Sarean nabigatzen dugun bitartean, hainbat webgunek nondik nora gabiltzan zelatatzen dute, eta gero partekatu egiten dute gure baimenik gabe lortzen duten informazioa. Facebookek, Twitterrek, Googlek eta antzeko beste hainbat enpresak horrelakoak egiten dituzte.
Nabigatzen dugun bitartean, hainbat webgunek cookie izeneko informazio fitxategiak (ingelesez, galletatxoa) gordetzen dituzte gure ordenagailuan. Cookie horietan dagoen informazioari esker, Facebooken moduko enpresa batek nondik nora ibili garen jakin dezake, eta, informazio horrekin, iragarki eskaintza pertsonalizatua egin diezaguke Facebooken bertan. Horrelako praktikekin, printzipioz, pentsa daiteke mundu guztiak irabazten duela: erabiltzaileak beretzat interesgarriak izan daitezkeen produktuen eskaintzak jasotzen ditu; iragarkia jarri duen enpresak badaki bere iragarkiak bezero interesatuen aurrean agertuko direla; eta Facebookek eta halako enpresek diru gehiago jasotzen dute iragarkiak jartzen dituzten enpresetatik, beren publizitate plataforma eraginkorragoa delako.
Hala eta guztiz ere, ukaezina da baimenik gabe zelatatzen dela erabiltzailearen nabigazioa eta, beraz, haren anonimotasunaren aurkako praktikatzat jo daitekeela. Erakundeen artean, Europako Batzordeak egin ditu ahaleginik handienak erabiltzaileen pribatutasuna defendatzeko orduan. Cookie-ak erabiltzea baimentzen badu ere, ez du onartzen cookie-etan gorde daitezkeen informazio batzuk gordetzea erabiltzaileak horren berri izan gabe.
Hori aintzat hartuta, webguneetan modu argian azaldu behar lukete zer informazio gordeko duten cookie euskarrietan, eta zertarako erabiliko duten informazio hori. Dena den, arau horrek ez die eragiten cookie guztiei; esaterako, webgune batean kontua hasi eta han sartuta mantentzeko erabiltzen diren saio cookie-ak salbuespena dira. Europako Batzordeak jasotako jokabide horiek oraindik ez dira lege bihurtu.
Aurrekoa irakurrita, pentsa daiteke nahikoa izango litzatekeela cookie-ak erabiltzea debekatzea gure intimitatea gordetzeko —nabigatzaileetan ezar daiteke neurri hori—, baina, lehen esan bezala, cookie-ak oinarrizko osagaiak dira ezagutzen ditugun web aplikazioek funtziona dezaten; eta, beraz, gure nabigatzailean cookie-en erabilpena desaktibatuko bagenu, ez genuke posible izango hainbat gauza egitea; esaterako, saioa hasten dugun hainbat webgunetan saio barruan mantentzea. Bi cookie mota gordetzen dira gure ordenagailuan: saio cookie-ak eta cookie iraunkorrak. Lehen motakoak dira beharrezkoak, eta bigarrenen erabilpen jakin batek ematen du modua gure nabigazioaren arrastoa ezagutarazteko.
Nabigazio arrastoaren berri
Gure nabigazio arrastoa nola lor daitekeen azaltzeko, adibide bat erabiliko dugu. Gure nabigatzailean BERRIAren orriari bisita egiten diogunean, erakusten zaigun orrian, BERRIAk sortzen dituen edukiez gain, beste iturri batzuetatik datorren informazioa ere ematen zaigu; esaterako, Youtubetik eta Facebooketik datorrena. Gero, Sustatu bisitatzen badugu, Facebooketik eta Youtubetik datorren informazioa ere jasoko dugu.
Youtuberentzat, teknikoki posible da jakitea erabiltzaile bat Berria.info eta Sustatu.com webguneetan ibili dela, eta, horren arabera, nolabaiteko pertsonalizazioa eskain diezaioke erabiltzaile jakin horri erakusten dion informazioan; lehen esan bezala, iragarkiena da pertsonalizazio saiorik ohikoena.
Babesteko moduak
Nabigatzean uzten dugun arrastoaren berri jakiteko, Firefox nabigatzailean Collusion izena duen gehigarri bat instala dezakegu. Modu grafikoan ikus dezakegu gure cookie-etako datuak nork balia ditzakeen .
Gure nabigatzaileek gordetzen dituzte cookie horiek; beraz, nabigatzaileek ematen dituzten baliabide eta gehigarriak erabili beharko ditugu gure pribatutasuna defendatzeko. Mozilla Firefoxek ematen ditu bere ezarpenetan jarraipena eragozteko neurriak, pribatutasun fitxan, «esan webguneei nire jarraipenik ez egiteko» aukera gisa. Appleren Safari nabigatzaileak ere modu lehenetsian blokeatzen ditu hirugarren parteen cookie-ak, eta ezarpenetan aurki daiteke aukera hori, pribatutasun fitxan.
Beste nabigatzaile batzuetan (Internet Explorer, Googleren Chrome), «nabigazio pribatua» aukera ere balia dezakegu, baina kontuan hartu behar da historia ez dela gordeko gure nabigatzailean eta nabigatzailea itxi eta berriz zabaltzean berriz ere saioa hasi beharko dugula hainbat webgunetan.
Disconnect izena duen gehigarria ere erabil dezakegu Facebookek, Googlek, Twitterrek, Diggek eta Yahook gure jarraipena egin ez dezaten. Firefox, Chrome eta Safari nabigatzaileetan dugu eskura gehigarri hori.