duen teknologiak PLC izena du, Power Line Comunications ingelesez, komunikazioak argindarraren lineatik, alegia. Beraz, PLC teknologiaren bitartez, jada dagoen azpiegitura bat, argindarraren instalazioa, erabiltzen da Internet eta sarea txoko ezberdinetara hedatzeko. Hala, bada, argindarraren azpiegitura datuak abiadura handian transmititzeko azpiegitura bihurtzen da.

PLC teknologia ez da berria, baina bai azken garai honetan garapen izugarria izan duela etxeetan erabiltzen diren gailuen artean gero eta gehiagok Internet konexioa eskaintzen dutelako, arestian esan bezala.

Nola dabil

Sare hauek oso era erraz batean instalatzen dira. Alde batetik, gailu txiki bat sare kable batekin ohiko routerrera konektatzen da eta gailu bera edozein entxufetan sartzen da. Hori eginda badago sare konexioa argindarraren linean. Beste aldetik, sarea jarri nahi den lekuetan antzeko gailuak jarri behar dira edozein entxufetan. Gailu hauek, sare konexioa daukate eta beraz, sare kablearekin edozein gailu konekta daiteke. Halaber, gailu hauetariko batzuek sare konexioaz gainera Wi-Fi konexioa ere eskaintzen dute, beraz, horien bitartez Wi-Fi estaldura ere zabaldu daiteke. Wi-Fia eskaintzen duten gailuak sare konexio hutsa eskaintzen dutenak baino garestixeagoak dira.

Routerrera konektatzen den gailua zein beste lekuetan konektatzen direnak sinkronizatu behar dira, horretarako normalean nahikoa da bi gailuetan dagoen botoi banari sakatzea.

Hauetariko gailu batzuek web bidezko konfigurazio aplikazioa eskaintzen dute, beraz nabigatzaile batekin lehenetsita datozen hobespen batzuk alda daitezke.

Ezaugarri orokorrak

Egun saltzen diren gailu gehienetan 200MBko abiadura agintzen dute fabrikatzaileek, baina abiadura hau normalean ez da erreala izaten eta abiadura txikiagoa lortzen da. Hala ere, ohiko sare lokal gehienek 100MBeko abiadura dute, gutxi batzuek 1GBeko konexioa badaukate ere. Beraz, 200MBko abiadura iritsi ez arren, oso abiadura jatorra da.

PLCra konektatzen diren ordenagailuak ez dira konmutadore eran konektatzen, switch edo etxean erabiltzen diren routerren kasuetan bezala, baizik eta konzentratzaile eran, hau da, hub gailuen kasuan legez. Nolabait azaltzeko, PLCren bitartez sarera konektatuta dauden gailu guztiek bide bakarra partekatzen dute beren datu transferentzia guztietarako, etxeko routerrean edo switch batean, ordea, gailu bakoitzak bere bidea du eta switchean kozentratzen eta zentralizatzen dira datu transferentziak.

Fabrikatzaileak

PLC eta PLC Wi-Fi fabrikatzaile asko daude eta batzuk oso ezagunak dira dagoeneko sareen arloan, besteak beste: D-Link, Lynksys, Hercules, Sitecomp, TP-link, Level One, Conceptronic, Devolo, Netgear edo Belkin dira ezagunenetarikoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>