Mozilla WebRTC: laster, deiak nabigatzailetik telefonoetara

20130320-222039.jpgBartzelonan ospatutako Mobile World Conference 2013an iragarri zuten Mozilla etxekoek garatu bidean daukaten teknologia interesgarri berria: Web Real-Time Communications, edo WebRTC, kode irekian oinarritutako teknologia; webgunearen bidez, komunikaziorako aukera berriak integratzeko sortu dute. Sakelako telefonoetara fitxategiak bidaltzea, deiak egitea eta SMS mezu motzak bidaltzea ahalbidetuko du. Abenturan Ericsson suediarrak eta AT&T amerikarrak batu zaizkie, eta asmoa da Firefox nabigatzaileaz gain, beste browser eta gainontzeko euskarrietarako balioko duen estandarra lortzea.

Garatzeko erantzukizuna W3C erakundeko talde batek hartu du, eta hori beti da estandar berritzaile bat lortzeko bermea. Asmakizunaren abantaila nabariena da gizarteak telefonoen gainean daukan menpekotasuna amaituko duela, baina ez konektatuta egoteko beharraz duen menpekotasuna.

Garatzeko bidean

Internet sarbidea duen edozein nabigatzaile aski izango da komunikazioak egiteko. Hala, bateria edo seinale gabezia ez dira eragozpenak izango ordenagailutik elkarrizketarekin jarraitzeko, bideo konferentziak egiteko edo mezu motz bidez erantzuteko. Horretarako, norbere zenbakiarekin sinkronizatu eta telefonoko agendara ere sarbidea izango omen du zerbitzuak. Horrek zalantzak sor ditzakeen arren, gogoratu Applen iCloud hodeiko zerbitzuak ere aspalditik gordetzen dituela kontaktuak haien zerbitzarietan, segurtasun kopia gisa bada ere.

Gainera, era natiboan ibiliko da WebRTC; nabigatzailean inolako gehigarri edo plugin-ik instalatu beharrik gabe, hain zuzen ere; eta HTML5 teknologiaren erabilerari esker, ziurrenik.

Ezin da ahaztu, sakelakoek ere nabigatzaileak dauzkatela, eta ondorioz, onuradun zuzenak izango direla telefonoetarako Ubuntu OS eta Firefox OS sistema eragile berriak. Adi egon beharko da albisteetara; izan ere, hastapenetan dagoen proiektua besterik ez da gaur-gaurkoz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>