Google+ sare soziala

Googlek 2011. urtean plazaratu zuen sare soziala da Google+. Sare sozial gehienetan bezala, edonork bere profila sor dezake, eta beste pertsona batzuekin mezu, argazki, solasgune eta bestelakoak parteka daitezke. Hasiera batean, gonbidapen bidez bakarrik erabil zitekeen sare sozial hori, baina 2011. urteko irailetik hona, sare sozial irekia da. Beraz, pertsona edo enpresek beren profil edo orriak sor ditzakete bertan.

Google+ aurkeztu eta bi astetara, 10 milioi erabiltzaile zituen sare sozial horrek; lau astetara 25 milioi, eta 2011ko urrian, Googleren CEO Larry Pagen esanetan, 40 milioi erabiltzaile batzen zituen. Erabiltzaile kopuru handi horren zergatia azaltzeko, hau ere kontuan izan behar da: Googlerekin kontu bat duen edonor —Gmail posta zerbitzuaren erabiltzailea edo Google Appsen erabiltzailea den oro— Google+ sare sozialaren erabiltzaile gisa zenbatzen dute. Izan ere, Googleren kontua duen edonork Google+ kontu bat baitauka. Beraz, Googlek sare sozial honek kontu asko dituela lau haizeetara zabaldu arren, agerikoa da erabiltzaile horietatik ez direla denak Google+ sareko erabiltzaile aktiboak; askok ere ez dakite Google+ kontua dutenik.

Zenbait komunikabidetan agertu denez, Googlen lanean aritutako zenbait langile ohiren aburuz, Googlek Facebooki aurre egiteko ahaleginean, porrot handia izateaz gain, izugarriz- ko diru galerak izan ditu, eta enpresa barruko giroa erabat ozpindu omen da. Hori dio, behintzat, James Whittaker delako batek bere blogean (http:// bit.ly/x1BwcP).

Google+ Googleren aplikazioen alde soziala osatzen duen zerbitzua izatea nahi dute. Apurka-apurka Googlek dituen zerbitzu guztietan agertuz doa: bilatzailean, Gmail posta zerbitzuan, Google Talken, Docsen, Picasa argazki bilduman, YouTuben, Mapsen, Android sistema eragilean… Adibide gisa: Googleren bilatzaileak eskaintzen dituen emaitzetan, berriki [+1] botoia erakusten da. Facebooken Atsegin dut botoiaren parekoa da, eta bertan klik egiten badugu, gure hautua Googlek kontuan hartuko du bere bilatzaile sozialean eskainiko dituen emaitzetan.

Esaterako, bidaia bat antolatzeko tenorean hotel bat topatzeko honako bilaketa hau egiten badugu Googlen: kanpina Santa Grazin. Ohiko emaitzez gain, etorkizun hurbilean, Googlek gure Google+ sare sozialean lagun ditugunak honen inguruan esandako, erositako edo ateratako argazkien berri emango digu; hau da, gure bilaketaren emaitza soziala eskainiko digu.

Facebookekin duen aldea

Diferentzia nagusia da Google+ jada oso ezagun eta erabiliak diren hainbat zerbitzutan integratzen dela; lehen aipatu diren zerbitzu horietan guztietan, hain zuzen ere: gmail, picasa, google docs, google maps, eta abar. Facebookek, sortu zenetik bere inguruan hainbat zerbitzu sortu ditu, baina ez du Googlek bere inguruan sortutako zerbitzu eskaintza zabala. Adibide gisa, Google+ sarean, posible da bederatzi pertsonaren artean zuzeneko bideo batzarrak egitea (hangout deritzetenak). Batzar horietan, laguntza gisa, dokumentu baten edukiak zuzenean editatu daitezke, edo batzarkideetako batek bere mahaigaina parteka dezake beste batzarkideei zerbait erakusteko.

Sare batek zein besteak eskaintzen dituen zerbitzutik haratago, biak ala biak oso antzekoak dira.

Google+ sarean nola hasi

Sare sozial honetan lehen pausoak emateko, beharrezkoa da Google edo Google Apps kontu bat izatea. plus.google.com helbidera joanda, saioa hasi beharko duzu bertan zure Google kontuarekin. Saioa hasita, zure profila bete beharko duzu, eta, ondoren, Google+ kontua Picasarekin lotzeko baimena eskatuko zaizu (azken pauso hori ez da ematen kontu berriekin).

Google+ sarera sartuko garen lehen aldian, morroi batek gure zirkuluak osatzeko iradokizunak eskainiko dizkigu. Zirkuluak kontaktuak antolatzeko modu bat dira, eta informazioa partekatzeko orduan, zirkulu jakin batean edo batzuetan dauden kontaktuei informazio hori helarazteko aukera izango dugu. Modu berean, zure zirkuluetan dagoen jendeak esaten duenaren berri izan dezakezu, Twitterren egiten den modura. Google+ sareak modu lehenetsian hainbat zirkulu eskaintzen ditu (lagunak, familia, ezagunak), baina gure esku dago zirkulu berriak sortzea.

Sarean sartzean, korronte edo hariko mezuak dira ikusten dugun lehen gauza; Facebooken horma esaten zaion gunea, hain zuzen ere. Bertan, zure mezuak bidal ditzakezu eta zure zirkuluetakoek zuretzat ikusgarri jarri dituzten mezuak ere atzitu ditzakezu.

Hortik aurrera, zure esku dago sare sozial honek eskaintzen dituen zerbitzuei probetxu ateratzea!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>