GPS ibilbide eta interesguneak partekatzen dituzten erabiltzaileen komunitatea da Wikiloc. Milioi erdi erabiltzaile dira mundu osoan, milioi bat pasa ibilbide jarri dituztenak edonon, eta nahi duenarentzat eskuragarri daudenak. Hortaz, ibilaldien aukera oso zabala dago haien atarian, kokapenaren nahiz egitekoak diren moduaren arabera sailkatuak: zaldiz, bizikletaz, oinez, motorrez, eskiekin, eta abarrez egitekoak. Ez dakar informazio hori bakarrik, baizik eta jarduera bakoitzaren zailtasuna, ibilbidea erakusten duten eta kolorez nabarmenduta dauden mapak, kilometro kopurua, desnibela, argazkiak, eta beste hainbat informazio gehigarri.
Mendizale amorratuentzat edo tankerako jarduera fisikoetan oso arituak ez direnentzat baliagarria suertatuko da bereziki sakelakoetara moldatutako aplikazioa; iPhone eta Android euskarridun smartphon-entzat egina. Horrela, geokokapenaz baliatuta, posible izango da uneoro ibilbidearen aterketa zuzena egitea; jarduera berri bat egiten bada, horren ibilbidea erregistratu eta besteentzat eskuragarri jartzea sarean; edo egitekoaren zehaztapenak kontsultatzea martxan eta abisuak jasotzea, bidegurutzean okerrik ez egiteko. Horretarako, norbere helbide elektronikoarekin erregistratu besterik ez dago, eta egin nahi den jarduera bilatu webgunean: bat aukeratu , Internet nabigatzaileko helbidearen ‘id=’ osteko zenbakiak apuntatu, eta sakelako aplikazioan ID bidez jarduera aurkitzeko atalean zenbaki hori sartu behar da. Bestela, geokokapenarekin telefonoko aplikaziotik eskaera egin daiteke, hurbilen dauden ekintzak bistaratzeko. Interneterako sarbidea dagoen artean sakelakora ekartzea komeni da, gero konexio gabe erabili ahal izateko mendian.
Wikiloc dohainik dago eskuragarri App Store eta Google Play dendetan, oinarrizko funtzioekin. Aplikazioa oso-osorik baliatzeko, gehigarria jaitsi beharko da, hiru euroren truke. Bestela, nahiago izanez gero GPS gailurako fitxategiak eskuratu edo zuzenean ordenagailutik ibilbidea ikusi, haien webgunera joan behar da: http://eu.wikiloc.com.